L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-2 (1980-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ilunabar baten iraupenean

 

Zornotza

 

Paper, boli, ideia posibleak eta une honetan nabaritzen zintuzkedalaren jakinean ez zaituztedan guztioi, ongi etorri, berriz ere nire gogoetara makurtzeko prestu zaituztedalarik.

        Idazten ari naiz eta leihoari bizkarra ematen ari natzaio. Eguna bukatuz eta ilunabarra sortuz doa, baina leihoa ez dut deusetarako ere begiratzen. Bai, badakit egunaren garai honetan ematen direla forma eta margo xarmantagarriak. Agian, inoiz sorpresarik egotekotan une honetan agertzen duela. Baina, gaur ez, ez zaizkit axola xarmantagarritasunak ez eta inola sorpresak, bitxienak balira ere. Ez nituzke nabarmenduko merezi luketen bezainbat, edo, nahi bazenute, ezingo nizkieke bere xurgoak atera ahal izango. Nire ahalmen posibleak muga ezan daude eta nire burua ezingo luke gailendu; frustrazioa sortuko litzaidake, ezerezaren hurrengotzat, bakartatearen inposibilismoa nire buru jagole nuke. Irudiak begietako mugetatik edo mugetan barnetik atera ezinik leudeke. Sentidua hor nonbaiten, altxorren baten..., kandadoa bide du gainera. Hau hala bada, hobe ez begiratzea zure at-ekoa eta zure at-erako bide guztiak kontrolatuz barneari so, behar bezain bat egonez, izanik.

        Badirudi sei hormetako logela honetatik beretik ez dagoela ateratzerik. Ideia posibleak jokoan daude baina gehiegi ez daude konbinatzerik. Argia dator zuzenik nire begietara eta ez du, zeharka baino, objetuak formatzen, bere informazioa deformatua datorkidalarik, gainera ez dago elemendu gehiegi bere errainuak non projektatzeko, eta daudenen gehienak ez dute bat ez ezik, baina hitsita dago.

        Musika bat nere belarrietatik arrastaka, baina heldu da. Nire barnerako atea xamurki jo eta... zalantzaz gero sartzen uztea erabaki dut. Nire ikuspegiak kolorez erantsiak bestelakotzen ari zaizkit; ia motorraren zarata atsegina zait. Musika lantzean behin ez dantzut, baina ilusioak agertzen dira: existentziaren ilusioak, Urumea itsasoratzearen sujerentzia, olatuen gaineko apar mugagabea, umetxo baten irrifarre zabala, osasunez besterik, adjetiborik ametitzen ez duen horietakoa, zu zarenaren besteen kontzientzia, alderantzizkoa suposaturik dagoenean, norbait sentitu ahal izatea, senti dezakezun norbait zu zarenean kontziente izatea, norbaitzuk elkarren kontziente izanik, elkarren ganako kontaktu mentalen bila arituz bide ezezagunetik barrena balio izkutuak deskubritzearen ilusioa, edo eta, "zera" inexistente batzuk posible egin ahal izatearen ilusioa. ILUSIOAn badirudi ilusioak sortu eta lortzen direla eta ilusioak lortuz zorionaren gako ezjakinaren aurrean topatuko zara, finkaturik bizi eta zu ZEU izango zara. Ilunabarra deuseztu eta gauarekin batera dena dirdir. HAU EZ DA POSIBLE!!!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.