L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-10/11 (1984-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Jon Kortazar: «Euskarari idazle unibertsal bat falta zaio»

 

Iñaki Uria

 

        Mundakan gelditu eta Mungian egin genuen topo. Bere etxean bazkaldu (etxe bernia, zuria, argia. Bete gabea oraindik. Bi urte besterik ez ezkonduta) eta hizketan hasi ginen kopaxka baten inguruan.

        «Zenbat urte dauzkak?» galdetu nion halako batean. «Hogeita zortzi». «Ez duk ba ematen. Gehiago ematen dituk». «Ez, ez. Edade indefinitu bat zeukeat». Edo indezisoa, edo inseguroa, edo indeszifrablea. Ez naiz orain seguru akordatzen zer erantzun zidan. Bilbo atera zen gai bezala. Euskaldunen betiko gaia. Eta ihes egin zion gai horri Deustuko Unibertsitatera abiatu ginen bitartean. Han jarraitu genion elkarrizketari. Hobeto esanda, han hasi genuen hemen irakurriko duzuena. Euskal gaiei dedikatutako liburutegian. Han piztu genuen manetofoia. Liburu eta aldizkari artean.

        — Mundakan jaioa 1955. urtean. Aurrenengo eskola Mundakan. Gero, ze arraroa eh!, seminariora. Han, Mikel Zaraterekin euskara ikasi nuen. Hori oso inportantea da.

        — Seminarioan seminarista?

        — Seminarioan... behintzat batxilerra. Mikel Zaraterekin euskara asko ikasi nuen, ez berarekin bakarrik, baina batez ere berarekin. Berarekin literatura ikasi nuen. Badago han, hasiera hasieran, beste pertsonaia interesgarri bat, ez da ezaguna, Txelis Beltran, orain literatura irakasten du nerekin. Oso tipo afektiboa eta sensiblea da. Poesia asko gustatzen zaio. Egiten du nahiz eta ezer ez publikatu, baina afizionatu bat baino gehiago da.

        — Euskaraz?

        — Ez, berak ez. Baina Mikel Zaratek bai. Literaturarena eta euskal roiloa era berean sortu ziren. Nik euskaraz literaturarako ikasi dut. Bueno, gramatika ere aprobatuko nuen baina... euskara, nahiko literatura irakurriz ikasi dut: edo Mikel Zarate irakurriz, edo orduko... ez dakit, lehenengo lehengo, Kirikiño eta holako jendearekin, Txomin Agirrerekin gutxiago, antolojien bitartez eta... Lauaxeta ere bai. Jokaera normala iruditzen zait. Gramatikaren bitartez sartu beharrean literaturatik ailegatzea.

        — Hori batxilerrean...

        — ...gero Deustuko Unibertsitatera etorri nintzen Romanikas egitera. Gauza bat ikasi nuen hemen bereziki: metodologia. Estilistika eta estrukturalismoa batez ere. Semiologia eta, geroxeago. Batxilerrean sentsibilitatea landu banuen, hemen metodologiaren arazoak eta beste arazo agorragoak landu izan ditut. Amaitu eta fitxatu egin ninduten golpean. Mikel ere hil zen eta orduan... ez dakit, orain arte ibili naiz hola, zuloak betetzen. Periodismon izan nintzen euskal literatura irakasten, Magisterio eskola batean nabil eta hemen, Deustun euskal literatura irakasten. Badakit literaturak akademizismo batean sartzen denean freskotasunean galtzen duela, sakontasunean irabazten badu ere, baina horretan.

        — Zer irakasten da Filologian eta zer Magisterion euskal literaturaz?

        — Programak nahiko berdintsuak dira, bestela nik ezin izango nuke bietan eman. Nere programa hiru arlotan bananduta dago. Alde batetik ahozko literatura: baladak, pastorala eta bertsogintza. Badut kurtso bat azken narratibari buruz: Txillardegi, Saizarbitoria, Atxaga. Holako jendea. Gero, ez da kurtso bat, baina noizbehinka aipatzen ditut Lizardi eta Lauaxeta. Eta hirugarren kurtso batean klasikoak: XVIII, XIX. mendeko pertsonaiak aztertzen saiatzen naiz. Badakit, huts askorekin eta...

        — Problema handia maila horretan, ez?

        — Ez dakit. Bibliografía falta ikaragarri bat dago eta hori inbestigazio propioz sortu behar da. Bibliografia falta eta interpretazio falta. Baina XIX. mendeko guztiak balio izan didala gauza bat behintzat argi ikusten, eta duk hemen ere badagoela Romantizismo bat. Eta horren bitartez heldu nauk beste hipotesi batetara: euskal literatura lotuta dagoela europako literaturarekin. Etxepare bat ez da ulertzen kanpoan begiratu gabe. Mogel bat ez da ulertzen neoklasizismorik gabe. Bilintx... Hau rollo bat duk, bazekiat: tontokeria bat duk. Baina behintzat ebidentziak markatzea, neretzat, oso inportantea izan da. Azkue bat, Bilintx, Xenpelar... romantizismoarekin lotuta daudela ikusteak eraman nau romantizismoa zer den pittin bat aztertzera. Hölderlin bat, Novalis bat, Goethe ez duk hor sartzen baina... Balio izan didate romantizismoaren ideologia edo estetika idealista hori, idealismo majiko hori... Ezin da hori gero Bilintx batekin plast-plast konparatu baina... Romantizismoak sortzen du tendentzia haundi bat. Eta sortzen du batez ere nik uste fantastika bat. Hau da gauzak esateko era bat. Eta buff denbora asko eramaten du holako gauza batek baina arian arian banabil zein den Bilintxen fantastika bat aztertzen

        — Eta zertara iritsi haiz esate baterako?

        — Neskatoa, andrea argiarekin konparatzea adibidez ba berezia da, edo badauka beste esanahi bat idealismoarekin: hartu ezin den emakume bat da, ezina. Ez da andre-argian bakarrik: munduaren ikuspegi bat dago hor. Aritzen nauk baina ni ez nauk lehertzen. Prozeso luzea duk. Saiatu nauk ikasleek heurek, seminario bitartez eta bueno, bi seminario montatzen ari nauk, ustez funtzionatuko dutenak: Mirande eta Bilintxi buruz. Piska bat fantastika aztertzen. Mundearen ikuspegia; osea, espresioarenaz aparte barrurago heltzeko zera. Azken finean Novalis. Hölderlin, bueno romantizismo guztiak idealismoak baino gehiago, badauka zerikusi handi bat Euskal Herrian egiten den poesiarekin. Octavio Pazek esaten du azken 200 urteotan romantizismoa besterik ez dela egiten Europan. Hori dio berak. Lehenengo izan zen Romantizismo alemana. Baina Frantziara pasa zenean romantizismo hori Sinbolismoan bihurtu zela, eta Espainiara pasatu zenean Modernismoan. Eta Euskal Herrira etorri zenean, bueno etorri, lehenago ere bazegoen baina, ez dakit Lizardi eta Lauaxeta, horiek ere hortik mugitzen dira, ez? Horrekin ez dut esan nahi berandu heltzen denik: Azkuek romantizismoa idatzi zuen. Bere puntuan. Orain bai, forma diferentekoa da Azkueren romantizismoa edo Lauaxetarena. edo Lizardirena. Desberdinak baina horixe azkenbatean.

        — Hire bizibideari buruz guziori. Goazen hiri gustatzen zaiana ikustera.

        — Neri gustatzen zaidana irakurtzea duk, ikaragarri. Bai benetan hori egia duk.

        — Metodikoki irakurtzen duk?

        — Ez, ez. Horretan bai naizela oso anarkikoa. Normalean egiten dudana da, ba idazle bat gustatu eta osorik irakurri. Zikloka irakurtzen dut baina ez orduka. Librerotaz asko fiatzen naizen irakurlea nauk. Joan eta zer moduz hau? Ondo? Hartu eta aurrera. Lagunek esanda eta horrela.

        — Beste gai bat duk hori, eta kritikarekin lotua gainera.

        — Bueno, gauza bat defenditu izan dut beti, eta hau egia da: nik kritika egiten badut, azken finean irakurtzen dudalako da. Esan nahi dut kritikari zentzurik aurkitzen badiot hori bat da: irakurtzen irakasten duela. Gehiago irakurtzen irakasten du. Eta plazer gehiago hartzen.

        — Zer da, gauza pertsonala?

        — Bai, bai pertsonala. Agian besteei ez die balio. Baina tira. Literatura plazer bat da. Hor ez dago bueltarik. Literatura gustatu egin behar da eta batzuk besteak baino gehiago, baina azken finean literaturan gustoa da, eta hori ezin da ukatu. Beti esan ohi dut literatura erotika bat dela baitare. Igual esan behar da gusto erotiko bat dela.

        — Eta zer da hori?

        — Bueno, ba plazer bat hartzen duala. Eta plazer horri deitu erotika ala ez deitu, ba bueno, berdin da. Gusto bat dela baina plazerra daukala, ez duk gustoa... Plazer inportante bat dela.

        — Ez ote da beharra...

        — Eh?

        — Ez duk beharra plazerra baino gehiago?

        — Ez, ez. Niretzat behintzat ez... Hombre, joder, segun, oso egun txarra badaukat orduan bai. Baina ez ez. Benetan, nire klaseak oso gustora azaltzen ditut. Batez ere textu azterketak direnean. Nik nire idealetan, irakasle bat baino gehiago izan nahi nuke tertulia baten partaidea. Ez duk sortzen, ezta?

        Beste gauza bat. Nik uste dut plazer batzuk ez direla bakarrik plazer primarioak, eta literaturaren plazerra ba duk plazer primaria. Baina ba duk baitare... ez zekiat, baina hainbat eta gehiago ezagutu orduan eta gehiago gozatzen duk. Eta hau literaturan eta erotikan. Literatura irakurtzen diat ondo pasatzen dudalako. Eta literaturako irakaslea nauk ondo pasatzen dudalako. Zer nahi duk esatea. Ezin nauk gramatikazko irakasle izan. Suertea izan dudala horretan? Neri gustatzen zaidan horretan lan eginaz? Ba bai.

        — Eta kritika egitea, gustagarria al da?

        — Gustagarria? Bueno segun. Kritikarekin gertatzen zaidak neri laguntzen didala gehiago irakurtzen, hau da, gusto-ezaguera dialektika horretan, edo erotika-ezaguera dialektika horretan sakontzen. Gero egiten dudana da hori idatzi. Gertatzen dena da, nik uste dut ez dakit gustagarria den... irakurketa bat den neurrian bai hombre, uste diat askoz ere plazer gehiago egon behar duela ba Quijote bat idazten. Hainbat eta lan literario hobeagoa idatzi hainbat eta plazer handiagoa hartu, edo txarragoak pasatu. Ez dakit. Baina behintzat borobilagoa sentitu. Gustagarria? Ez dakit, baina kasu batzutan bai. Azken batean kritika eta literaturaren artean sortzen duk beste roilo bat, eta duk deskubrimendu zientifikoa. Hau da gustoaren razionalizatzea. Zerbait razionalizatu eta aurkitzen duzunean aurkikuntza guztiak dira, nik uste, gustagarriak. Publikatzean baino gehiago gustatzen da, plaf!, hemen inork ikusi ez duen zerbait dagol Ez dakit inork ikusi duen ala ez baina... Saiatu izan naiz ikasleak deskubritzaileak izan daitezen.

        — Gustoen arrazionalizatzea. Baina batek baino gehiagok esan ohi du hori ezinezkoa dela. Literatur kritika ez dela zientzia baizik eta erlijioen sailean kokatu beharko litzatekeela. Bakoitzak bere gustoa eta...

        — Ez dakit. Hor arlo bi daude argi eta garbi. Obra literario baten plazerra ez da bakarrik sortzen signifikantetik. Signifikatutik ere sortzen da. Eta ez dela bakarrik sortzen signifikatutik, signifikantetik ere sortzen dela. Eta hor dialektika bat dagoela. Zer humano guztitan dagoen bezala. Nik ez diat uste erlijio bat denik. Ni hor ondo banegok, ondo egote horren razionalizazio prozesu bat duk. Velazquez-en Meninas aztertu daiteke, planoak eta daukan munduaren ikuspegia begiratuz. Edo gorri kolorea lortzeko erabili dituen materialen analisis kimiko baten bitartez. Batek besteak baino gehiago balio duela? Baliteke. Depende zeinentzat.

        — Ze kritika egiten da gaur egun Euskal Herrian?

        — Euskal kritikaren problema momentu honetan, ez da kritika inpresionista egin, edo kritika formalista egin, edo semiologikoa, bueno. Hori egiten da, eta denak egin behar dira. Inpresionista ere opa da. Neri semiologikoa gehiago gustatzen zait. Baina nik uste dut problema beste bat dela, kantitate arazo bat ez bakarrik kantitatea, baina zera da: publizitatea.

        — Publizitate gutxi egiten dela.

        — Bai, liburuen publizitate gutxi egiten da. Ez duk kritikaren arazo bat. Massmedien arazoa duk

        — Eta editorialena. Eta aldizkariena eta...

        — ...eta gizartearena. Inguratzen gaituen gizarteak ez duela batere interesik honetan. Ez dakit nola esan. Gizarte erdaldur batek inguratzen gaituela eta... Frente askoren kontra jokatu behar duzu. Oso gutxi irakurtzen dela. Euskaraz are eta gutxiago, nahiz eta merkatu bat eginda egon. Jendeak ez duela euskaraz irakurtzen. Erdaraz irakurtzen duela. Euskal literaturarako interesik ez dagoela.

        — Bai ta ez. Euskaraz argitaratzen diren gauzak gehiago irakurtzen dituk proportzioan.

        — Bai, baina. bueno Problema niretzat zera da, Javier Aguirre Gandarias batek ateratzen dik liburu bat eta galdu egiten duk. Problema duk globaltasunarena.

        — ???

        — Bai. Piskat duk neri euskararekin gertatzen zaidana eta euskal literaturarekin. Farmaziara joan behar badut erdaraz egingo dut farmazeutikoarekin. Bilbon, ba, erlazio gehienak hola. Ze presentzia dauka hor euskal liburu batek? Hortik begiratuta oso gutxi. Baina bestalde hik esanda bezala begiratuta, zirkuloak egiten dituk gero. Eta zirkulotik begiratuta asko irakurtzen da. Lehen esandakoa, SUSAk behar lukeena baino inportantzia haundiagoa daukala? Nere ustez hori gertatzen da alde batetik dagoela gehiegikeria eta bestetik ezereza. Hau da, SUSA noiz publikatuko da frantsesez? Horretaz ari naiz.

        — Beste kontu bat da hori den nahi dena edo interesatzen den, edo beste zerbait bilatu behar dugula.

        — Jo!, ez dakit, honetaz (eta hitzetan galdutakoaren inpresioa. Zehatzago hitzegin beharra. Berriz hasi eta beste gai bati ekiten diogu «Bidean izan zen, Rosapen» bere nobelari).

        — Zer esan ditek hire nobelari buruz?

        — Ez dela ezer ulertzen.

        — Bai?

        — Bai. Oso nobela gatxa dela. Gauza arraro bi gertatu dira. Alde batetik inpresioa dago oso gatxa dela eta nik ez dut hori ukatzen. Eta bestetik enteratu izan naiz, con horror, ikastola batetan 8. mailan erabili izan dutela. Inpresioak bi dira. Idazle diren nire lagunak, Andu batek, Bernardo batek, Joseba batek ez ditek hain txarto ikusi nobela. Eta bestetik gatxa dela. Eta nik... Ba uste diat narrazio aldetik problemak dituen nobela bat dela. Beharbada arazo batengatik, pertsonaia eta denbora momentu berean aldatzen direlako. Baina bestetik, estilo aldetik hor badago aportazio txiki bat. Beharbada surrealismoa prosara pasatzeko aportazio bat.

        ­ Zer duk, idazten ondo pasamentu teoriko batzuk praktikan jartzea.

        — Ez, ez, ez. Honetan uste diat horretan oso ondo ulertua ez naizen pertsona bat naizela. Nobela hori 22 urterekin edo idatzita daukat. Nik ez dut idatzi nobela elementu teoriko batzuk erabiltzeko. Nobela idazteko elementu teoriko batzuk erabili dizkiat. Nobela sortua dago eta honetaz ez dago dudarik. 100 Metro-ren faszinazio baten ostean. Eta hori argi dago. Eta ez hori bakarrik. Nobela idazten ari nintzenean beste faszinazio bat ere bazegoen. Bi faszinazio, eta ez teorikoak. Bata zen 100 M.ren teknika, eta bestetik estilo barroko hori. Ez dakit nola esan estilo sensible hori, barrokoa. Horren arabera egina dago eta oso gustora idatzita. Pentsatua dagoela? Bai, baina ez teknikak

pentsatuak zeudelako. Orrialde pilo bat automatikoak ziren. Automatikoak.

        — Hiretzat nola duk automatismoarena?

        — Ba, irudi batek beste irudi baten atzean funtzionatzea.

        — Hik dexente idazten duk bizkaieraz.

        — Ez, batuan publikatzen diat eta zerbait bizkaieraz. Arazo linguistiko, pedagogiko eta ideologikoak daude hor, eta egia esan nahiago diat ez sartu. Batuaz ortografia eta gramatika. Hortik aurrera uste diat dexente daukala oraindik bizkaierak aportatzeko. Batuaren kontu honekin gainera, begira nik uste hor gauza inportante bat dagoela. Eta hau garbi ikusi zuen Lauaxeta berak ere. Eta duk: hizkuntza nazional bat sortzeko literatura indartsu bat beharrezkoa dugu. Eta kuriosoa zen. Hemen gerraurrean epika bat egin nahi zenean Orixek Mistral hartzen zuen eredutzat. Eta Lauaxetak beti aipatzen du epika egin behar dela. Ze epika? Dante eta Goethe. Ze, klaro, Dantek egin du Divina Comediaren bitartez italiera zertu, eta beste hainbat Goethek bere obra literarioarekin. Hemen antzeko zerbait gertatu izan duk Arestirekin. Baina hemen falta izan zaiguna duk literatura. Batuaren asuntua duk egon behar duela tipo bat unibertsala, eta nolabait euskarari falta zaio idazle unibertsala. Eta idazle unibertsal horrek sortuko luke Euskara. Eta batere duda barik.

        — Unibertsalarena nola entenditzen duk hik?

        — Mundu guzirako balio duen idazlea. Gai aldetik esan nahi dut, ze forma aldetik itzulpenarekin galdu egiten duk baina... Ikuspegi aldetik, ideien aldetik, estetika aldetik... Goethe Europa guzian zabaltzen den tipo bat da. Lauaxetaren ideia da eta ni nahiko konforme nago klaro. Literatura unibertsal baten arazoa duk. Igual ez duk tipo batena bakarrik...Goethek idazten zuenean idazten zuten Kant-ek, Schillek, Hölderlinek, Novalisek... Oso inportantea dela uste dut euskararen normalizaziorako bi zentzutan: kaleko normalizaziorako eta euskara «normaltzeko».

        — Baina malla batean ez? Orixeren kontuak dituk horiek, eta ikusi diagu zer nolako fruituak eman dituen ordutik hona. Agian ez duk literaturaren arazoa, baizik eta euskal-eskolak etabarrak ugaltzearena.

        — Baliteke, baina, beitu Goethek, egin zuen hizkuntza eta nazioa. Orduan ez da bakarrik literatura egitea: literatura eta nazioa da Orixe eta Lauaxeta nahiko eritzi antzekoak ziren honetan, baina biak huts egin zuten puntu batean: ez zirela idazle unibertsalak. Nere ustez hor dago asuntua.

        — Bukatzeko edo, zer daukak eskuartean?

        — Lauaxetaren poema osoak batzen nabil. Piskat Lizardirekin egin zena, edizio komentatu bat. «Bide barrijak» eta «Arrats bera»n 80 poema baldin badaude, beste 80 bat prestatzen ari naiz, ez berriak, gerraurretik argitaratuak, inedito bat ere aurkitu dugu. Bestetik Lauaxetari buruzko tesisa prestatzen ari naiz. Eta gero, badago katalonian literatur aldizkari bat «reduccions» izena duena, eta errebista horrek badu asmoa euskal poesia modernoaren antologia bat publikatzeko maiatzerako. Miranderengandik hasi eta Sarrionandiaraino 20ren bat poema. Eta azken orduko poesiari buruzko estudio bat. Horretan nabil.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.