L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mermelada Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

Ni bezala zaratak hartutako etxe batetan bizi baldin bazara, ixuri itzazu pausoak hitz hauen kaleetan barna ilunabarrero, edo eta, azken soinua itzalitakoan, jaitsi zaitez kaiara, egin iezaiezu agur tiraleak egitetik iadanik aspertuta buru-makur ageri diren gruei. dasta ezazu zeure eztarrian izen arrotzen laztana, deletrea itzazu bandera ezezagunen aberriak, ase itzazu begiak jarrera estrainotan fosildutako burdinez, grua flotanteak hipopotamo bat dirudi, itsasazalean isladatzen hasiak diren argiak eta keak abandonatutako tximinia luzeak.

        Marinel holandarrek skol & cognac eta komodoroa urkatuko dutela, binaka doazen ezkongaiak, aurreko ontzi hau liberiakoa da, trenbidea, bagoia, ikatza, non dago liberia, hatzamarta herdoilduak, kresal usaina, aingurua zaharrak, boiak, arrantzontzi lotuak, eskailera labainak, Txileko fosfatoa eta Gineako enborrak, ah, grumetea izateaz amets egiten genueneko korsario beltza, soldadura utziak, karabinero estraperlozaleak, kablea, kuilara, kakoa, enbarkalekua, mastak, mangera, traktore sudur-motzak, komunak, erlojua, tailerrak, tinkagailuak, burdin-kizkurra, asturiano hordiak, kristal zikin hautsiak, zenbat ontzi galdu ote da sarrerako arroketan.

        Toldo berdez estalitako fardoak, tegi berriak, ate gris hertsiak, batelak eta txintxorroak, begira, ea dakizun nongoa den bandera hori, draga, kontainerrak, kamioiak, garai batetan platanoak ekartzen zituzten, eta kokoak ere bai, eta kafea, eta azukrea, oraingo marinelek ez dute areterik erabilten, aduana, komandantzia, bizikleta zahar bat, kai honek kuadrantea du izena, pertsiana berdetako etxe horretan bizi naiz ni, azetileno botilak, katemailak, euria ari duenean oiloipurdia egiten zaio itsasoari, eta zu begira geratzen zara, ezertan pentsatu gabe, begira, euripean, isilpean, orain bezala, ni bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.