L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-5 (1982-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal literatura? Euskal literatura? Literatura?

 

Uria & Iñurrieta

 

        Lan honetan Bennando Atxagak literaturaz eta literaturaren inguruaz azaldu dituenak komentatu nahi izan ditugu. Horretarako USTELA eta POTT aldizkarietara jo dugu. Poemez eta ipuinez aparte, badira horietan sakabanatuak zenbait idazlan, non Atxagaren jarrera eta pentsamoldea ikus daitezkeen, izen bat ematekotan saioak deituko ditugunak. Horietaz baliatu gara.

        USTELAko testuen kasuan, bat bakarra dator Atxagak izenpeturik. Besteen aitagoa berari egoztea problematikoa dateke, hain zuzen han ageri diren zenbait ideiak ez baitirudite bereak. Nolanahi den, bi aldizkarion arteko aldeak argitan jartzeko interesgarriak iruditu zaizkigu.

        Elkarrizketa gisan azaltzen dizuegu, honela arinagoa gertatuko zaizuelakoan. Hiru partetan bereizi dugu: lehenengoan hurbilpen orokor bat egiten da; bigarrenean zenbait proposamen konkretu aztertzen dira; eta hirugarrenean, azkenik, arazo larria planteatzen da: posible ote da euskal literatura erdaraz?

 

I

 

        — Has gaitezen aldizkari bakoitza orokorki situatuz, eta ondoren pasako gara ideiak banan-banan agertzera.

        — Ongi da. Nik ikusten dudana zera da, USTELAk eta POTTek ikuspegi kontrajarriak dituztela literaturaz, literaturgintzaz, inguruarekiko loturez eta abar. Agian kontrajarriak gehiegi esatea da, baina bai oso desberdinak behintzat. USTELAn literatura Euskal Herria egiteko, osatzeko arma bat da,

projektu nazionala gauzatzeko arma bat.

        PANPINA USTELA hartzen badugu, adibidez, honako hau esaten da: "gizarte aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak" alegia literatura beste zerbaiten mende dago, herrigintza horren zerbitzuan. POTTen, aldiz, iaia espreski ukatzen da proiektu eta plangintza amankomunekiko menpetasun hori. Lehen alean bertan, BERRIEMAILEAn alegia: "...ez gaudela inori serbitzeko geure buruak argitzefzo baino" (azalean) .

        — Agian konzepzio desberdin horren ondorioz, jarrerak desberdinak dira. USTELAn jarrera positiboa ikus daiteke, gauzak proposatzen dira euskal literaturaren aurrerapenerako: hau egin behar genuke, hemendik jo,... POTTen berriz, jarrera negatiboa, hau da, dagoena, egiten dena ez da gure gustokoa eta orduan kristoren kritika egien zaio. Beharbada esan liteke euren literatura, euren poema eta ipuinak direla proposatzen dutena bestelako deklarazio programatikoen ordez.

        — Eta literatur konzepzio desberdin honetan sakonduz, agian Euskal Herriaren konzepzio desberdina ere agertuko litzateke. Aipatu dudan PANPINA USTELAko artikulu hartan literaturak herriaren "kutiziak, ametsak, heriotza, amodioa eta hainbat eta hainbat eta hainbat gauza" adierazi behar dituela esaten da (eta Atxagak ere firmatzen du artikulu hau), eta ideia bera jasotzen da ZORION USTELAko testu batean ("Herria, euskara, literatura  eta horrelakoak" artikuluan, baina hau ez dut uste Bernardorena denik): "Literatura herri baten izpirituaren adierazgarririk irmoenetako bat da".  Atxagak, ordea, ez bide du gehiegi sinesten "izpirituetan", ez bederen zenbaitek horretaz duen ideian:  "ba da euskal izpiritu bat, ahistorikoa eta zeinbaiten ustez paganismoaren garaietatik datorkiguna, bene benetan euskalduna, zeina berreskuratu behar dugun zeren izpiritu espainolak eta izpiritu kristauak kendu egin baitigute..." (POTT BANDAREN BRAGA, 6-7 or.)

        — Nik uste Atxagak ukatzen duena halako konzepzio metafisiko eta mitifikatu bat dela, batzuek egiten dutun ideia horren manipulazioa. Adibidez, "Itzulpena eta traizioaren praktika'' artikuluak beste hau dio literaturaz: "gure GU, gure nortasun kolektiboaren ilusio zitala mantentzen digun azken Maskara, herri identitatearen mitoa haragiztatzen duen mozorroa". Dena den, garbi asko ageri da diferentzia: USTELAn herriaz, herri izpirituaz hitzegiten da, POTTen berriz nortasun kolektiboa "ilusio zitaltzat" jotzen da, herri identitatea "mitotzat".

        — Orduan, puntu honetara helduta, zera plantea daiteke: Bernardok PANPINAko axtikulutik POTTeko azken testuotara eboluzionatu duen ala ez. Badirudi hala izan dela. Edo agian USTELAtik aldegin bazuen hain zuzen Saizarbitoria USTELAra etortzean planteamendu haiek bermatu egin zirelako, eta berak lehen unetik halako reserba bat zuelako izan liteke. Baina kontsiderazio hauek ez dute gehiegi balio beharbada, ez doaz inora.

        — Euskal izpirituaren hariari gehiago tiratuz, zera esango nuke, azken finean Bernardo bera dela izpiritualistarik handiena. Harentzat poesia zerbait absolutoa da, perfekzioa, "non plus ultra". Literaturaren konzepzio erlijiosoa, esango nuke. Bakarrik izpiritualismo hau indibidualagoa dela.

        — Eta ez hori bakarrik, aho literatura, bertsolari tradizioa eta abar oso ongi ezagutzen ditu Atxagak, hau da, kontzientzia kolektiboa transmititu den bide hori ere interesatzen zaio. Beraz ez dakit zenbateraino sines daitekeen bere deserrotze hori.

        — Beharbada orain arte esandakoak hobeto ikusten dira gertaera literarioarena aztertzen badugu. Esan nahi dut, gertaera literarioan ("el hecho literario") zenbait elemenduk hartzen du parte, elkarrekin erlazionaturik: idazlea-obra-irakurlea eta agian hauek inguratzen errealitate erreferentziala (guzti hau grosso modo, beste elemendu batzuk falta daitezke). Orduan, esango nuke, honen aurrean USTELAkoentzat errealitate erreferentzial hori hurbila liteke, eta bera da elemendurik garrantzizkoena; besteak horren mende daude, eta ez dago kontradikziorik denen artean. POTTen, aitzitik, errealitate erreferentziala zabalagoa dateke, desdibujatuagoa, eta elemendurik garrantzizkoena idazlea da, besteak, honen mende daudelarik.

 

II

 

        — Honenbestez, punduak gehiago zehaztera pasa behar genuke. Hasieran esan dugun hura, jarrera positibo eta negatiboarena esplikatzetik has gaitezke, arazoa ez baita hain sinplea, POTTen batez ere kritika ageri arren, inplizitoki proposatzen dira gauzak. Baina USTELAtik hasiko gara.

        — Konforme. Orduan berriro PANPINAra itzuli behar, Bernardok eta Koldok izenpetzen duten artikulu hartara ("Ez dezagula konpostura gal, halere"). Zenbait gauza kritikatu ondoren (literatur-sariketak, argitaletxeak, etab.) bertsolaria agertzen dute, gizon moderno eta jatortzat joz. Bertsolaritzak ordutik hona jasan duen inflazioa gora-behera (edozein ospakizunetan bertsolari bat sartu beharra mekanikoki, askotan ia inork kasorik egin ez arren), ontzat ematen da bide hori, jatortzat, oroimen kolektiboaren adierazgarri den heinean edo.

        — Hori baino gehiago proposatzen da hor. Bertsolaria gizon "jatorra" ez ezik "modernoa" da, beraz gaurregun zeresanik baduena. Alegia, ez dela mundu galdu batetakoak amaigabe errepikatzera mugatu behar. Azken hilabeteotan bertsolari eskolak perretxikoak bezala ugaritu dira han-hemenka. Horietara doan jendea kaletarra izango da gehiena, eta agian denborarekin beste era bateko memoria sor liteke. Alegia, orain arte bertsolariak mendiko irudiak erabiltzen bazituen, oraingoek kotxea, gasolina eta horrelakoak hartuko dituztela.

        — Eta bertsolariaren kontu hau ZORIONen datorren beste proposamen batekin lotua dago: jenero tradizionalak lantzea, folk literatura egitea; ez literatura folklorikoa, ez baskitoak neskitekin dantzan eta horrelakoak, herri tradizioan oinarritutako baina idazle ezagunek egina baizik. Adibide bezala, Andersen, Perrault eta Grimm jartzen dituzte.

        — Gauza da agian Atxaga horrekin teorian ados egonik ere, era horretako proposamenak, plangintza baterakoiak ez zaizkiola batere atsegin. Bideak erabat pertsonala izan behar du. Eta argi ta garbi dago haren literatura ez dela folk literatura izan inondik ere, beste nonbait kokatu duela bere bilaketa: literatura beltza, mundu onirikoa...

        — Nere ustez joera hau POTTekoen artean konstante bat da, exotismoarena alegia, erreferentziak kanpoko haizeetan bilatzearena. Praga, Txina, New York, Constantinopla,... ageri dira haien poema eta ipuinetan.

        — Hau ere ZORIONeko artikulu horretan datorren beste proposamen bati kontrajartzen zaio, bertako egoerak aztertzearena alegia, eta horren bidez estilo eta idaztankera propio bat lortzea. Nolabait esateko, Atxagak gorrotatzen duen "euskal izpiritua" legoke hor. Nobela frantsesaz edo alemanaz hitzegin daitekeen eran euskal nobela bat hezurmamitzea. Ez Atxaga ez beste POTTekoak ez dabiltza horrelako euskal estiloaren bila. T.S. Elioten oihartzuna Sarrionandiarengan, inspirazio-bide kanpotiarrak Ruperren beraren musikagintzan... oso nabarmenak dira

        — Ildo horretatik metaliteraturaren arazoarekin egiten dugu topo. Literaturaren literatura egin nahi da, eta hau nahiko arriskutsua da. Ez dakit parean jarri daitezkeen, baina azken urteotako euskal nobelak datozkit gogora, kanpoko zenbait idazle edo obratan jarri begiak eta halako zerbait egin nahi izan da. Nork uka Anjel Lertxundi ("Ajea du Urturik") eta Garcia Marquezen arteko lotura? edo Saizarbitoria ("Ene Jesus") eta Becketten artean; Patri Urkizu ("Sekulorum sekulotan") eta Joyce... jakina, modernitate horretaz jantzitako produktoak ateratzen dira, baina konparatzen hasten zara eta kaxkarrak iruditzen zaizkizu.

 

III

 

        — Bueno, orain beste zerbaitetara alda gaitezke, Atxagaren kritikaren zenbait pundutara, esate baterako. BRAGAn, hain zuzen, hemengo kritiko batzuen joera zigortu ondoren, zenbait ideia faltsu desegiten ditu, hala nola euskal izpirituarena eta beste zenbait. Bere araudioetan gure tradizio espainola erreibindikatzen du, esanez aberrazio bat dela hori besterik gabe ezabatu nahi izatea, existituko ez balitz bezala. Kristau tradizioaz ere berdintsu dio. Honi ZORIONeko testu bat jarriko diot parean: "Hemen komunitate bakarra gara: euskaraz askatasunean bizi nahi duen erdaraz (hala beharrez) eta euskaraz baliatzen diren gizataldeek osatutako herri-proiektu bakarra" Nabarmena da bi planteamenduon arteko aldea, ez?

        — Noski. Batean errealitate hau onartzen da; bestean postura ideolojiko bat hartzen. Atxagak ideiolojizaziotzar joko luke hau, hiperpolitizazioaren ondoriotzat.

        — Bide honetatik, espainol tradizioa onartzetik alegia, POTT-TROPIKALeko beste pasarte batzutara iristen gara. Kultur egoeraren kritikarekin jarraituz, hona hemen zer dioen: "Horregatik (lehen deklarapen tropikala): euskal literatura zentzu geografikoan hartuko dugu hemendik aurrera... herri honen litartura erdaraz egina izan delako". Era honetan, ez bakarrik emaitza horiek onartu, baizik eta idazle euskaldunak euskaraz eta erdaraz idatzi behar duela defendatuko du (ale honetako elkarrizketan ageri da hau). Postura ideolojikoek, nolabait esatearren, etika politikoak ez duela egitekorik literaturgintzan alegia. Ez da txantxetako gauza.

        — Aurreko horrekin alderatzeko, MERMELADA USTELAn datorren beste testu bat alda daiteke honetara: "Euskarara kreatibitatea,... euskarazko testoetan besterik ezin identifika gaitezke. Irrazionalkeria hutsa beharbada, motibazio subjetiboak noski, inkonszientean eragin afektiboak, ur amniotikoaren epelean flotatuz jasotzen direnetakoak. Ez dira arrazoi makalak literatura egiten duen inorentzat". Hemen ere nere ustez, ideolojia/literatura bikotearen arteko kontraesana soluzionatua dago. Literatura egiteko gogoa eta beharra euskaraz eginez sentitzen da bakarrik. A priori har litekeen erabaki ideolojiko baten ordez ("Euskal Herria eta euskara hilzorian daude, beraz nik euskaraz bakarrik idatziko dut"), beste zerbait dago hor, hau da, nik literatura egin nahi dut batez ere, hori da lehena, baina sormen hori, kreazio bulko hori, euskarari erabat atxekia sentitzen dut, literatura eta hizkuntza disoziatu gabe.

        — Arazo honetan askozaz gehiago sakondu liteke. Dena den, literatur ikuspegi batetik ere eztabaida daitekeela esaten da hor, eta hori da garrantzizkoena nere ustez.

        — Hari mutur asko atera ditugu, hor dago ideia piloa solte, garatu gabe. Baina gehiegi luzatu gara eta hementxe moztuko dugu.

 

        Gure ustez Atxagaren iritzi eta planteamenduek izan dutena baino askoz oihartzun handiagoa merezi dute. Gauden egoera honi irtenbiderik aurkitzekotan, nahitaez eztabaidatu beharrekoak dira hark darabiltzan gaiak. Guk hauetako zenbait azaldu besterik ez dugu egin nahi izan beste norbaitek jarraia edo erantzuna emango dien esperantzan.

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.