Foi preso dia 6 do 6/73 na Estacion
Izena.
David de Oliveira Fernandes.
Aitarena.
Armindo.
Amarena.
Maria.
Adina.
Hamalau urte.
Sorlekua.
Viana.. Portugal.
Bizibiderik?
Ez dut.
Atera sakeletan duan guztia... Painuelo bat, sosak, tabakoa. Besterik? Labanik edo?
Deus ez.
Antonio! Katxeatu ondoren hatz-arrastoak hartu honi.
Hator!
Ume koskor bat ekarri dute.
Portugesa. Beste portugesekin agudo ohituko da.
Zergatik ekarri ote dute?
Ohikoa: muga ezkutuz pasa nahiean edo paperik gabe edo galdua
atzeman dukete.
Ez dirudi okerrerako gauza.
Ez, bainan hemen ikasiko du. Landuko dute.
Hau duk gure patioa, hura politikoena, beste hartan frontoia zegok eta laugarrenera hobe duk ez azaldu.
Zer ba?
Gaztea haiz, biguna... Egunen batetan esplikatuko diat. Artean ez joan. Ogirik, ardorik edo bestelako gauzarik baduk, karameloak, tabakoa... ongi gorde, ohostu eginen diate-ta.
Hemen ere lapurretan?
Hemen uste baino gauza gehiago gal daiteke. Gure dormitorioan inorekin ez fida. Gauza asko.
Hara, hor dabil portugesinoa.
Lasai. Hori bezain gaztetxoak sarri ikusiko dituzu.
Pena ematen dit.
Ez dut uste denbora luzean iraunen duenik. Hurren trasladoan eraman eginen dute.
Erreformatoriora ala?
Ez. espetxez espetxe bere aberri ondoraino, mugaraino. Han ardit bat emanen diote, ta buelta ihes egin zuen lekura.
Konsuladoak egin zezakeen zerbait.
Tabakorik ba ahal duzu?
Ez.
Bai, ba duzu. Ez ahal didazu emanen?
To zigarro bat. Hator hona. Hemen jezar hadi ene ondora. Begira... badakik, ni zaharturik negok, hotzak hiltzen nauk.. gaur... hire ohera uzten banauk... pakete osoa emanen diat...
Ez dakusat portugesinoa.
Eraman egin dute goizean goiz. Pauso baldarra zuen eta lau zigarro-pakete. Pozik zirudien.
|