Hala ere... betikoa
F.J. Mendiguren
Zuk ez dakizu
ezin zenezake ezta imajina ere
zenbat
poema
amodiozko
pentsatu ditudan, asmatu
amestu
gogoan eta buruan bueltaka erabili
zizelkatu, horzkatu, hazkatu...
hezur eta mami, garunak eta kaskezurra
urtzeraino ia ia lehentzear estutuz
hamaika irudi
zientoka metafora
milaka alegoria
(kolore eta usaiez gainezka egiten duten fruitu exotikoz
betetako otarre joriak bezain oparoak batzuk,
pianoaren tekla zuriak bezain garbi eta hotzak besteak)
oldoztu, taiutu eta
(ez zuelako merezi edo, betiko leloa zelako edo apika oro jada
aurretik esana dagoelako, nihil novum sub sole esan zuenak berak ere
ez zuen eta deus asmatu)
idazte-
ke lagatzeko
* * *
Eta hala ere
berriro eta beste behin datozkit burumuinetara
ideiok
zertarako eta,
zuk horren ongi, horren finki, horren biziki
ausnartu eta senti duzuna begi-azal-barrenean,
horixe barbera berriz ere beste era batera nahiz...
nahiz hola ez dela jakin
esateko,
milaka hitz jokuz
zientoka konparazioz
hamaika parabola eta egia borobilez denak klitxe
o h e r a t z e i n f i n i t o b a t e k o
f o t o g r a m a b a k o i t z a r e n
p u z z l e b a t o s a t u e t a p i e z a g u z t i a k
a i d e a n b a r r e i a t u e t a h a i z a t u k o b a g e n i t u
be - za - la
ondoren bion artean berraurkitzeari ekiteko.
|