Literaturak profeta izan behar ote du?
(Literatura, artea eta gure gaurko gizartea, edo halako zerbait)
Joakin Balentzia
«Nola egin daiteke ezer egiazkorik, errealitateari, egiari eta inguruneari uko eginez? Nola idatz daiteke, zapalduen izenean, zapalduek problemarik ez balute bezala? Edo, hobeki agian: nola idatz daiteke Euskal Herrian zapaltzaile diren nazio eta klaseen ikuspuntutik, eta zapalketaren laguntzaile gertatu gabe? Hori miraria!»
Horrela bukatzen du Txillardegik bere artikulua «Argia» astekarian. («Primum vivere», 1.057. zenbakian). Berak izenik aipatzen ez duenez gero ez naiz sartuko inoren defentsan eta ez inoren kontra ere. Ene hausnartze partikularra da eta. Beste aldetik ez dut uste nik «Donostian txiripa hutsez jaiotako notario-seme ondasuntsu baten» problema denik. Edo eta hori baino askoz garrantzitsuago interesatzen zaidana da hain zuzen ere.
1. Zenbat historia, hainbat galdera.
Literatura, artea, zertarako? Zer da literatura? Izenburu honekin J.P. Sartre-k idatzi zuen orain dela ia berrogei urte saiakera interesgarri bat, baina galderak irauten du, hots: Idazleak zapalduen izenean mintzatu behar du? Sartre-ren erantzuna nahiko iragana bait dago, ez denboragatik bakarrik, baizik eta mamiagatik ere. Zer da egiazkoa artean, literaturan? Non geratzen da errealitatea artearen konbentzioetan? Literatua eta gizartea, zer harremanetan?
Nolabait hasteko artea kontsidera daiteke biziaren serbitzuan dagoen arnasa, kontsolamendu eta mezuaren gisa. Erran daiteke oinazearen liberaziora laguntzen dutela literaturak eta arteak oro har. Zentzu honetan Joseba Sarrionanindiak ederki dioenez: «Oihal hori da literatura, bizitzak egiten dizkigun kalteen aurkako babesa» («Ni ez naiz hemengoa» liburu berrian), Philomelaren mito grekoan agertzen den bezala. Ez denbora pentsatzekoa soilik, bizia ahaztekoa ezta ere. Cervantes-en «Don Quijote»-tik Kafkaren «Gaztelua»-ra arte literatura, artea bezala, ezin dugu ezabatu beraren bidez aurkitzen bait dugu gure biziaren kontzientzia berehalako kontsolamendu ez eduki arren.
Baita gaurko artearen forma tragikoak (Kafka dugu ikusmoldea), gizakiaren egoerarik etsituena erakusten duena, zentzu hori mantentzen du ere, zera: onartzerakoan kontaezinezkoa nolabait azal daitekeela eta horregatik ulertu eta neur daitekeela. Miseriari buruzko kontzientzia edukitzerakoan gaindi dezakegu botere ezkutatuen obra bezalako mehatxatzen gaituena. Horrela, geuk errateko kapazak ez izan arren, ahalmen gehiago badugu sufrimendua, biziaren kalteak gainditzeko.
2. Artea, ezagumenduaren iturri berezi bat.
Artea ezagumenduaren iturri bat dela garbi dago eta presezki bera hasten dela artea izaten zientziaren egia hutsetik apartatzen denean. Nahiz eta biak elkarrekin erlazionaturik izan, artea ez da presezki errealitatea ikasteko zientziak egiten duten eran. Artea fikziozko gauza da. Ez da gizakiaren lehenengo lengoaia. Ulergarria bai, anitzek ulerturik, komunikazioaren moldea, adierazpena, eta bere erabilgarritasuna datza ulertzeko modu konbentzionaletan, era tazituz onartuak.
Zientziak hitz egin dezake dakienari buruz; artistak, berriz, ez. Bere moduz experimentatzen eta jakiten duena literatuak ia inoiz ez dezake erran eta inoiz ez osoki. Artistak konprenarazi du bere burua zeiharka, azaldu nahi dituen bizipenetatik kanpoko era estrainioen bidez, beti gutxigorabeherako modu desegokiez, jeroglifiko eta klabeen laguntzarekin. Hementxe datza distantzia estetikoaren arazoa hain zuzen. Erromantisizmoak aurkitu zuen hori baina ez zen erabat konturatu distantzia hori baliagarria izan daitekeela adierazpenaren kalitatearentzako.
Orduan erromantikoa da «arimen harreman zuzenez» sinestea artearen bidez, distantzia estetikoa, konbentzioak eta arte tartekoekin nolabait ukatuz.
Biak dira premiazkoak: bai berezko eta berehalako bizipena bai adierazpena, komunikazioa, bizipenen antolaketa: nahiz espiritua, gorputz batean moldatzen dena ikusgarri eta helgarria izateko, nahiz gorputza, ikusgarri eta ukigarria, sentikorki eragingarri eta neurgabea, sartezina espirituarentzat dena, asmo zatitu honexetan artearen arazo formala datza.
3. «Aktorearen paradoja». Artistak ikusi bebar du ez sentiduekin, sentimenduen, «imago», itxurarekin baizik.
Erran daiteke bizipen hutsa erabat berezko eta subjektiboa, konbentziorik gabe, asmakeria hutsala, pentsamendua abstraktua dela artean, errealitatearekin ezer ikusirik gabe. Diderot-ek aurkitu zuenez «aktorearen paradoja» kontzeptuaren pean artistak sentitzen dirudiena eta egiazki sentitzen duenaren arteko kontradikzioa dago.
Hauxe da ilusio artistiko guztiaren oinarrizko baldintza, hots: artistak ikusi behar duela bere produkzioan ez sentimenduekin, sentimenduen ideia, «imago», itxurarekin baizik. Literaturak, adibidez, ez du premiarik zuzen zuzen bere obren mami sentikorra esperimentatzen, asasino edo eroa izatea beharrik ez duen bezala asasino edo ero bat deskribatzekotan. Irudizko sentimenduek sor dezakete oso efektu konbentzigarria itxura egokia mantentzen bada literatur obran. Haatik egizko sentimenduek ez dute konbentzitzen itxura, tonu faltsua nahasten bada, ñimiñoa izan arren.
Labur errateko: berezkotasuna, sentikortasuna balore moralak dira ez estetikoak. Bai, azken finean eta funtsean, naturan nahiz artean emaitza da bi faktore desberdinen produktua, zera: barneko egoera eta kanpoko baldintzak, eragingarri mordoarena, alegia.
Berezko sentimenduen eta tradizio formen arteko tentsioa batetik eta bestetik forma orijinalen eta sentimendu konbentzionalen artekoa aurrerapen artistikoaren indar higierazlerik efikazenetarikoa da. Bi eite hauen arteko kontradikzioa arte-historiaren dialektika maizen eta iraunkorren martxan jartzen duen motorra da.
4. Euskara, geure oinarrizko eta ezinbesteko konbentzioa.
«Espiritu hil guztien tradizioak bizien garunetan
ameskaitzaren antzera irauten du» (Karl Marx).
Hemen sar daiteke euskararen problema, geure konbentzio zaharra eta berria, maitea eta gorrotatsua, oinarrizko eta ezinbestekoa euskal kulturarentzat. «Espiritu hil guztien tradizioak bizien garunetan ameskaitzaren antzera irauten du» (K. Marx-ek dio, «Brumario 18a» obran). Zer zentzutan har dezakegu esaldi hori? Tradizioaren kontrako baieztapen hutsaren antzera? Ez pentsa. Marx-ek, dialektikoa izanik, zehazki bazekien tradizioa, eragin negargarriak izan arren, aurrerabiderako faktorea berriztapen gogoa bezain inportantea dela. Berriztapena, historiaren mugimendua oro har, tradizioa dagoenean ematen dela, aurrerabideak eta aurrerakuntzak zentzua hartzen dutela tradizioen iraupenei atxikirik.
Kontuz hartu behar dugu gizarte eta kultura baten historia-prozesu oro bat dela aurrerabidearen une guztiak elkarturik koerlazio batean agertzen. «Gizakiek egiten dute beren historia, baina puska libreez ez eginik, beraiek aukeratzen dituzten zirkunstantzietan ezta ere, baizik eta zuzenki emandako zirkunstantzia topatu eta besterenganatuetan» (K. Marx-ek berriz ere). Gizakiok ez gara txontxongiloak, noski, ekinez eta dezisiboki eragiten bait dugu gauzen martxan baina aurkitzen ditugun «zirkunstantziak» ere elementu ezinbestekoak dira gure historia egitekotan. Hauxe da euskararen arazoa literatura aztertzerakoan hain zuzen ere. Bera dago erabat atxikia Euskal Herriko historiari atzo eta gaur egun ezinbestez. Euskal literatura hain klerikala, hain pobrea, hain apezen eskuetan betidanik! Baina bera da geure ezinbesteko zirkunstantzia euskal kulturan eta historian aurrerabidea lortzekotan.
Euskaldun berriok, eta zentzu zabal batean denok gara berriok ene ustez, erran dezakegu Marx-ekin berriro: «Hau da hasberria bezala hizkuntza berria ikasi duena: beti itzultzen du bere jatorrizko hizkuntzara, baina hizkuntza berriaren espiritua asimilatzen du eta soilik da kapaza beran libreki produzitzeko bere barnean mugitzen denean zantzurik gabe eta bere jatorrizko hizkeraz ahazten denean».
Honek erran nahi du formak ez direla bakarrik ideia, kontzepzio eta sentimenduen adierazpenak baizik eta nolabait hauen jatorria, iturburua ere. Ez bakarrik hizkuntza, formak eta konbentzioak makurtu, eraldatu eta moldatu behar dira pentsamendu aldakorren bidea bihurtzeko, baita pentsamenduak nolabait «moldatu» behar dira adierazi ahal izateko. Hondarrean, adierazi nahi dugu adieraz daitekeena. Noski, arte-obraren bat sortzeko talentu egokia momentu eta toki egokian behar da. Dena ez da posible edozein momentutan edo eta posible dena ez du edonork egiterik.
5. Kultur mailan stalinismo berri batean, kontuz ez erortzeko!
Lehenago aipatu dudanean «pluskuanperfekto»aren problema (bitxikeria ez errateagatik) eta euskararen hainbeste arazo linguistiko gogoratzen ditut. Diglosia dugu oztoporik haundienetarikoa gure hizkuntzaren zapalkuntzagatik benetan. Horixe da geure beste zirkunstantziaren bat, lehenbizikoa eta nagusia literatur arloan. Horretan dago euskal idazlearen konpromezua, artearekin konpromezua, eta honen bidez biziarekin, noski.
Norbaitek erran omen zuen polemika honetan euskaraz idaztea iadanik iraultzailea dela gaur egun. Ez da hainbesteraino, pentsa, baina bai halako zerbait erran liteke lehenago azaldu dudan eran.
Beste aldetik kontuz ibili behar dugu kultur mailan stalinismo berri baten pean ez erortzeko, edo klerikalismo berri baten pean, ez dakit. Hartza ehizatu baino lehen bere larrua banatzea astakeria da ezta? Oraindik prestatu behar dugu espedizio haundi bat hartza Euskal Herriaren askatasuna erdiesteko. Bitarte honetan bildu behar dugu indarrak, ez banatu, ahal dugun neurrian. Eta gudarien arnasa, babesa, kontsolamendu eta mezua den literatura indarra da ere herri baten kontzientzia sortzeko, borrokatzeko arma bezala erabiltzen ere.
6. Literatura «hutsa»?
«Tout oeuvre est l'oeuvre de bien
d'autres choses qu'un 'auteur'»
(Paul Valéry).
Literatura «hutsa» izan ote daiteke? Paul Valéry poetak esaldi horren bidez ezetz dio. Eta bera zen poeta puru bat! Artistak nahitanahiez beste gizakiok bezala sozialak dira, gizartearen produktuegilek eta produktuak, hots, ez erabat independienteak edo autonomoak, ezta ere aurretik desustraituak eta alienatuak. Ez dira profetak, gizateria (humanitate) eternal eta batu baten mezulariak. Artistek goikoak eta urrunak besteen aurrean beren burua sentitzen badute ere giza lengoaiaz mintzatzen gizakiei eta gizakientzat.
Indibiduoa eta gizartea adierazpen beraren bi aspektu dira. Gizartean bakarrik imajina daiteke kontzientzia indibiduala eta indibiduoa gizartearen agente bakarra da, beran eragiten dituzten indarren eta tendentzien errepresentante aktibo bakarra. Elementu soziala giza ekintza eta omisio guztiari atxikia dago baina indibiduoa da pentsatzen, sentitzen, egia errekonozitzen eta arte-obrak sortzen dituena gizartearen parte izanik.
Geure euskal gizarteak zer eskatu behar dio idazle, artista bati? Printzipioen deklarazio solemne bat aberria eta sozialismoaren alde ongi idazteko, arte-obrak egiteko, edo eta zapalduen izenean mintzatzeko profeta bezala? Ez pentsa. Ez dut uste. Horretarako daude filosofia bera, politika praktikoa eta zientzia sozialak. Artistari eskatu behar zaio artea egitea, arte-obrak sortzea posible bazaio edo eta «bizitzak egilen dizkigun kalteen aurkako babesak» sortzea bederen. Horretaz gainera dago gizarte oroaren transformazioa, liberazioa denon kontutik. Literaturaren betebeharra pentsa ohi den baino askoz apalagoa da, ez dakit.
7. Nola neur daitezke balore artistikoak?
Beste aldetik erran behar da balore sozialek eta artistikoek ez dutela korrespondentziarik zuzen zuzenik, ez dira elkar aurresuposatzen eta ez dira deribatzen batzu besteetatik. Honek ez du erran nahi balore artistikoek eta giza interesek elkarrekin ez dutela deus ere ikusirik. Soilik erran nahi du kalitate artistikoa ezin dela adierazi aurrerapen politiko eta sozialaren zentzuan.
Adibidez, literatur obra txarra ez da hobe bere egilearen pentsamendua politika eta gizarte mailan aurrerakoia izateagatik. Eta printzipioz artista eskuindar baten obrak ez dira berez txarrak. Hor dugu Borges adibide honen topikoa. Eta alderantziz, berez sozialismoak ez du bihurtzen artista hobea artista sozialista bat, baizik eta demostratu behar du nolabait aurrerakoia dela bere obran bertan. Historian zehar egiazko artearen batasuna aurrerapen politikoarekin demostratu da ilusioa, utopia zela.
Baina egiazko arteak eta aurrerapen politikoak badute lotura bat, zera: oso mugatua izango zen garai iraultzaile baten produkzio artistikoa juzkatzea produkzio eginagatik. Bere kontribuzioa arteari ia inoiz ez datza sortzen den obran baizik eta prometatzen eta prestatzen duenarenean. Adibidez, XIV. mendearen klase borrokek ez zuten eragin artistikorik izan «Cuatrocento»ren naturalismoa arte; Erreforma Protestantearen borroken espirituak ez zuen fruiturik eman manierismo eta barrokoa arte; eta erromantizismoa, iraultza artistikorik haundiena, Mendebalde modernoa sortzera lagundu zuena, pentsaezinezkoa izango zen frantziar iraultzarik gabe. Eta horrela egin daiteke ikerketa luze bat historian zehar.
Zentzu berberan erran daiteke gaurko euskal letren pizkundea, hedapenez bederen, ezinezkoa izango zela azkeneko hogeitamar urteetan sortu den ezker abertzalearen mogimendurik gabe. Horregatik ezin da mugatu gure euskal letren zelai txikia. Sakondu bai, kritikatu bai. Baina horretarako planteiatu behar dira joku artistikoaren ahalik eta arau objektiboenak, zientifikoenak. Ezin bait dugu pasatu etenik gabe kultura klerikal batetik beste kultura batera dogmatismoaren pean. Tarte zabal honetan «mila lore sor bitez», besteak erran zuenez. Horretarako zelai zabala lan dezagun, ongi ongarriztatua simaurra da hoberena, hots, animalien kaka, eta zizareak benetan.
Beno, horrela jarraituz gero haria mugaezina bihurtuko zen baina puntu batean bukatu behar dut gaurko saioa. Arnold Hauser-en lehengaia da, enea soilik hausnartzea hasieran erran dudan bezala. Hurrengoan gehiago eta hobe.
|