L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<porr0100>— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Zaharrera gisa

 

        Suizidagarri eta suizidatzaileak. Lehen gizonak lehen kogotea asto ormazaz (behin ere ez dugu jakin zein izan zen lehena) txukuntzen zuenetik. Ondo zekien Neronek bere jokoetan. Suizidatzen ez zena lehoi eta borreroen suizidagarri eta suizidaki. Oroipen hain funestogatik beharbada gaur egun hain ikusiak garenarren ondo hornitutako mahai batetako mintzagai ez da izaten, elisioaz (bapateko isilunea, keinu konplizeak, harridurak horren seinale dira) ez bada, nahiz eta, barru-barruan izan ezik, suizidaren bat beti dugula gogoan aitortzera ez ausartu. Gerra absurdo batetako (bizitza, hi) borrokalari irabazleak bezala. Galtzaileak diraugunok gara, bizitzak gailendu, irabazten bait digu. Hala ere ez dugu inon Suizida Ezezagunaren oroimenez eraikitako oroigarririk ikusi. Eta suizidioaz aidizkari modernoa (edo postmodernoa. Oraindik orain ez dakigu zer den bata zein bestea La Luna irakurtzen ez dugunok) kaleratzea erabaki bagenuen, erabaki, une luzido batetan izan zen. (Zerbeza ugari edan ondorengoak bakarrik izan diren bezala). Alde Zaharreko taberna erakargarri batetan. (Hi, zergatik ez diagu suizidioaz idazten?) Harrez gero mozkorraldi asko igaro dira. Pentsa dezakezue, eta topikoek horretara bultzatzen dute, espiritu depresibo, desesperatu, maniatiko, betilun, gizajo, masokista, hauskorrak greziar anforak, zuhaitz ostoak bezala (edozein haize-kolpez erortzeko eta txikitzeko prest garela. Ba, ez; ez gara horrelakoak, alderantzizkoak baizik. (Ez esan sinonimoak lantzeko paradarik ematen ez dizuegula).

        Gure lagun Gabriel Albiac-ek dioenez, idaztea ezduintasunaren aitortzaile da. Suizidioaz idaztea gugandik fantasma hori uxatzeko izango litzateke. (Zorroagara joaten zaretenontzat ebidentea). Ba, ez, suizidioaz idazten dugu beste batzuk maitasunez idazten duten bezala. Eta euskaraz. (Badakigu errumanieraz idatz genezakeela, hizkuntza ere digno eta marabilosoa bait da. Guri behintzat gustatzen zaigu). Baina ez printzipioz. Bada printzipio asko printzipiorik gabe geratu ginela. Bukaeraz, zerbaitez izatekotan, zeren euskara itzuliezinezko puntuan bait dago, haruntzago dena zehazkabea izanik. Suizidio geldoa euskararena. Dugun martxan laster jiddisch eta horrelako hizkuntzak bezala akabatuko du. Ikusiko duzue azkenean nola errumanieraz mintzatzen garen. Gazteleraz ere zerbait irakurri ahal izango duzue. Proportzio gutxiengoa da. Ez zitzaigun bidezkoa iruditzen Albiac, Sadaba eta beste gaztelianoena itzultzea, Cioran, Camus eta Humerekin gertatu dena. Hauei buruz esan beharra dago itzulpenen itzulpen direla. (Traidore bati traizioa egiten dionak zein sari merezi du?). Humerena frantsesetik, hain zuzen.

        Euskal progreen moduan egiteko gauzak batak bestea nola txapelaz joaz elkar suizidatzen duguneko argazkia faltako litzateke. Hori sekulako subertsio-aztarna izango litzatekeenik ez dudatu ere. (Beste batetan faborez!).

        Sarrera honek aurkezpena baino zaharrera, agurra dirudi. Ondo dago horrela eta hala izan bedi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.