Burnitik
Jokin APALATEGI. Ed. Kriselu. Donostia, 1979
Josu Landa
Beste arlotan hain ezaguna den egilearen eskutik bere poema guztien antolojia bat besterik ez den poema sorta datorkigu. Herbestean eta errepresio giro batean sorturiko poemak ditugu honako hauek. Nabari da. Nazio arazoa eta gizarte arazoa, pertsona arazoa bilakatzen zaizkio egileari, eta errealismo huts batean isurtzen ditu bere bapateko sentimenduak.
Gezurra dirudi oraindik arestizaletasunaren harrietaherrizaletasunaren, hobe esana aztarnarik aurkitzea posible izatea. Bilboko gizon urbano mitiko horren poemaren denbora joana zaigu, eta balio historikoa soil-soilik zuen poema sorta batek ahazturik egon beharko lukeela uste genuen. Baina ez. Luis Haranburu editoreak berak aitortu zigunez, Arestiren jarraitzalea dugu Jokin espresiobide aldetik batez ere, baina Aresti "ïnimitablea" omen denez, Haranbururen ustez, eta gure ustez denborak horrela mugatzen duenez, "harri eta herri"ren poetikari eusteari anakroniko eta ezinezkoa deritzogu. Bi poema egile hauek elkar gonbaratzen ditugunean, ez ditugu globalki gonbaratzen. Hemen bakarrik estruktura poetikoei gagozkie batik bat, nahiko ezberdinak gertatzen bait dira beste elementu batzuk gonbaratuz.
Euskal poemagintzaren mundua urria denez, pentsa zitekeen poesia liburu eta estilo guztiak onartu beharko liratekeela. Guk esetz uste dugu ordea. Liburu baliorik gabe asko argitaratzen ari da gaur egun, gure iritziz. Idazle berririk plazaratzeko ez bada, horrelako argitarapenei izenkeria hutsak deritzegu. Izenaren hiperbaloraketa bat gertatzen ari da euskal literaturaren liburugintzan; horren kontra borrokatu beharra, gure ustez.
|