L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Itzuli mitzuli, zer itzuli?

 

Roman Utretx

 

        Eta nork-nola-norentzat eta zertarako ere galdetu daiteke, itzulpen arazoari tabak ikutzen hasiz gero. Alabaina, ezin zaie galdegile guzti hauei ikastoletako haurjoko batetan bageunde bezala erantzun, hau da, argitaletxe edo erakunde okurrente zenbaiten eskutan bertanbehera delegatu arazo guztia. Zeren, hasteko, badirudi argi dagoela norentzakoa eta zertarakoa: inork ez du ukatzen premia, edonork antzematen du irakurlego potentzial bat, administralgoa ere hor dago oraindik monolitoa baino tinkoago usadio elebakarrean tematurik, etabar, eta taba ugari ikutzekoak.

        Dena dela, egoki ala desegoki, itzuli betidanik itzuli izan da. Eta euskal itzulpenaren historian joera desberdinak ere azaldu dira, garbizaleak, garo usainekoak, neolinguaren bat sortzekotan zebiltzanak, hizkuntzaren prozesuari adi egon nahi zutenak (zenbat?), eta baita ere moldatzaileak. Azken urteotan, informabideak direla eta, itzulpen praktika halabeharrez gertatu da, eta itxura duenez, euskararen irakaskintzan mugitu den edonori tokatu zaio bere saiotxoa egitea han edo hemen. Maremagnum nahasi horretatik irteten hasteko edo, premiak bistan zirelako, Itzultzaile Eskola ere fundatu eta armatu zuten. Teoria eta praktika. Asmo ederrak. Hiru urtetan asko ikas daiteke, nola ez. Baina handik irtendako itzultzaile prestuek ez dakigu, maila dexente batez horniturik irtenda ere, ze itzulpen plangintzarako lan egin beharko duten.

        Akaso inor enteratu gabe, planing bereziren bat taiuturik daukate kultur estratega zuhurrek, eta gutxien espero dugunean sorpresaren bat emango digute itzulpen politikaren ardatzak erakutsiz: argitaletxeen proiekto berriak, Udal administralgorako panazearen bat, turisten interprete gisa bizimodua ateratzeko lanpostuak, teletipoen itzulpen bapatekoa, laguntza desinteresatua literatur itzulpenari... eta auskalo zer. Zeren, hori bai, asko eta denetatik itzuli behar omen da. Literatura ere bai; kanpoko kultura literarioa euskaraz emateak, hurrengo belaunaldirako, bertokoaren maila nabarmen jasoko duela eta. Eta omen asko entzuten da.

        Desengaina gaitezen ordea, eta ikusi zer gertatzen den. Ematen zaion 7besteko inportantzia baldin badu (itzultzaile belaunaldi baten ondoren literatur kreazio oparo baten garaia datorrela), ezin da inoren buruan kabitu nola dagoen oraindik hartarako hain iniziatiba gutxi eta zein irizpide gabe egiten diren aukera gehienak.

        Bestalde konprenitzekoa da noski, oferta eta demandak konpreniarazten digulako, zergatik den literaturarena apenas itzultzen den arlo bat; batetik, ez zaiolako errentagarritasunik ateratzen, bestetik, hemengo elebidunek jatorrizkoa errazago ulertzen dutelako, eta altuenean ere, erdal hizkuntzetatik gaztelaniarako bertsioa beti izango delako euskararakoa baino dexenteago. Beraz, itzulpenaren arloan ere, azterketa minimo bat egiterakoan, diglosiatik hasi beharra dago. Baina horrek, hor dago koxka, hor kurpil fatala, plangintza oinarrizko bat eskatzen du. Eta ez du inork hori egiteko asmorik. Denak daude leporaino lanpeturik.

        Eta hala ere, plangintza minimo baten inguruan, aurrera pausuren batzuk ematen hasi daiteke. Holakotan baino gauza alferrikoagotan erruz gastatzen dira diruak eta zerebroak. Adibidez, itzulpen motak eta premia larrienetakoak bereiziz: dibulgaziozkoak, teknikoak, didaktikoak, filmeetarakoak, literaturarekikoak. Eta bakoitzari bere inportantzia eta betebeharra, eman. Zeren, kasurako, ze mesede praktiko ekar dezake Udaletako akta guztiak eta agiriak eta traspapeleo guztia, euskaraz erredaktatzen hasi beharrean, mekanikoki itzuli-mitzuli edo moldatuko dituen itzultzaile bat kontratatzeak? Gerora begira, efikazia linguistikorik bat ere ez, Udal Gorporazioari aurpegi ederra ateratzea ez bada.

        Eta zentzu berean, textu didaktikoak edota dibulgaziokoak euskaraz pentsatu eta erredaktatuko dituzten pertsonak aukeratu beharra. Gaur egun itzultzailearen rola ez bait da bakarrik (ezina bait da, hizkuntza prozesuari begira eta halaber bere gaitasunari) traduktore on bat izatea, funtzio urjentziazkoak betetzea baizik. Bestela, eta ikuspegi triunfalista horri amore emanez gero, ea nora sartu behar dituzten Itzultzaile Eskolatik aterako diren traduktore labekadak? EGA eta IGA laga, eta sega hartuta bide bazterretako sasiak moztera joaten ez badira, ez dakigu nora.

        Kontu hauetaz aparte bada baita ere literaturaren itzulpenarekin zerikusi tristea duen zerbait. Inoiz gertatu da, liburu bera bi aldiz itzuli dela, argitaletxe bakoitzak bere txilborraren kapritxoari begiratzen diolako soilik. Zeren, horrela ez bada, pentsatzen hasi beharko dugu ze, hain dela ugaria eta maila altukoa gure argitaletxeen itzulpen produkzioa, non zeinek itzulpen hobeagoa egin hasi direla deman. Baina ezin dugu sinestu lujoagatik egiten dutenik.

        Eta behin hariari tira eginez gero, datorrela hari mataza. Literatura euskarara itzultzeak dakarren arazo multzoa kontutan harturik ere, posible dela iruditzen zaigu. Jakina, baldintza minimo batzuk bete ondoren: itzulgaia aukeratzerakoan, euskararen baliapide literarioen garapen puntua neurtu, hautatutako obraren itzulgarritasuna, xede hizkuntzaren eboluzio faltagatik, eginkizun alferrikoa bilakatu ez dadin. Hau da, zer itzuli daitekeen eta zer ez. Honen hurrengoa, azpiegitura editoriala eta subentzio politikaren aldaketa litzateke. Eta hurrengoa, literatur itzulpenari ekingo dioten taldeak bultzatzea, zirkuito espezializatuak sortzea alegia. Baina badakigu horrelako iniziatibak martxan jartzea ez dela inoiz goitik etortzen. Goitik ardura handiagoko haizeak jotzen du beti. Eta ardura handitako arduradunek krisi ikaragarria dagoela esanez joaten dira lotara gauero. Baietz, mamaIGA mamaué. Baietz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.