L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa (1980) —Hurrengo artikulua




 

 

T. Irastorza

 

Esaidazu

zer pentsatzen duzun

nitaz

"Bic" merkeaz

izkribatutako poema:

zer sentitzen duzun

nire arnas hotza

eta odol beroak

ezin itzal ditudanean;

zer,

pelota bat eginik

ezkerreko txokoko paper-ontzi funtzional horretara

botatzen zaitudanean;

zer,

garrasika etorri

eta nere minak

zeure koadratu tristeetan

itotzen ditudanean.

 

(Esnai - ametsetan ari nintzen

eta erantzunik gabe

ikusi naizenean,

zu ere,

orri merke despreziatu

misterio bat zarela

ikasi dut:

maite dudan

misterio koadratua

gauza guztien gainetik

maite zaitudan

orri orian

izkribatutako poema)

 

 

 

Hitzak katibu izango dituzu, hitzez mintzatzea beharturik izango zera, ondea.

ORDUAN, zentzua galdu duten hitzak baztertzea

erabakiko duzu. Baina, hitz hoiek kajoian sartuz gero

jueza eta Berdugo

sentituko zera.

 

Eta ezeren jabe ez zarenez, eta ezeren jabe

EGON nahi ez duzunez, eskubiko sakeletik giltza aterako duzu eta

Askatasuna emango diezu.

Orduan, haiek zure jabe eta zu haien jaun izango zarete,

Eta morrointzan dagoela jabetasuna

Konprenituko duzue,

 

Honela, poemen mamiaruntz - hau da

biziaren ESAN-NAHIaruntz-abiatzen den bidatxurra ïrikitzen hasiko zarete.

(Erreka ertzean. Eskuen bidez)

 

 

 

Erreza izango zaizue lehenbiziko orduetan. Baina, laister aurkituko dituzue gorputz handiko harriak. Eta hots piskat egin bezain pronto, argiak piztuko dira inguruetako etxeetan. Eta dena konprenitzea uste duten jantzi batzuk irtengo dira lehiora. Batzuk, zeren eta zuek egiten ari zeratena bere liburuetan ikusi ez dutenez, erreportajea egitera irtengo dira.

        Beste batzuk, zuek ireki duzuen bidatxurra herentziz aitonengandik errezibitu dutenez, lurreetatik doanez eskutada bat zikin kentzea debekatuko dizute. Baina, zuek aurrera jarraituko duzue, Gizonak agintzen ez duen haize boladak bultzaturik.

        Laister, hainbeste eta hain estraino diren gauzak ikusirik "Pentsa dezadan" esango duzue. Eta berriz, ezer ez duzula konprenitzen, konprenituko duzu. Eta erreka ertzean eseriko zera, ura edanez lastozko poemapean lo egitera.

 

 

 

Aurrean, lastozko poemapean txirbillezko hitzak batuko dituzu poema egin nahirik. Baina ez zaizu poemarik agertuko, h-i-t-z-a-k baizik.

        Aurpegia eman ez nahirik, lastozko poemapean jarraituko duzu. Eta hori bakartadea! Bakartade hutsa, hustasun beltza, kezkarik gabe egon nahia.

        Egunen batean, haize bolada sartuko da lastozko poemapera, zeure burua engainatu nahirik larrua ispilu aurrean admira nahi zenuenean, eta ikusi nahi zenuen perfekzioa desegiten hasiko da.

        Gauaz, ez zaitu loak hartuko. Egunez, ez duzu atsegin izango. Kristalezko ispilua apurtuko duzu. Lastozko poemak hautsiko dituzu eta izarpean biziko zera, dirurik eta etxerik gabe mundu guztiaren jabe. Denak izkutatzen duena AITORTUAZ: Munduan aberastasuna diruaz erosi nahi dutenak direla miserableenak. Eta zu izanen zera POEMA BAKARRA.

 

 

 

Tranka botako diogu.

Atalaraz iretxiko dugu.

Guretzat

bakarrik

ezin

bizi gaitezke.

Mila gizonen înfernuaren

su tartean

ezin

habirik egin

bintzat.

Irten gaitezen kalera!

Elkar maitatzera,

mila gaudenik, bat

ezik ezkera.

BAT,

gaur mila garenok

BAT, gera

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.