L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-2 (1980-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Mikel Anza

 

Kale aldapatsutik behera joatean ikusi nuen taberna, inguruan zegoen bakarra zela ohartu nintzen bizpahiru kale beheruntz joatean. Nerekin gurutzatu zen jendeari, jende iluna bestalde, taberna bat non zegoen galdetzen ez neritzon bidezko.

        Kaletik ez dakusat barnekoa, kristal koxkordunak begien altura baino piska bat goragora iristen dira; gero beira normala dago eta lonja handi bat dela asma daiteke, ke asko eta zapaitik lanparak oso beheraino jeisten dira. Arrats iluneko arnas kutsatua sakonki hartuz bultza dut atea. Sartu baino lehen asmatu bezala, barneko buru guztiak nigana zuzendu dira eta aurpegi ilun, bizar hasi berriak, begi nekatutak, saldotan erositako kamisak, esku orole edontzi bat azaltzen didate. Nire begiak lurrera.

        Sartu eta berehala ikusi nuen, barraren ondoan, horman urrutizkina, gorria eta berrietakoa, oliotsua ere agertzen zen, barmanari, mutil gazte bati, baimena eskatu nion eta segituan sakatu nion botoitxoari, deitu nezakeen, eskerrikasko eta ez horregatik. Dena zela hats estraino bat nabari nuen giroan. Markatzekoa entzutekoan duten urrutizkin bat zen eta bat bestearen atzetik etorri zitzaizkidan zenbakiak burura, behatz ttipira esango nuke. Bat, bi segundu eta...

        Komunikatzen ari da, ez da posible, bai komunikatzen, ez da posible, komunikatzen ez da posible, komunikatzen ez da posible, bere lekuan eskegituko dut eta berriz markatuko dut zenbakia, agian, linea gaizki jarri dute telefonikan edo kolgatu dute iadanik urrutizkina. Mutila begira dago, mosto bat eskatuko diot...

        Eta zein txarto zegoen mosto hura, deus nerea! Edontziak gaztai usain bat zerion eta dastatuz gero beste mostoen zaporea ez nion atzematen inondik. Berriz markatu nuen zenbakia eta... ez zen posible ez!

        Komunikatzen zegoen, komunikatzen zegoen, eta bapatean klok, klok, klok beste bederatzi klok arte; taferna guztietan dagozen boloen makina batetan norbaitek bost durokoa sartu eta zortearen kolpeak, algarak, eta zortedunak besteei iseka eta parreka bere zorte onean bapo! bainan komunikatzen jarraiki zitzaidan urrutizkina eta bigarren aldiz kolgatu nuen.

        Mostoari beste zurrupada bat eman beharko diot, beste behin markatuko dudan bitartean, makina bitxia, bainan ducadosak nagusi, zaila izango da mando hoiekin esku-mekaniko hori ongi maneiatzea eta viston paketea ateratzea nahiko timo izango da, celtas pakete bat ere badakusat hor ezkutaturik... ogerlekoa botatzera doa potzolo hori. Mekanikoki markatzen dut urrutizkina, faborez linea eman diezaidatela, desesperatuko naiz bestela, burua galduko dut, hara! erori zaio... eta bazuen viston paketea harrapatuta, pena potzolo, motzolo, pena.

        Kaka usaintsua zen hura! komunikatzen berriz ere; eta aldameneko koadrila futbolaz hizketan ari zen, orain dela urte batzuk orsai ez zela orain bezela zion batek zihurki eta gaztelaniaz, ondokoak irripar lotsati bat gorde zuen aho ertzean eta beste batek sutsuki ekin zion futbolaren koiuntura berriak hori zergaitik aldatu ez zuen arrazointzera. Nire urrutizkina epela ez ezik beroa bazegoen eta belarria gorriturik.

        Linea moztu arte ez dut eskegituko urrutizkina bere lekuan. Orain sartu direnak zihur lantegitik irten direla orain minutu batzuk. Hamaika baltz, gehiegiegi hi! Errenkan jarri ditu eta ze gozada denak betetzen, tanta batzuk erori zaizkio hala ere. Ordaintzearen kontuak beti dira aldebresak, txinotara botatzen dute ordainketa; hala! seriotxo korbatadunari tokatu zaio, bere lagunak trufatzen diren ikusiz oso lagunak ez direla pentsatzekoa da.

        Eta moztu zitzaidan linea, bainan nik zutik jarraitu nuen; eskegitu nuen urrutizkina eta mosto nardargarriari azken zurrutada eman nion. Urrutizkina hartu eta zenbakia markatzea izan zen nere eginkizun bakarra handik aurrera; jendea tabernatik irten zen eta berria sartu, tartean kearen aire lodixka garbitzen zelarik eta denek begiratzen ninduten, eta zer esanik ez barrako mutilak.

        Itxura egiteko ere ez nion eskatu beste mosto bat. Habanos arrotzak azaldu zirenean ere ez nien jaramonik egin; harrapalada bat egon zen ene aldamenean eta barmanari paketeak eskutik kentzen zizkioten. Berriz ere moztu zen eta berriz ere jarraiki nintzaion eginkizunari. Zenbat debora ez dakit...

        Ze ordu da mesedez? eta galdera egin nion; gizon bibotedunak eskumuturra erakutsi zidan. Eskarrik asko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.