Hitz lauz
Binaka, gereziak bezala
Xabier Mendiguren Elizegi
Ipuin hau, "HAMALAU" izenburuko liburuan argitaratua da, 1992an.
Possibilitate anatomicac
dirade finitum;
possibilitate poeticac
dirade infinitum
(Musde Larrea, XVIII. mendea)
Saruk Haffed, lurrean jarri, aurrean duen portzelanazko te-ontzia hartu, eta sedazko tapizaren gainean triangeluaren oinarria osatuz paratu dituen bi kikara txikietan ixurtzen du, erdiraino beteaz. Urtetan errepikatuagatik bere arreta osoa eskaintzen dion errituala burutuz, bi kikarak esku banatan hartu, tea batetik bestera ixurtzen aritu, eta edateko baino isurkiaren epeltasunari antzemateko den zurrupada labur baten ondoren, aldameneko gereziondo landarearen gainean hustutzen ditu, biak batera.
Begiak itxita arnasa sakon hartu ostean begiratzen die kikara zolako hondarrei: ohiturak agintzen duen legez, lehendabizi eskuinekoari, etorkizunari. Hutsa ikusten du, batere te-hondarrik gabea, eta horrek zer esan nahi duen ondo asko jakinagatik ez da asaldatzen, aspaldidanik espero bait du akabua, eta ez penaz, kasik antsiaz, azkenik ibai sakratua gurutzatu eta bere gorputz trenkatua berriz ere osorik ikusiko duen esperantzan.
Ezkerreko kikarari begiratzea, buruz ikasitako liburu sainduko salmoak ahoan banan banan aletzea bezalaxe da, oroimenari eragin gabe ere garden ikusten bait dute iragana bere begi jada nekatuek.
Nerabezaroan sartzera zihoala sartu zuten palazioan Saruk, eta nerabezaroa errotik erauzi zioten, gereziaren tamaina baino askoz handiagoa izango ez zuten haiek moztearekin batera. Atsekabeak gutxi iraun zion ordea, ia ia esan liteke jadezko kutxa txiki hartan geratu zela giltzapean, erauzitako okaranekin batean.
Palazioko mutikorik alaiena zen. Arestian uztera zihoan haurtzaroan iltzaturik geratu zen, umeen bozkario eta barre errazekin, album batean orratz batez finkaturik sartzen den tximeletak bere koloreak gordetzen dituen bezala, pixkana pixkana ximurtuz joan arren. Saruken poza ez zen ximurtu ordea, jolas eta jostaketa zoroen bolada iragaiten hasi zitzaionean haiek baino asebetetzenago zuen jostailu berri bat egokitu bait zitzaion.
Araret printzea, oraingo gure printze biz betikotz benedikatua guztiz maitearen aitona, hil berria zen. Berrogei egunetako dolua izan zen. Haren emazteak oro negar batean eraman zituzten
jauregiko beren gela eta lorategietatik. Lorerik gabeko lorategia, udazken amaigabea izan zen hura Sarukentzat. Baina laster jantzi zuen buru gainean koroa Arareten seme Sirumek, oraingo gure printze biz betikotz benedikatua guztiz maitearen aitak. Eta esku batean aginte-makila hartu orduko hartu zuen besteaz bere lehen emazte Lotazil.
Lotazil ez zen Saruk baino askoz zaharrago. Bizpahiru hilabete, Sarukek gogoratzen duenez, printzesaren aipamenak oro ezabatu egin bait zituzten gerora Palazioko izendegitik. Bi gazteak berehala egin ziren jolaskide, eta elkarren atzetik segika ematen zituzten egunak, non eta Sirum printzeak ez zuen bere geletara eramaten printzesa, atsedenik ia utzi gabe lehen hilabeteetan, sarri-sarri hurrengoetan ere.
Hala bada, emazte ez zenetan ume gazte zenuen Lotazil. Laineza besterik ez zuen umea, printzesa zaintzeko ardura zuten mirabeen esanetan. Izan ere, Lotazilek ez zituen batere gogoko bere zerbitzupeko atso eta dontzeila guztiak eta laster esan zion bere senar printzeari ez zuela beste neskame eta otseinik nahi ez bazen Saruk gaztea.
Sarukek iratzartzen zuen goizero, Sarukek zuen egunez jazten eta gauez erazten. Saruk zen zer jango zuten erabakitzen zuena eta jakiak lehenik txastatzen zituena. Saruk behar zuen Lotazilek aldamenean, eta Sarukek berriz, halako sentimendu arraro bat nabaritzen zuen bere baitan: apal eta epelegi erizten zion halabeharrez bere buruari inongo berotasun goririk aitortzeko, eta amodioaren sua piztu ahal izateko txingarra bestalde, jadezko kutxa hartan itxita utzi ziotela pentsatzen zuen bere artean.
Pareka egiten zuten dena. Batek marrubi bat jaten bazuen besteak ere bai, eta baten dozena bakoitzeko beste hainbat jango zuen besteak, hasieran barre artean baina ondorenez aipatu ez urratu ezin daitekeen araua bailitzan. Bi gorringotako arrautzak eskatzen zizkieten sukaldariei eta bi ahapalditako kantuak koblakariei.
Lege honek gobernatzen zuen haien bizitza, ageriko ezaugarrietatik xehetasun izkutuenetaraino: adatsa erdi bi egin eta bi txirikordatan bildu ohi zion Sarukek; halaber arraia bila nekatu beharrik ez zuen beste ile mataza batzuk ere. Sirum printzea zen, agi danean, lege honen salbuespen bakarra: honi behartzen zitzaionetan, luze gabe eramaten zuten Lotazil senarraren ohantzera, Saruk gabe jakina.
Baina printze gazteak ere biko legea bete nahi izan zuen, bere erara baina. Lotazil andre bakarrarekin asperturik irrika eta kilika berriak pizten asmatuko zion norbait behar edo, ohorea emakumetan ere neurtzen zuten erregeen artean gutxiago izan nahi ez edo, bigarren emaztea hartu zuen: Galaments.
Galaments Lotazilek ezkontzean zuen adin berekoa zen, bi urte gazteago, eta aurrekoa bezain garbi, bezain eder, bezain sotil. Ez Lotazilek ez Sarukek ez zuten emazte berria gorrotatzeko inolako arrazoirik izango, are gutxiago gauza jakina izanda printzeak emazte ugari izatea konpli eta egoki zela. Alabaina, mirabeek zuten estraineko bekaitza sortu. Emazte berria apaindu eta serbitu asmoz sartu ziren berriro Lotazilek egotzitako lilitegira, eta bi loreen arteko erkatzerik egiten ausartu ez baziren ere, ez ziren neskatilaren dohaiak goratzen nekatzen. Gupida gabe, esango zuen Sarukek, eta agian bai eta arrazoirik gabe ere, bi emazte eder izatea ez bait da inorentzat kalte eta bai printzearen ohore.
Baina printzeak gazteena nahiago. Pitxi berria guztizko. Lotazil bere antze eta trebezia guztiez ahalegindu zen Sirum laketesten, honen apetak piztu eta egarria bere ahoz berdintzen. Gizasemeak ordea printze izanik ere, mugaturik dauzka bere ahalmenak, eta Sirumek Galaments limurtu eta errenditzeko gordetzen zituen.
Triste zebilen Lotazil. Printzeak ez zuen ohantzera eramaten eta gainera mirabeen isekazko begiradak jasan behar zituen. Sarukek egin ahalak egiten zituen bere printzesa kuttuna alaitzeko, gauzak lehenera ekartzeko, baina lehena, ihes egindako aztorea baino zailago da harrapatzen.
Saruk bildur zen Lotazilek egoera hura eraman ezin eta ez ote zuen Galamentsen kontra muturjoka ekingo; edo, are okerrago, berari ezer esateke azpikeria beltzen bat prestatuko. Ez zen horrelakonik izan ostera. Hobe hala izan balitz, bai, pentsatzen du orain Sarukek.
Goiz batez, zabaldu berri ziren bi jazmin buru moztu eta Galamentsengana jo zuen Lotazilek. Buruan jarri zion bat eta bere ile artean sartu bestea. Saruk guztiari begira, sinetsi ezinik. Eskutik helduta eta barrezka ikusten zituen bi emakume gazteak. Geroztik ere beste askotan ikusi beharko zituen horrela. Lotazil Sarukekin egoten zen printzeak Galamentsekin ziharduenetan, ez lehengo fidantzia lasa harekin baina, eta emazte gaztea libre geratu orduko harengana zihoan emakumea. Mutikoak behin eta berriz galdetu zion, eta erantzunik ezean bere buruari galdezka jarraitu zuen, zer nahi ote zuen Lotazilek, zertarako, zer dela eta zebilen Galamentsen atzetik, honekin jolas eta solas etengabean.
Erantzuna hitzez ez baina begien bidez etorri zitzaion, apurka apurka. Bi neska gazteen adiskidetasuna zenbateraino estutu zen ikusten zuen harriturik, are harrituago besarkada estu haiek adiskidetasuna baino zerbait mamiago iragartzen zutenean, baina Saruken harridura mingostasun bihurtu zen berak Lotazilekin erabili izan zituen jolasak, Lotazilek Galamentsekin nola errepikatzen zituen ohartzean: lorategian zehar zebiltzala, batak zapaldutako tokian zapaldu behar izaten zuen besteak, eta bainua hartzen zutenean batak zuen bestea ikusten, ikuzten...
Saruken sentimenduak ere bikoitzak ziren: afruntu eta iraindurik sumatzen zuen bere burua bai, jolas haietatik bezala bi nesken arteko konplizitatetik bazterturik; baina bestetik, begien gozagarri eskaintzen zitzaion ikuskizun hark ezin gehiago kilikatzen zuen bere irrikak ikusmiratik askoz haruntzago ezin eraman zitzakeen mutikoaren desira.
Gerezien sasoian izan zen. Gereziondo beteak oroiminez gainezka zeukan Saruk, fruituak txurtenetik heldu eta Lotazili belarritako gisa jartzen zizkion egunak gogoan. Orain ere errepikatuko zuten zirimonia hura, baina Saruk ez zen tartean izango, ispilu batek ez bait ditu bi alde besterik: Lotazil eta Galaments, Galaments eta Lotazil, ez zen arrotzentzako lekurik. Eta hantxe zegoen Saruk, arrotza, bi nesken artean kareziak eta gereziak nola erdibanatzen zituzten ikusiaz miretsirik. Gerezi pareak lagunaren belarrietan zintzilikatu, eta ondoren bertatik jaten zuten, fruitu apaingarria ezezik belarria ere horzkatuz, bien barre txoro alaien artean.
Sarukek hiru gereziko txorta bat bilatu zuen arbolan. Bila ibili, halako bi topatu, eta saltoka joan zen bi emakume gazteengana, hiruko txortak eskuetan zeramatzala, bere buruaren opari eta eskaera mutu baten adierazgarri. Bikoteak ordea, hirukote bihurtu nahi ez. Muzin egin zioten Saruken eskaintzari. Muzina baino, erdeinua nabari uste zuen Sarukek Galamentsen hitz txorrotx haietan: "Zer nahi duzu zuk, erdi gixon horrek". Ez zen galdera, noski, esan ahala eman bait zion barreari, eta Sarukek aldiz, jira egin eta korrikari eman zion, printzearen aurrean bezala honen emazteei ere bizkar ematea debekatzen zuen legeari kasurik egin gabe. Begiak estutzen zituen negarrari eusteko, begiak eta ukabilak estutu gereziak zanpatzen ari zela ohartzeke, eta gerezien odola eskuturretan behera irristatzeaz batera, gorrotoaren garra igo zitzaion eztarrian gora. Laidotua sentitzen zen, irendua eta iraindua, bizitza osoko umilazio guztiak orduantxe lehertu bailiran.
Sirum printzearengana jo zuen. Kosta zitzaion ikustea, are gehiago harekin bakarka egotea, printzeek munta handiagoko zereginak bait dituzte bere lilitegietako mirabeak hartzea baino. Hartu zuen hala ere, bihotz zabal eta samurra bait zuen Sirumek bere seme gure printze biz betikotz benedikatua txit maitatuak bezala. Bere bihotz zabal samurra, samurgo eta herraz bete zen ordea, Sarukek Lotazil eta Galamentsen arteko jolasak kontatu zizkionean, arreak eta nabarrak aneagotuz kontatu ere.
Ondorengo guztia oso azkar iragan zen, eta Sarukek ez zuen, palazioko bazter-gela zoko-ilun batean, horren berririk izan. Handik atera zutenean palazioko enparantzara eraman zuten. Egun argira ateratzean eguzkiak ia itsutzen zuela sentitu zuen Sarukek, baina are itsugarriago egin zitzaion Galaments eta Lotazilen haragi xuria, plaza erdian agerian. Printzeak bere frogak bilatu eta epaia emana zuela ulertu zuen orduan, eta lehen ezein gizasemek ezpada Saruk bezalako badaezpadakoek ikusi ezin zitzakeen emaztekiak, guztien begi bistan zeuden orain, elkarri loturik eta ia ia biluzik.
Sarukek ez zuen gogoetan luzatzerik izan. Gongaren oihartzunaren atzetik azaldu zen borreroa. Azkar paratu zuen guztia eta atera zuen zorrotik bere ezpata, bi ahokoa! Bi gorputz eder haiek azkenengoz begiesten zituela konprenitu eta heriotzara ere elkarrekin iraganen zirela ikusi zuenean, borreroaren hirugarren ukaldi batez hil nahi izan zuen Sarukek, baina ezinezkoa zen honi, hiru ahoko ezpata bezain ezinezkoa.
Guzti hori ikusten du Sarukek ezkerreko kikararen te-hondarretan, sedazko tapizaren gainean jarrita, guzti hori oroitzen du saminez, aldi galduaren bila abiatu eta ezerezean amildu nahian.
Beharbada, pentsatzen du orain, mesprezu gorriko eritzi zion Galamentsen erausi hura ez zen neskatxa polit eta tuntun baten txantxa lotsagabea baizik. Ziurrenik, dio, Lotazilek ez zukeen Saruk alde batera utzi nahi; emazte zapuztuaren esku zegoen mendeku bakarra zatekeen Galaments limurtzea.
Gereziondoa da Saruken gogoeten lekuko bakarra, gereziondoa da bere traizio etoiaren salatzaile mutu, urtero untero, sasoi berean anpoloi gorriz betetzen bait da arbola, binakako ale biribilez, bi nesken amodioaren garaipena gogorarazi nahi bailioten.
Hiru txurtenekoen bila aritzen da Saruk, baina gaur ez du bat ere kausitzen. Gehiegi ahalegindu ere ez, eskuineko kikararen iragarpena betetzera presatua iduri. Oraingo printze biz betikoz benedikatua guztiz maitearen emazte eta mirabeek biagoko lokuluxkara noiz erretiratuko zain gelditu da. Orduan, jadezko kutxaren bila abiatu da. Zabaldu ala ez, zalantzan geratu da, baina azkenean, aspaldidanik prestatuak zituen sokak atera eta haietariko batez sabel inguruan estekatu du bi gerezi ximun ustelak gordetzen dituen ontzia.
Beste sokaz arrama gorenetik utzi du zintzilik bere burua.
|