L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Suizidio eta literaturaz

 

Felipe Juaristi

 

        «Gizona bere bizitzaren jabe, bere heriotzarena ere bada», idatzi zuen Leopoldo Lugonesek bere burua hil baino askozaz lehenago; Borgesek dioenez, maitatzailearen infidelidade-kontzientzia zela medio. Baina Lugonesek poemen munduan, mundu garden, sujerentea bestalde, sartzen bagara, sakeadore arrunten gisa, badugu herio kutsudunekorik, ez suizidiorako konbiterik baina. Beste idazleengan alderantzizkorik aurkitzen dugu, beren burua hiltzeko gomendio gutunak, suizidioaren erreinu dirudite, nahiz eta idazleok, hau paradoxa! batzutan berrogeitakoak izatera iritsi. Hau irakurtzen duela eta, norbaitek pentsa dezake idazlearen lanak ez duela bere bizitzarekin zerikusirik, edo lanak idazlearen mamu pertsonalen islada besterik ez dela, sarri askotan esan ohi den lelo hori: «idazlearena frustratuen artea da».

        Beti pentsatu izan dut artistek, idazleek eta poetek bezala (badakit bereizkuntza arbitrarioa dela, artistak maiz, gero eta maizago poeta bait dira, eta poetak artista), bi bizitzaren jabe direla, bi bizitzaren itsasoan nabigatzen direla: obraren bizitzan eta honen kanpoko, mundua deritzogunean; eta puntu batetan elkartzen badira, bi ozeanoak Esperantza Oneko adarrean elkar besarkatzen duten legez, esperantza hobera joaten direla. Eta egiazko bizitza (ez naiz egia zer den galdetzen hasiko, filosofo handiek bezala) ez da idazlearen kasuan lanaz bestaldekoa, bera agertzen zaiguna. Benetan gertatzen dena, bestea zer den laster adieraziko dut, letra inpresoan ematen dena da. Erreala, hitz honek zentzurik badu, orrialdeetako izkutulekuetan, zirrikituetan, isilunetan azaltzen da; fikzioa, idazleak berak sortutakoa sinisten duena da. Ez du erreparatzen pertsonaiek ematen diotela esistentzia idazle bezala; lientzoek Picassori ematen dioten legez, eta ez eternidadea ukitzen dutelako hauek kreatzailea traszenditzean (artistak bere obrerekin betirako nahi luke izan), ez bait dute denboraren pasea jasaten, gure ametsak bezain efimeroak dira. Idazlea, hilkor xumeak, kreatzailea dela uste du, bera kreatua izanik. Idazlea bere lanaren esklabu, gatibu da, eta zergatik harritu? Griegoek arima gorputzean gartzelatua zegoela, arima eta gorputzak nork bere izaera moeta zuela sinisten bait zuten, oraindik orain makina batek berea egiten duena. Pertsonaiek erabakitzen dute eta idazlea pertsonaiak da eta idazlearen sentsazioak liburuetakoak eta idazlearen instanteak lerroetakoak, hauek idazlea taxutzen duten neurrian. Honek Lewis Carrollen argudioa ematen du, ispiluaren beste aurpegiarena, edo Cortazarren ipui fantastiko moduko batentzakoa; hala ere, beti betetzen dena da, ahaleginduz gero edonork soma dezakeena.

        Idazlea suizidatzen bada, agure edo gazte hiltzen, bere lanak aginduz eta eraginez egiten du, honek idazten du idazleak berea sentitzen duen bizitza, eta une horretan, konfluentzia horretantxe bukatzen da dena, batek bestea gabe ezin bait du esistitu izan.

        Lugones idazlearen bizitzak batetik eta bere poematakoak bestetik elkar topatu zutenean suizidatu zen, han Tigrearen irla batetan, Buenos Airesetik ekialdean, horrela idatzirik bait zegoen, «bakarrik hiltzen daki une egokian hiltzen denak», esaerari ohorea eginez.

        Goethek, Wertherren eskutik, bere buruari tiroa botatzen dio. Goethe, «Werther» eta «Fausto»ren pertsonaia eta idazlea laurogeitazortzi urtez hil zen, lasai asko gainera, azken urteetan poesia erotikoa idazten zuelarik. Wertherren eta Goetheren patuak ez ziren antza, elkartu; beste pertsonaiek ez zuten hori onartu. Literaturak ez zuen hori eskatzen. Mendeko gaitza deitu zioten eta Espainian ere exenpluak ez zaizkigu falta: Larrak bere buruaz beste egin zuen, ez zuen honen obrak idazlearenganako erruki izpirik izan. Rivasko Dukea ere, Don Alvaro draman suizidatzen da.

        Frantzian, Nervaleko Gerardek farola batetik zintzilikatzeko gusto makabroa eduki zuen, epitafio idatz ziezaiokeenik gabe. Nervalek «Fausto» itzuli zuen 18 urte zituenean; jenioa izateaz aparte erotuxe omen zegoen. Nabarmenkiro agertzen da herioa bere poemetan, «Byronen pentsamendua» bat aipatzearren, «heriorik gabe ez dago literaturarik» zita egiaztatuz, A. Koestler, suizida berantiar honi arrazoia emanez.

        Maupassanteko Guy suizida kontsidera dezakegu, nahiz eta Eduardo Tijeras, suizidologo ospetsuak, eritzi hau ez agertu. Sifilisak jota, gaitz hori familiak herentzia zuen, erotzeko beldurrez, anaia bat horrela bukatu zuenetik, zintzurra ebakitzeko hiru saio ondoren ospitalera eraman zuten. Hamazortzi hilabete geroago hil zen, burutik zeharo joanda. Maupassantek, beraren aitorpena da, gai batzuri buruz oso gustora idazten zuen, heriotza, suzidioari buruz alegia.

        Pierre Drieu La Rochelleren kasuan identifikazio osoa dago obra eta hemengo bizitza artean. Ezagutzen dudan obrarik ezkorren, desesperatuen nihilistena bizi zuen: «Su fatuoa». Porrot, frakasoaren sentipenak estaltzen du nobela, bizitza osoa. Ez dago lekurik baikortasun, esperantzarentzat; Drieu La Rochellek, faszista Frantzian, izan ez zuen bezala. «Suizidatu? Ez dago beharrik; bizitza eta heriotza gauza bera bait da» irakurri ahal dugu liburuan barna. Suizidatu zen bai «Su fatuoa» obran bai alde honetako munduan. «Ez du ezerk inora eramaten eta denak leku guztietara» zen bere errealitatea. Aipatzen ari naizenaz aparte, eta geroago, beste liburu batzu idatzi zituen, suizidaren agonia antzean.

        Kasu paraleloa Silvia Pathena. Suizidio saiaketak, azkenean benetakoa. Tratatu zuten sendagileek maniaka depresibatzat zuten. Ero bihurtzeko ikarak bultzatu omen zuen azken erabakira, (Literatura eroen gordelekua ote da?) Bere poemetan, «Ariel»en adibidez, suizidioaren imajinak betetzen, zuritzen ditu bazter, bertso guztiak. Liburuak sarraski galanta egin zuen, jarraitzaile ugari suizidatu zen banan banan poetisa honen herio imajinek erakarririk.

        Maiakovskik ere bere buruaren hiltzearekin zertu zuen estadu sobietarrarekin zeraman auzia.

        Esenin, Paul Kleist, Kawasata, Celan, Virginia Woolfek, honek lerro ezinago hunkigarriak idatzi zituen heriotzari buruz, suizidioa aurkitu zuten hemendik ateratzeko bidean.

        Gure artean ere badago pertsona aipagarririk: Jon Mirande, Txillardegi. Jakina da Jon Mirandek eta ipui beltz, tetrikoek zuten elkarrenganako lotura, Poe maisuaren antzera (Poe suizidatzat dut, honen alkohol zaletasuna hiltzeko, bere buruarekin akabatzeko desiotzat daukat). Herio eta suizidio gaia sakonki bereganatua zuen. «Nil Igitur Mors est» irakurri besterik ez dago.

        Txillardegi, zorionez oraindik bizi da, suizidarik nagusiena da gure artean: bi aldiz suizida. Leturia, Elsa Scheelen eta saiaketa bat, Peru Leartzako. Camusek ere ez zuen, gaiaz idatzi zuenarekin, hainbeste egin.

        Idazle hauek ditut gogokoen, maiteenak. Idazle hauen lanak gozoen, hunkigarrienak. Aipa nitzake beste batzu, baina zerrendaren luzeak ez liguke datu berririk aportatuko. Aipa nitzake bizitza bateko beste suizidak ere. Aipatutakoekin aski dela deritzot, ordea. Behar bada, zehaztu behar nuke konfluentziaren, bi bizitzen arazoa, absurdoa egingo zaizuela bait dakit. Eta zer? Ideia lasaigarria iruditzen zait. Pertsonaiek aukeratutako bizitza ematen dugula pentsatzeak Jainkoaren jostailuak garela baino poz gehiago ematen dit. (Aparte uzten dut lehenak duen kutsu demokratikoa) Pertsonaiak idazleak bait dira. Ez dago beste esplikaziorik. Hala ere, zuetako norbaitek galde dezake, Nietzche filosofoak bezala, despistaturik badago, ea zergatik idazleak ez duen ejenplo ematen, apreziatua izan nahi badu. Nik erantzungo dizuet, eta enkargoko artikulutxo hau amaituko dut, poema erotikoak idaztea espero dudala, denboraren zeru-ertzean galtzen den urte batetan. Beti dago zeini dedikatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.