L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —<porr0413>




 

 

Optimismo eta pesimismoaren kontra

 

Felipe Juaristi

 

        Optimismoa

        "Ez dago inongo arrazoirik optimista izateko" esan nion neure buruari hogeitahamaika urte bete nituenean. Bestetan bezala ez triste ez pozik ez ezer nengoen egun batetan. Urteak pisuak ziren harriez betetako gurdi baten antzean eta gero eta ezdeusago ikusten nuen neure burua urtekada hori eramateko. Hogeitahamahirurekin suizidatuko nintzela erabaki nuen. Ez triste ez pozik ez ezer egoten jarraitzen dut, odolarekin nahastu zaizkit ezerezaren abarrak, hagin batenak balira bezala, kolore okre horretaz kutsaturik. Den-dena udazkenekoa bihurtuz.

        Nire jaiotzari buruz esan dezaket W. Benjaminek bereari buruz esan zuena: "Saturnoren zigilupean jaio bait nintzen: desbideraketa eta atzerapenen astroa, zerukoen artean mantsoena goian nuela". Zergatik segitu behar dut bizitzen?

        Elias Canetti, idazle miresgarri horrek, Hermann Broch beste idazleak berrogeitahamar urte bete zituenean eta berak nik orain ditudanak zituelarik, zera esan zuen, berrogeitahamar gizonak bete behar lituzkeen erdiak besterik ez zirela.

        Zergatik ehun urte eta ez berrehun edo-ta hirurehun eta hogeitahamazazpi? Canetti optimista bait zen. "Bizitzaren laburrak gaiztoak egiten gaitu" utzi zuen idatzita. Eta bere "Masse und Macht" arretaz irakurri ondoren bata konturatzen da kontserbadore xamarra ere bazela.

        Zer egin dezake gizakiak ehun urtetan?

        Aurrenekoetan egin ez duena egingo duela sinistean dago optimismorik inozoena. Maitasunak ezabatu dira nire bizitzan, mendi kaxkoa sasoi batetan zuritu eta ederresten duen elurraren moduan, beroarekin urtzeko gero. Nire lagun Inaziok esango lukeen moduan "ez dago azukrerik nire arimaren belazeetan". Eta jakina da azukrea dela bizitza gozatzen duena. Esan behar nuena aspalditik esana zegoen, ni jaio aurretik ere, eta ez dut gogoko hitzen inflazio eta meta, silaba eta hizkien saldoa ezer berriren aintzindari ez badira.

        Baina zer da berria?

        Ezta idazten ari naizen testamentu aurreratu ere, oraindik urte bat (artikulu hau idazten hasi nintzenetik amaitu dudan arte urte paseatxoa bait da) daukat lurrean irauteko, naturalezaren gora-beherek besterik agintzen ez badute behinepein.

        Mundu honetan ideia berririk sortu daitekeela pentsatzea da optimistorik optimistena.

        Gizonek emakume bera dute maite, poetek poema bera idazten dute. Dena errepikatzen da, urtaroen temaz.

        Maldizioa da horregatik norberaren errepikapen eta luzaera izango diren kreaturak munduratzea, hitzez, silaba, hizkiez badira ere, haragiz eta hezurrez izan beharrean.

        "Ez dago inongo arrazoirik optimista izateko" diot neure buruari.

 

        Pesimismoa

        Hala dio Cioranek: "pesimistak egunero bizitzeko arrazoi gehiago asmatu behar ditu: bizitzaren 'zentzuaren' biktima da".

        Hortik atera daiteke optimistarik optimistenak ere pesimistak izan daitezkeela.

        Dena aldatu daitekeela pentsatzean datza optimismorik idealistena. Iraultzan siniste hutsak ez du inor iraultzaile egiten, zeruan sinisteak inor zerutiar egiten ez duen bitartean. Iraultza egin behar bait da. Iraultzak jendearen baitan zeruaren tokia hartu du, eta horixe da askorentzat bizitzaren arrazoia. Baina zeru bat beste zeru batez ordezkatzea engainua izateaz aparte, lelokeria handia da. Heriotzaren arrazoia ez denean. Optimista denak, dena aldatu daitekeela pentsatzen duenak badu dohai berezi bat, bere buru inguruan koroi baten moduan agertzen dena: esperantza. Zera zioen esperantzari buruz La Rouchefoucauldek:

        "Esperantza, nahiz eta gezurretakoa izan, baliogarri zaigu bide eroso batetik zehar bizitzaren azken muturreraino eramateko". Hortik atera daiteke konklusio gisa, ez esperantza gezurretakoa denik, gezurra ere onartuko genukeela horrek barne lasaitasuna (bide erosoa) emango baligu. Autoengainuan bizi gara egunaren ordurik gehienetan, minutu eta segunduak igarotzen ditugu geure buruari gezurka.

        Durruti, iraultzaile handi horrek, zera zioen: "Txikitu dezagun mundu hau, beren errautsetatik beste berri bat sortu dugu". Mundu hau inoiz baino sendo eta zutunago dago, geure errutsak direla medio gero eta gogor, indartsuago. Geu gara txikitu garenak, aldatzeko egin diren saio guztiak zakur-suak izan dira, gar eta kea zeruan. Polbora usaia. Ezereza.

        Jende askok sentitzen dugun frustrazio eta nazkak gezur batetan sinistean du oinarria: historia eta bere progresoan.

        Historiaren progresoa kanposantuetara doala konturatu arte. Historia kontatu diguten gezur galanta izan denaz jabetu garen arte. Gau batetan gu lasaitu eta loak errazago hartzeko kontatu ziguten ipui bat. Badakizkigu ordea ipui guztiak.

        Asetu ginen droga horretaz. Esperantza udaberriko almendroetan agertuko zelakoan, horien lore zurixkek pozgarriren bat ekarriko zutelakoan geundenean. Eta horren ordez arbola usteldua ikusi genuenean, desitxuratua erabat.

        Gezurrak dena itxuraldatzen bait du, ederra itsusia eginez, eskuragaitza eskuragarri.

        Horregatik maite dugu gezurra.

        Eta gezurran bizi garenean agertzen gara optimista eta optimista izaten ohitzen garenean beti ari gatzaizkio geure buruari, arrazoi eta arrazoi gehiago ematen bizitzen jarraitzeko.

        Pena merezi al du?

 

        Eta zer?

        Baten bati baino gehiagori irudituko zaio nire diskurtsotxo hau atzerakoi eta erreakzionarioa, progresoaren kontra dela argudiatu dezake ere. Ez da berria hala ere, horrelako argudio baten kontra atera izan behar bait zuen Albert Camusek, pesimismoaren aldeko eritziak defendituz.

        Progresoa, garai hauetako jainkoa bait da. Historiaren zentzua erabakitzen duena. Frantziako Iraultza burututakoan horixe bera egin zuten Arrazoiarekin. Jainkoen beharra bagenu bezala.

        Beste zenbait tokitan aberria da jainko bihurtu dutena, aberriaren sakralizazio bat ekarri dute. Paskutan lehen elizetan oihal morea zegoen bezala, orain dirdirakor ageri dena zera da, beste oihal bat, aberriaren kontzientziaren errepresentatzailea.

        Eta beste zenbait tokitan nagusi eta aita zaharren tokian beste berri batzuk daude.

        Aiten beharra eukiko bagenu bezala. Eta zer ajola neri?

        Orain urtebete bat hogeitamaika urte bete nituen eta hogeitamahiru betetzen nituenean suizidatuko nintzela erabaki nuen. Beraz, propinako urtean bizi naiz. Tximistak noiz erdibituko duen zai dagoen pago ustelduaren antzean. Haizeak jotzen duenean botatzen ditu lurrera bere hostoak, jakinik azkeneko aldia izango dela, eta ostoek lurrari ongarria emango diotela, eurien garaian. Eta bera tximista batek erreko duela.

        Ez dut optimista izateko arrazoirik aurkitzen. Irauten dut. Nere buruaren beharra banu bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.