«Irun Hiria» literatur lehiaketan lehen saria
Suzko gezi bat bezala
Mikel Antza
«...Suzko gezi bat bezala
bizitza landetatik doa
Manitu handiaren baratzera.»
Waka-ho
«Gaixtoaren gezi suz eraixeki guziak
iraungi ahal ditzazuen»
Leizarraga, Ephesioei episrola VI-16
Waka-Ho haur zelarik gurasoak galdu zituen. Onondagas irokes tribuko agure zaharrenak hartu zuen babesean eta aiton horren ahots lehunak deskribatutako eszena ederrak, ipui lilurakorrak, betirako pausatu ziren Waka-Ho-ren irudimenean. Lur hobeagorik ez luke aurkituKo halako haziak. Waka-Horentzat hitz bakoitzak kolore bat zeukan, arnasaldi bakoitzak erritmo bat adierazten zion. Eta hala, agurea zaharturik hil zenenan, Waka-Hok, han, basoaren abartsuenean negar egin zuen. Eta gero, aitonaren errautsak eskuan hartuz haizeak eraman zituen arte begira egon zen. Arratsean, hitzak bata bestearen atzetik erten zitzaizkion:
«...haizeak ajeatzen duen gorputz zimela
errauts da
eta errautsa landetan barreiatzen da
lore eta fruituen bidez nigana etortzeko...»
Waka-Horen haurtzaroa bakartia izan bazen, agurearen laguntzak soilik ezkutatzen zuen bakardade hori, gaztaroa are uzkurrago eta beste gazteengandik aldenduago igaro zuen. Txikitan, tribuko beste haurrak desberdin begiratzen zituen; nahiago zuen mila aldiz agurearekin basoetako babes ilunean pasaiatu, solasean, haur jolas mengeletan parte hartzea baino.
Bakardade hori hitzez betetzen irakatsia zion agureak eta orain hura aldendu zelarik, atsedeneko orduak ipuien bergogoraketan eramaten zituen. horretan eta geziz tiratzen ere aritzen zen, laster tribuko tiralari onena bilakatu zen arte.
Aitonak kontatutako ipuiak ber gogoratzen zituenez, beti asmatzen zuen zerbait berria, hemen edo han sartzeko... Bere bizitza aurrera zihoan, agurea hil zenetik beste asaldadura handirik gabe. Gutxinaka gutxinaka, gainera, tribuko haurrak hurbiltzen zitzaizkion asmatzen zituen ipuiak eta esaten zituen poemak oso ederrak bait ziren (tiralari izatearen ospeak ere bazuen horretan zerikusirik). Euria edo elurra ari zuen neguko egun hotzetan, Waka-Horen «tipi»a adin guztietako haur eta gaztez beterik egon ohi zen. Eta, Waka-Hok, agureari ikasi zion ahots lehunez esaten zituen irokesen tribuetako kontu zaharrak.
Horietako egun batetan, otsoak kanpamenturik hurbil zebiltzan gaua zen, auhen batzu entzun ziren baso aldetik eta gero eztanda bi. Waka-Horekin zeuden guztiek arnasa eten zuten eta txintik atera gabe geratu ziren adi-adi. Waka-Ho izan zen jeikitzera ausartu zen bakarra, larru lodiak gainean hartu eta gezi-uztaiz horniturik gaueko elurretara erten zen basorantz.
Beste eztanda batek hautsi zuen elurraren erori malgua eta otsoen oihuak areagotu ziren. Basoaren argiune baten erdian gizon zuri bat zegoen, otsoz inguraturik eta antza zezez handiki zauritua odola bait zerion ezkerreko saietsetik.
Waka-Hok trebeki jaurtiki zituen geziak eta bat, bi, hiru otso geratu ziren hilik elurretan, putzu gorri baten erdian bakoitza; besteek ihes alde egin zuten. Ordurako konortea galdua zuen zauritua bizkar gainean hartu eta «tipi»ra eraman zuen.
Une hartaxetik aldatu zen bere bizia. Gazte hark Edgar izena zuen eta irokesen hizkuntza ezagutzen zuen; sensibilitate handiz entzun zituen Waka-Horen poemak zauria sendatzen zitzaion bitartean tribuarekin igaro zituen egunetan. Gizon hura biziki hunkitu zuten Waka-Horen poemak eta behin Waka-Ho poemak esaten ari zitzaiola fabore bat eskatu zion. Otsoek zauritua gertatu zen gau beldurgarri hartan zaldia galdu zuen eta zaldian poltsa balioso bat zeramala kontatu zion Waka-Hori. Hura ekarriko balio asko eskertuko liokela.
Waka-Ho segituan abiatu zen gizon hark seinalatu zion baso alderantz. Azkar baino azkarrago topatu zuen xaldiren hezurdura, eta alboan larruzko poltsa.
Poltsa ikustearekin Edgarren begiak distiratsu ipini ziren eta arduratsuki barnean bilatzen hasi zen. Lehenengoz likido marroia zeukan botilatxoa atera zuen eta tragoska bat hartu ondoren, poltsan bilatzen jarraiki zen. Liburu bat atera zuen bertatik eta honela esan zion sendatzen ari diren gaisoen ahots sakon, ahul eta lirurakorraz: «Nire hizkuntza irakatsiko dizut...».
Poema liburu bat zen eta uda baino lehen Waka-Ho liburu hura goitik behera ulertzeko gai zen. Edgarren laguntza sutsua zen eta goizaldeko ordutan ere aritzen ziren Waka-Ho ingelesez mintzatu zen arte. Edgarren zauria segituan sendatu zen, eta bazuen horretan botilatxoko likidoak zerikusirik; baina, oraindik idazten irakatsi nahi zion Waka-Hori.
Udararekin botilatxoaren likidoa agortu zen eta Edgarrek alde egin behar izan zuen. Waka-Hok idazten bazekien eta Edgarrek opari bat utzi zion, poema liburua eta orri zuriz osatutako liburuska.
Waka-Hok liburua mila aldiz irakurri ondoren, laister, hizkuntza hartan idazten hasi zen, baldar haseran eta gero eta trebekiago orriak betetzen joan ziren. Orri zuriak akabatu zitzaizkionean, behin eta berriz irakurri zituen (larruan idazten saiatu zen, baina ez zeukan paper elurtuaren lilura Waka-Horentzat). Izenburu bat idatzi zuen liburuskaren haseran, Edgarrek oparitutako poema liburuan ikusi zuen antzera: «Suzko Gezi bat Bezala...» eta eskeintza ipini zuen beste liburua imitatuz:
«Handa-kari haur nintzelarik
jaso ninduelako eta zaindu eta dakidan
guztia irakatsi liburu hau,
Onondagas irokes tribuho Waka-Hok»
Orduz geroztik ez zuen ondo lo egiten Waka-Hok, ezinegonaren txindurriek atsedena eragozten zioten. Ideia bat zebilkion buruan: ikusia zuen Edgarrek eman zion liburuan zuzenbide bat, Boston zeritzan herriko kale batena, liburua argitaratu zuen argitaletxearena zen hain zuzen.
Bestela ezin liteke izan ere, behin batean, gehio itxaron gabe, larruzko jazklrik dotoreena ipini eta kanpamentutik aldendu zen eguzkiaren printzek oraindik baso zabalak urreztatu ez zituen udazkeneko egunsentian, inor ohartu gabe. Boston hirira ailegatzeko erabakia hartua zuen.
Oinez legoa asko ibili zituen Albany herriraino, beti, zuelean liburuska estutuz eta zenbaitetan bidaieko arriskutatik salbatzeko uztai-geziekin zuen abilezia erabiltzera behartua. Albanyn larru komertziante batekin tratutan sartu eta kastore larruak saldu zizkion; lortutako diruaz diligentzian txartela hartu eta Bostonerako bidaia luzean abiatu zen berriz ere, bidaiaren erdia behintzat burutua zuen.
Bostonerainoko bidala aipatzeak ez du merezi, Waka-Hok era guztitako irainak jasan behar izan zituen eta ez zuen hitzik atera, bakarrik noiztik behin liburuska atera eta irakurtzen igarotzen zituen ordu luzeak.
Boston hirian lilurak gainditu zuen Waka-Ho. Albanyn ikusitakoa nahiko txundigarri bazen hura perspektiba guztien aldaketa izan zen berarentzat; kale luzeak begiratu eta zorabioa sartzen zitzaion eta etxeak burura eroriko ote zitzaizkion beldurrez ibili zen kale estuetatik. Lilurak eragozten zion zurien mespretxua atzematea. Jendeak zion albotik pasatzea: «Begira ezazue! indiyo nazkagarri bat».
Argitaletxearen zuzenbidea aurkitzea kosta zitzaion, inork ez bait zion haren berri eman nahi, baina aurkitu zuen. Bi pisutako egurrezko etxe dotore bat zen eta atean gaizkin itxurako atezain indartsua zeukan. Honek nahiko desgora eta uztai-azkonak bertan uztera behartu ondoren sartzeko baimena eman zion (hahiko arraroa bait zen ingelesez hain dotore mintzatzen zen irokes higuingarri eta usai-txarreko bat).
Ia hiru ordu aspergarri itxaron behar izan zituen urduri gela txiki eta oztu batetan editorearekin egoteko baimena jaso arte. Urduri, Waka-Hok atea bultzatu zuen... bera aurrean begirada zorrotzezko gizon ilun bat, nahiko zahartua, eskuak higidura urduriz igurzen zituena, begizulo sakonak nabari zitzaizkion eta kopetean inoiz ezabatzen ez ziren ardurazko hiru zimur. Argala zen, hezurtsua eta zigarro bat zeukan ezpain lehorretatik zintzilik; eskuz seinalatu zion esertzeko.
Waka-Hok begirada jaitsi gabe baina lotsati eseri eta liburuska eskuratu zion. Hazka nabarmenez eta apika gorroto piska batez hartu zuen editoreak poema liburua, egunen igarotzeaz eta bidaia luzeaz ajeaturik zegoen orri mordoa.
Editorearen lehen hitzak «poemak, e?» mespretxati bat izan zen eta gero, tabakoak zakartutako ahots kaxkar batez ozen irakurri zuen, «Susko Gezi bat Bezala...», «ja, ja» indar gabe batekin bukatzeko.
Waka-Hok inoiz sentitu ez zuen zerbait nabaritu zuen bularrean, mina, min estraino bat, bidaiaren nekeak, hiriaren lilurak, urduritasunak eta gizon haren ahots zakar eta iraingarriak sortutako mina. Baina, editoreak dedikatoria irakurri zuen farre algaraka hasiz eta arnasestula Waka-Hori ezertarako betarik eman gabe irakurtzen hasi zen:
«Triste kantatzen du buztan-zuriak
arbola horren gainean
eta hostro bat erortzen da
lurrera eta haizeak altxatzen du.
Haizeak eramaten du ere errautsa
eta kea.
Haizeen menean mugitzen dira
landareak baratzean
Manituk bidaltzen digu haizea
eta haizeak eramaten gaitu beragana
susko gezi bat bezala
bizitza landetatik doa
Manitu Handiaren baratzera...».
Bukatu zuen, eta berriro ere, «poemak, e?» lehen bezala eta gehitu zuen, «inditar batek ingelesez? um, um, um» eta isilunea. Gero aitakorki, liburuska bueltatzeko keinua egiten zuen bitartean esan zion Waka-Hori; «Bai arazoa da poemak direla... orain ez asko poema liburu bat argitaratu genuen, E.A. Poe zeritzan urlia batek idatzia "Tamerlane and other poema" eta desastre editorial bat izan zen, orduz gero poema liburu gehio ez argitaratzea erabaki dugu» isildu zen, eta Waka-Ho beraganako gorrotoa nabaritzen zuen gizon haren hitzetan, erabiltzen zuen doinuan hau aditzen zuen Waka-Hok: «ja, ja, indio batek poemak idazten ditu eta gainera igelesez... ja, ja, eta ez hori bakarrik tontolapiko honek argitaratzea ere nahi dizkik, inditar hauek, zazpigarren zeruan bizi dituk, ja, ja, ja». Eta orduan editoreak jarraitu zuen: «Ja, ja, indio bat poemak idazten eta gainera ingelesez, ja, ja, ja...».
Waka-Hok ez zitekeen aulki hartatik mogitu, itsatsirik bezala zegoen eta aditzen jarraiki zitzaion, «Dena dela, oso oker ez banago zu irokesa (mespretxu eta gorrotoz hitz hau) zara eta zuek edukiko dituzue kontu batzuk, agian horiek ingelesez idatzi eta ematen badizkidazu argitaratuko nizkizuke poema (mespretxuz) hauek, eta liburuxka bota zion.
Waka-Horentzat gehiegi izan zen, aulkitik jaiki eta leku hartatik atera zen korrika editorearen barre nekatua belarrietan zuelarik, atezainari bultzada eman eta gezi-uztaiak kendu zizkion.
Bostoneko kaleetan galdurik pasa zuen ia egun guztia eta gau aldera desorientaturik eta goseak sabela gaztigatzen ziolarik jendez gainezka zegoen lokale keetsu batetan barneratu zen. Taberna hartan sartu bezain pronto han zeuden moskor guztiak algaraka hasi ziren, bazeukaten gauerako dibertsinoa, burlaka eta isoka hasi zitzaizkion Waka-Hori eta hau larriturik alde egiten saiatu zenean ez zioten utzi. Heldu eta barrara eraman zuten, han moskorrek zioten, «eden ezak suzko ura, ja! ja! ja! gustatuko zaik, uooojoooiiii!!!!!» inditarren garraisiak imitatzen zituzten. Hiruren artean Waka-Ho atzetik hartu eta ahotik behera whisky basokada hustu zioten. Barrenak erre zitzaizkion Waka-Hori eta gero zorabioa etorri zitzaion. Bi, hiru, lau aldiz errepikatu zen eta guztietan irainak entzun behar izan zituen. Azkenerako taberna hartatik ostikoka bota zuten Waka-Ho kaleko hautsa miaztera.
Burua biraka, erabat galdurik ibili zen kaleetan zehar, negarrez oroitzen zen tribuko kideez eta inoiz baino gehiago haurtzaroan zaindu zuen agureaz, Handa-Kaz. Gorroto bizi bat, suzko gorrotoa piztu zitzaion erraietan. Ohargabean argitaletxearen aurrean aurkitu zuen bere burua.
Begietan argi berezi bat zeukan Waka-Hok, ordurarte inoiz izan ez zuena eta makinalki gezi bat atera eta uztainean prestatu ondoren su eman zion. Suzko gezia zuzen sartu zen editorialeko leihotik eta segundu gutxiren buruan suziri baten moduan piztu zen edifizioa. Garraisiak entzun ziren leku guztietatik, eta edifizio barnean ere bai. Leiho batetik editoriak salto egin zuen, erropak suak harturik eta lurraren kontra hautsi zuen burua.
Waka-Hok suaren lilura galdu zuenean alde egin zuen handik antsika, jendearen kontra behaztopa eginez berriz ere galdu zen kaleetan. Jendea segituan hasi zen bere bila.
Tabernaz taberna ibili zen gertatutakoaz ezer ez zekitenek eskeintzen zioten «suzko ura» edanez eta irokesez frase luzeak errezitatzen, tabernako moskorren trufarako hala zioen
«giozi bat naiz, hostro bat, emetzen ez den hazia
gorrotozko gezi bat naiz
hostro iharra
zoriontsu bizi nintzen eta orain bizia ez da...
eta orduan Handa-Kak basoan aurkitutako hartza hartu
beldurrezho tximista
eta ni...»
Herio desioz egarri jendetza hiritik zebilen inditar erahiltzailea bila eta taberna batean aurkitu zuten whiskyz mozkorturik. Jo zuten odoldu arte eta soka bota zioten lepora; arrastaka erabili zuten hiriko kaleetatik azala sendo urratu eta desagertu zitzaion eta plaza nagusian astigar batetan urkaturik hautsi zitzaion bizkarrezura, eten arnasa, lehertu birikak, heriotzaren plazerea... hil zen Waka-Ho, liburuskaren orriak kaleetan zehar haizeak barreiatzen zituen bitartean.
1982ko maiatzak 13
(1) hemen kontatzen direnak errealitatearekin daukaten parekotasun halaber pertsonaien karakterizazioa erabat kasualidade eta adurra, asturo haren eraginez izan da; jakina bait da gertaerak ez direla errepikatzen, are gutxiago hauek bezain sinesgaitzak.
|