L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

Bertsoaren ezpata

Iñaki ZABALETA. Elkar S.A. Donostia, 1979

 

Josu Landa

 

        Poema liburu interesgarri bat. Aldez aurretik. Hari berria somatzen dugu Iñakiren poemengan. Zer da liburu honi interesa ematen dion zera? Ikus dezagun. Egilearen hitzez, "Bertsoaren ezpata" "poema drama bat" litzateke eta kontzeptu definizio hontan zer edo zer adierazten zaigu liburuaren edukiaz. Badu osotasun bat liburuak; ez da beraz poema bilduma soil bat. Egilearen hitzez berriz, liburuaren ardatza "prozesu judizial bat da, poeta bati (denok garen poeta horri) egiten dioten prozesua". Alde hontatik badu klasikoenganatze baten oihartzun bat, eta poemen tono epiko eta dramatikoan nabari da. Konturatu gabe, irakurleak deklamazio antzeko zerbait antzematen dio testuari, eta poemek uzten duten lehen inpresioak, antzinako dramak dakarzkigute gogora.

        Bestalde, —eta orain arte esandako guztia kontutan hartuz—, espresio aldetik zerbait berririk suposatzen du; gauza handirik ez bada ere. Molde tradizionaletan erreturik, erresultatu aski interesgarriak agertzen zaizkigu. Metafora, gonbarazio eta beste eratako tropoak erabiliz, oso arlo sinboliko berezi bat lortzen du poetak. Naturak inguratzen du Iñakiren hizkuntza poetikoa. Errazkeria eta naturara jotzeak dakartzaten topikoetatik ihesaldi batean dabil Iñaki. Oso hizkuntza poetiko pertsonal eta interesgarria sortzen da prozesu genetiko hontatik.

        Hau guztia irakurriz, antzeman genezake obra klasiko-usaidun bat dela. Okerrean ginateke. Zabaletaren obran ez da horrelakorik gertatzen. Molde klasikoak formaren aspektu oso konkretu batzuei dagozkie. Gaurko poemagintzaren bide berritzean —hontaz buka dezagun— oso pauso interesgarria deritzogu Zabaletaren lehen liburu honi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.