Eroa
Felipe Juaristi
Norbaitek aspaldikoa baderitzo ere, ez da luze lurralde honetako handi-txikiak hunkitu, asaldatuko zituen, erreparatzen badute, ekintzen herrenkada hasi zela. Ezezagunari diogun beldur eta lotsa, jendeak imajinean kokatu ezin duenaren aurrean sentitu ohi den inseguritate intentsua, gizakiak lurra zapaltzen duenetik beronen izu fantastikoen hondarra balitz bezalaxe nagusitu zitzaizkidan, ikarazko maindire batez estali ninduten Sajoniako erreinu honetan.
Oraindik gertaeretatik urrun ez bagaude ere, horrek ematen didan urduritasuna eta guzi, ez du inork sinistuko; hala ere, gertatu, ziur naiz gertatu zirela. Nola dudatu azkenaldi handian dakidanera zuzentzen nautela. Sarri askotan aritu naiz, haien berri izan nuenetik, neure buruari ilusio, espejismoa, beharbada naturalezaren arrarokeria, besterik izan ez zela konbentzitu nahiean. Alperrik, barru-barruan beti jakin izan dut jazoerek beren logika badutela, gureak harrapaezina, ulertezina.
Aldaketaren batek kolpatzen gaituenean oso gutxi dira konturatzen direnak. Zenbat eta argiagoak izan, lainotsuagoak dira guretzat, zenbat eta ikusgarriagoak zehazkabeagoak, zenbat eta nabariagoak ikuskaitzagoak. Zeruak, egunen batetan, amatista koloredun izatetik gorri bihurtzen badira, ia inork ez du zergatia aztertzen, ohartzen ez bait da, eta, aztertzen dutenek, zientziaz itsuturik, mila arrazoi, mila ondorio isuriko dituzte, benetakora iritsi gabe. Horrelakoak gara: Bada garaia pentsamolde zaharrak suntsituak izan direla. Ilustrazioaren haziak aurreko ikuspegi itxi eta hesia ordezkatu duela. Ni, neuk, oraintsu arte, denbora haiek ilun, aurriritzi eta moral argalez betetakotzat nituen. Horregatik beragatik badakit erotzat hartuko nautela kontatuko dudanagatik. Eroak, barrez diot, zeruan aldaketarik egon dela eta horren kariaz nahigabe guziak kargutzen ez direnak, gertaeren kateari amaiera ematea posible dela pentsatzen duten horiexek dira.
Behin ere ez nuen pentsatu geroago komendatuko zidaten misiorako egokien, aproposena nintzenik. Lantxo ezdeus eta nimiño, aristokraten arazo aspergarri eta monotono edo aberatsen dagokien infideltasun-asunto horietakoa nire eskuetara zetorrela nengoen Dresde erdian alokatutako bulegoko atea ireki nuenean. Kantziler jaunaren idazkaria zen alartean zutik zegoena. Zekarren kotxean sartu eta hitzik esan gabe Kantzilerraren etxera lagundu zidan, honek nirekin hitzegin nahi zuelako.
«Izugarrikerien erreinuan gaude esan zidan ahots sendo, lasai, zuhurraz gure mundua, sistema osoa, planeta guziak ere erotu direla iruditzen zaigu. Duela hiru hilabete Brachland herriko burgomaestreak bere buruarekin akabatu zuen. Hilabetearen buruan Freistat-eko burgomaestreak bere buruaz beste egin zuen. Aste honetan jadanik; gaur hiru egun. Dresdeko polizi-buruak, ikerketak eramaten ari zenak besteei jarraitu die. Ez dira suizidio normalak, itxurak hori adierazi nahi badigute ere. Pentsatzen hasiak gera hilketa hauen atzetik beste zerbait badagoela. Zuk, poliiziak lortu ez duena egin behar duzu, gertaeren azpiko izkutukeria».
Biharamunean, eguna zabaldu bezain pronto, zalgurdi arin bat harturik, Brachland herrialderuntz abiatu nintzen. Martxoko lehendabiziko egunetakoa zen, hotza hala ere. Zaldiak abiada ederrean zihoazen, hormaz jipoitutako lauan zehar. Eguzkiaren estrainetako errainuek ñir-ñir egin orduko ia bidaia erdia egina nuen, eguerdia pasea herrira iritsi nintzeneko. Desolazio-paisajea zer den hantxe jakin nuen, hilerriak bedeinkatzen zuen herrixka hartan, isiltasunaren barrutian. Egun hartako ikerketak banoak izan ziren. Alarguna, herriko edozein bezalakoa, baserritarren mentalidade supertiziosoz astindua, gertaeren alde ilunen mireslea zelako dartada sartu zitzaidan.
«Zoritxarra ilargi betearekin etorri da, komikoen karabanak ekarri du», farfuilatzen zidan izuti, herabeti, dudakor. Gurutze seinalea egin zuen gero; «alabeharraren aurka ezin daiteke ezer egin», esanez bukatu zuen gure elkarrizketa.
Beste herritarrengandik ez nuen gehiago bildu. Kanposantura, zerura begiratzen zuten beldurraz ia leher eginik. Ostatu hartu nuen gau hartarako. Izu-dardara guzien pasebide bihurtu zen nire larrua. Urruti izarren argi iluna ikusten nuela, aire deskribaezinak itotzen ninduela, arima judu herra, tuaren gisa zebilen; pentsamendua, bururatzen ari zitzaidana, bihotza zulatzen zidana uxatu nahiean. Kostata loakartu ninduen, lo pisu, ameskaiztoz betetakoak.
Aste bat da loa bera zer den ere ez dakidala. Gauero, oheratzean orduko zirrara huraxe sentitzen dut, estrainekoz bezain arrailgarri, urragarri, izerdi patsatan jaikiarazten nauena.
Freistat-en egoteak su gehiago, duda-muda sakonagoa ezarri zion nire barruari, azkenean aste batetik hona horrorez ernaldua izan dena. «Zoritxarra karabanak ekarri zuen», errepikatu zidaten, ziurtasunak eta ez jakiteak baina aurretik somatzeak ematen duen ausardiaz. Hemen ere, otzan eta apal, zerura begiratzen zuten, handik gaitzen bat, sekulakoa beharbada, baletorkie bezala.
Ezin nuen ezer erlazionatu, ez nenkien nondik-nora abiatu ere. Tenore horretan aurkitzen nintzen Dresdera itzuli nintzenean. Polizi-buruari gertatutakoaz ez nuen deus argitu. Zainak jotzen zidan arren ezin nuen besteekin zerikusirik zuenik demostratu. Kantzilerrari azaldu nion ikerketen ondorioa. Triste zegoen benetan, esango niona aldez aurretik, ni kontratatu aitzin jakin izan balu bezala.
Badakit orain, alferreko izanagatik ere, hurbiltasunak ematen didan poderioz, nirekin harremanetan sartu eta arazo haiei konponbidea emateko manatu bazidan, berak zituen ezbai bortitzei, mamu erdiragarriei amaiera ipin, niezaien izan zen.
Nire espezialidadeko arazoetan murgildu nintzen, beti ere suizidioak nire zentzuan laga zuten zapore mingotsa, maitemindurik gaudeneko arratsalde loretsuek horditzen gaituztenen gisako hatzmin obszenoa ia sentitzen nuelarik. Hilabetearen buruan, harrez geroztiko gertaeren harrapaladagatik ezin dut eguna zehaztu, egunkariak lur eta zur utzi ninduten berria zekarten lehen orrian: «Kantzilerra, erregearen atzetik pertsonaiarik nagusiena zirkunstantzia estrainotan hilik aurkitu dute. Denak suizidioa dela pentsatzera bultzatzen du...» Oposizioaren eraginaz ikerketa berri bat zabaldu zen, alperrik baina. Etxean aurkitu zuten urkatua, eta berak paperean horrela agertu zuelako argi eta nabaria zen, gehienontzat bere burua hil zuela. Zenbait jenderentzat ez zen izkutatzen kasuak logikotasunik bazuela. Argudioa, batez ere, kantzilerrak bere suizida-ordeinuan emakume baten izena «Madame Berta, zortearen gidari» aipatzen zuela. Berta delakoa ezezaguna izan arren haiei otu zitzaien «Zortearen gidari» amodio aitorezinaren deskripzioa zela, eta hura ezkondua izanik, «Madame Berta» zoritxarrean loratutako maitatzailearen ezizena, aintzinako amodio gortesauaren araberakoa. Beste batzurentzat, niretzat, hango logikotasunaren kanpokorik bistako ez izanagatik, susmatzen zen. «Zortearen gidari» aipamenak goganbehartu ninduen biziki, zeru kutsatua ireki begi aurretan, ideia definiezina zirriborratu nigan, isilpean entzundako istorioetara eraman. Jakin behar nuen nor zen emakumea.
«Laister, datorren astean, suizidatuko zara», esan zidan kartekin jolasten zen bitartean. Premoniziozko aste hori joan dela zeruan zehar ikusi ahal dut, ilargiaren zuripean.
Hainbat hunkitu ninduten herrietara atzera itzuli nintzenean, lehendabiziko inpresioa jaso nuen, beldurrak, indefentsioak janda zeudela, zinez, ni orain nagoen gisan, Karabanan emakume bat etorri zela baieztatu zidan alargun tristeak, baita agure zahar batek, eta baieztapen hori, abiapuntu, aztarna nire indizio bakarra izan zen.
Hilabete pasa nuen hiri osoa arakatzen, etorri behar zuenari itxoiten, borreroari itxoiten den legez, iritsitakoan zer gertatuko zenaren jakile.
Egunen batetan, zazpi egun ikaragarrizko hauen jaiotzean kabaretean sartu nintzen, «Madame Bernard, geroaren asmatzaile» iragarkiak erakarririk. Haren gelan sartu nintzen bihotza taupada azkarrez nuela, kontu guziak hantxe zuela fina igartzeak ematen duen adorez.
«Beste aurrekoak bezala ilargi betearekin joango zara mundu honetatik. Hori irakurri dut behintzat kartetan, eta horiek ez dute gezurrik esaten», ahoskatu zuen ni sartu ahala, niri begiratu gabe, nor nintzen ezaguturik.
«Baina, nola izan daiteke hori ahotsa dardaraz nuen, ia totelka, irrazionalkera hutsa da».
«A, gaztea, ez dakizu zure, besteen bizitza kontelazioko izarretan marraztua dagoela, edozein momentutan desagertzen dela, zeruak horrelakoxeak, kapritxosoak bait dira, eta kartek, hauek, une hori aukeratzea besterik ez dutela egiten».
Esaten zuena entzuten nuen, gero eta ikara bortitzagoak astintzen ninduela, barrua leher egiteko zorian, izuduraren-izuduraz ia erori nintzela.
«Eta aurrekoak bezala jarraitu zuen zeure burua urkatuko duzu karta batetako gizon urkatua erakutsi zidan. Ezin duzu zeruaren kontra deus egin. Horiek inor baino indar gehiago daukate».
«Eta zergatik hil behar dut neure burua? Nor zara zu agintzeko?» ahots-haria atera zitzaidan.
«Estrainetako egunetik zaude aukeraturik; gu, karabanako emakumea, Madame Berta, poliziburuaren etxean agertu zen zingura eskekoa, ni neu, Madame Bernard, atzo Delfosko pitonisak, patuaren betiko zerbitzariak gara. Kantzilerrak jadanik definitu gintuen: "Zortearen gidari", bidea erakusten bait dugu eta, hor goian, suizidatuko zaretela, beste batzu erailak izango diren legez, idatzirik dagoenez, noiz adierazi besterik ez dugu egiten».
Larriturik, txunditurik nengoen, begiak beldur siniestroak zabal-zabalik. «Nola egon daiteke dena aurretik erabakirik?», galdetzera ausartu nintzen, boxeolari galtzaileak azken eskukada airera botako lukeen bezala.
«Ez zenuke hori ulertuko. Horrela da eta aski zuretzat. Zu hilerriko bazterrean egon ondoren guk iraungo dugu, gurea ofizio zaharra, betirakoa denez, zeruak iraun artekoa».
Orduantxe hasi nintzen konprenitzen, orduantxe, dena aurretik zehazturik, itxirik zegoela; sekula pentsatu ez nuen indarrak, ekaitzetan, zirimola erdian untzia ur gainetan mantentzen duen adinakoak, maneiatzen gintuela pasa zen nire burutik.
Paranoikoa naizela esango eta, apika, nik kontatzen ari naizenaren alderantzizkoa azalduko dute. Ez dit axola, zerura begiratzen dut, oraindik inpresionatzen nauen herri hartako biztanleek bezala, eta ilargia ikusten dut, kotoizko pelotaren antzu, nire azkeneko instanteak ezabatuz. Ez dago erremediorik, inork ez du egoera hau aldatuko; banoa, Kantzilerra bezala, nire aurretik joan direnen atzetik.
|