1985: Miranderen urtea
Mikel Antza
Iaz idazle eta editorialek errugabeko bonbazkatu gintuzten Miranderen lanekin, berredizioekin, hari buruzko saioekin eta bere pertsonan oinarritutako nobelaren batekin ere. Jon Mirande dagoeneko errekonozitua dago gure gizartean. Euskaltzain ere izan ez zenak badu bere izenean eskuindarrek gobernatutako gobernuak antolatzen duen sari baten izena. Faszista izanik ere, eta antikristaua, paganu nardagarri horrek, lortu du bizi zen artean lortu ez zuena, ospea gehiegi esatea litzateke, berak ez bait zuen ziuraski hori bilatuko, baina bai, onespena. Bizitzaren paradojak, komentatzen du batek baino gehigaok, gizartea halakoxea da. Gaur egungo gizarteari hain errentagarri zaion Miranderen gorakada ez da iazkoa. 1982an hasi zen prozesua, bere buruaz beste egin zueneko hamargarren urteurrena kunplitzerakoan; desagrabiozko ekintza asko antolatu zen. Mirande hau zen, eta beste zen. Hau egin zuen, eta hura esan zuen. 1984ean berriz, hau eta hura idatzi zuen, honelakoa eta halakoa zen. Eta aurten, bera jaio zeneko hirurogei urte kunplitzen direnean, ez du inork aipatzen. Omenaldi nekrologikoetara hain emana den herri honek, ez dakit noren 144. urteurrena kunplitzerakoan artikuluak idatzi eta hitzaldiak antolatzen dituen hainbat jendek, ezarian pasatzen uzte du data garrantzitsu hau. Eta agian Mirande poztuko zatekeen. Baina nik ezin dut gizarte honen hipokresia eta amnesiarako daukan ahalmen paregabea aipatu gabe utzi. Sikologo batek agian zeozer esan zezakeen bitxikeria honen aurrean. Hil zeneko onomastika ospatzen da, baina hain zuzen ere, inor ez da «pozten» Mirande jaio zeneko urteurrena ospatzerakoan. Mundu guztia urtebetez aurreratuta ibili da. Edonork esan lezake iaz izan zela Miranderen urtea... Eta agian, paradojaren paradojaz, bere jaiotz urtea inork ez ospatzeak, beste ezerk baino hobeki egiten dio omenaldi Miranderi. 1985a da Miranderen urtea, gaztetasun eternala bizi zeneko ugarteak idurikatu zituen idazle paristarraren urtea. Urte isila eta sosegatua, bere hilerriko hutsunea inork ikuitu ez dezan. Aurten norbaitek Mirande aipatzerakoan, «Mirande, eta nor zen Mirande?» erantzun beharko litzateke. Batez ere bere etsai izan ziren horiei.
|