Esposizio batetarako koadroak
edo pixa usain sendoa
Felipe Juaristi
Lehen koadroa
Jendeak plaza betetzen du, ez dago beste inorentzat lekurik, gizon-emakume, neska-mutikoak elkarren gainean ia-ia, kastoenak aurrekoaren usain gozozko ileak jaten eta lizunkoienak beste sexokoaren gorputz-borobilak beren gorputzez ikutzen eta eskuek hegan egiten dute hankatartera, besapera, ipurdi aldera..., beste sexokoen inguruan behatzak inguratzen, dastaka. Lurra dardar da, gainean duen humanitateak eraginda, etengabeko mugimenduan bait dabil, inora joan gabe, salto xumeak zolu gainean berriro lehen zeuden tokian erortzeko. Batzuek era berezi batez daude jantzirik: buruan kapelua, marka ez da irakurtzen erantsita dituzten pegatinengatik, baina izan daiteke frantsesa; alkandora luze eta normalean ñabarrak, arraidunak izan ezean; praka zuriak, mantxa gorrixka batzuez zipristindurik, justu-justu eskuetan dituzten botieletako edariaren igoalak kolorez; oinetan, plaierak. Plaza arras da ttikia, eta jendetza handia baina guztiek jaiak hasi direla aldarrikatu duen etxafuegori itxoiten diote, egonean egoteak pena merezi du, jaiak urtean behin bait dira, eta beraien gorputzek gora eta behera egiten duten guztiek dute poz sanoa deseatzeko motibo franko. Horregatik egoten dute parre.
Azken koadroa
Plazan jende gutxi geratzen da. Mutiko bat ari da txahala botatzen, mertzeria dendako eskaparatearen aurrean, eta ez ditu begiak ezta han ageri diren sujetadore eta kulero made in italykoak ikusteko, ez ditu begiak ezta zapatak zikintzen ari dela jakiteko. beste mutiko bat lurrean dago etzanda, puskatuta dago ondoko botila eta baliteke ebakiren bat egitea. Koadrila bat eserita arbola baten ondoan, neska-mutilak euskaldunen aspaldiko gloriak abesten, elkarren gainean, oihuka batak eta besteak. Noizean behin koadrilatik bat altxatzen da eta paretara abiatzen da, aurrez-aurre daude biak eta mutila dagoen tokitik zarata ttiki eta xumea dator, urarena edo. Koadrilara itzultzen denean bere atzetik erreka bat ari da jeisten. Eta haruntzago beste erreka bat, eta haruntzago beste bat, plaza osoa da erreka ttikiak biltzen diren itsasoa. Tabernak ordu horretan itxita daude eta ez badaude ixtekotan dira, horko tabernariek zerrautsa bota bait dute lur gainean. Bero dago, eta airean usain ikaragarria, sekulako pixarena, pixen pixaren usain sendoa itsasgarria. jaietako lehendabiziko eguna. Inork ez du parrea erakusten.
Erdiko koadroa
Tabernak jendez beteta daude eta jende guzti horrek badu baso bat edo botila bat eskuan: gizon edadetuek ardoa edaten dute, emakume edadetuek bitterra, ez gazte ez zahar direnak konbinatuekin ari dira, gizonezkoek Gordonsekin eskatzen dute, eta gazteek zerbezari ematen diote. Kamareroak zerbeza beroa zerbitzen du, hainbeste edan da eta kamaran zegoen zegoen hotza auskalo non dagoen, eta zerbeza beroa eztarritik eroso pasatzen da, eta barreneko tutuetatik zehar urdailera iristen da eta hortik beste bide bat hartzen du, nekezago ez dena, esteetakoa, eta zerbeza beroa puxiketan pausatzen da. Giltzurrunak nekatuta daude. Tabernako komuna itxita dago, zerbeza edaten ari dena pixagura da. Eta bera bezala daude tabernan sartu diren guztiak. Eta beste tabernetakoak. Jai ederra ari dira pasatzen, puxika mintzen zaie eta libratu egin behar dute nolabait likidoa. Batek aurrean zabaltzen den paretari begiratzen dio. Besteak ere bai. Eta besteak. Eta paretan ez dago katuarentzat adinako lekurik. Oraindik ez da arratsaldea eta plazatik usain mikatz eta sarkor bat zabaltzen da, pixarena. Baina jaiak dira, urtean behin ospatzen direnak, poztu beharra dago, ez da beste erremediorik. Plazako txarangek horma-txoriak ere sorgortzen dituzte, zarata izugarria da, desafinatzen dute ausarki, edozein pertsona sentsible Santa Agedara eramateko moduan, baina jaietan dauden belarriek gehiago agoantatzen dute, urtean behin dira eta. Koadrilak saltoka ari dira, beraien jantziek uniformeak dirudite, izan ere jaietan ere ez dira ahazten borrokan daudela, gremio sentimendu batez denak antzera daude jantzirik eta artaldearenak izan zitezkeen keinuak dituzte erakusten, batak egiten duena besteek errepikatzen dituzte. Begia erortzen zaie nesken koadriletan eta imajinatzen dute aurten bai, aurten ligatu eta bustiko dutela txoritxoa, eta nola badakiten edariak ematen duen adorerik gabe ezdeus direla, beste taberna batetan sartzen dira, eta txoritxoa busti ez baina gorputzeko beste zati guztiak blai-blai, eta kontrakorrientean sartzen dira, tabernatik jendea ateratzen ari bait da, eta Odisea eta Iliada da barraraino iristea dagoeneko beroa dagoen zerbeza edateko eta batek esango du "zerbeza honek pixa ematen du" eta beste batek "ez, pixa honek zerbeza ematen du". Urtean behieneko miraria.
Ondorioa
Gora gure herriko jaiak! Gora gure herriko jaietako alaitasuna eta poza, dena orden batetan! Edan eta egingo duzu pixa eta beteko dituzu parrastadez inguruko pareta guztiak. Eta hala ere gustora egongo zara. Urtean behin dira eta. Ohitura zaharra bait da jaietakoa eta ez zaizu edateaz aparte beste ezer okurritzen, eta bazter guztiak kakaztuko dituzu pixaren usain horrekin eta nazkatuko dituzu aldemeneko guztiak zure oihu eta zure likidoarekin. Eta barrena lasaitu ondoren berriro edango duzu, edan, edan madarikatuok, eta egin pixa kale gorrian, horretarako bait daude kaleak, pixa egiteko, eta ibaiak sortarazteko, eta ibaiak itsasoan hiltzen dira eta itsasoa pixa erreka galanta besterik ez da. Zuena.
|