Felipe Juaristi
Madrilek bere arrats puskatuaren
ispiluan begiratzen du
eta ez ditu, ez, ikusten
behin batetako ezkon jantziaren
zati urratuak baino.
Maitatzaile desesperatuek,
desesperatuta egon behar maitatzeko,
jaurtitzen dituzte beren buruak
Viaducto-tik behera.
Ez da hain leku txarra,
ikuspegi bikaina benetan,
diote egunkariek.
Badakizue, hortik zerura.
Madril suiziden odoletan
bainatzen, olgatzen da
kondesa krudelaren gisan,
berak ere bere burua bere
arrats tristearen pendizean
jaurti baino lehen.
Hobe supitoki hiltzen bada.
Hiltzorikoen estertoreak
ez dira atseginak,
egunkariek diote.
|