Literatura
Galderak
Zergatik utzi zion Rimbaudek idazlumari beste batzuk habia utziko ote duten beren buruari planteiatzen hasten diren edadean?
Zenbaterainoko eragina izan du Garcia Márquezen obran haren amona gailegoa izateak?
Zergatik da suntsitzailea Boterea baita zerbait eraikitzen ari delarik ere?
Nolatan galdu zaizu Liburu Galduen Katalogoa?
Nola itzuliko zuen Gabriel Arestik "stately" hitza, Ulysses liburuko aurrenekoa?
Hölderlin sinpletasunetik heldutasunera eta heldutasunetik erokeriara eraman zuen bidean ezin da itzuli inolaz ere?
Ze motibo izan lezake pertsona batek eskola batean sartu eta 60 minutuko lokamutsa errealitate biurtzeko?
Zer gelditzen da, ez bazait gustatzen Jainkoaz idaztea, ezta Naturaz, ezta zientzia fikzioaz ere?
Zergatik irakurri dut hainbeste aldiz Sylvia Plathen poema hori, presozaina izenburu daramana?
Presozaina
Nere gaueko izerdiek haren gosari-platera zirintzen dute.
Laino urdinezko errotulo bera biraka doa bere lekura
betiko arbola eta hilarriekin.
Akaso hau baino ezin du lortu giltzei eragiten dienak?
Drogatu naute eta bortxatu. Zazpi orduz egon naiz
indarrean neure senetik irtenda
putzu beltz batean
non neure burua abandonatzen dudan, fetoa edo katua,
haren amets sexualen palanka.
Zerbait galdu da behin betirako.
Nere lo eragiteko pastilek, nere zepelin gorri eta urdinak
bonbardeatzen naute altura izugarri batetik.
Maskor hondoratua,
neure burua eskaintzen diet hegaztien mokoei.
Ginbalet txikiok,
nola zulatu duzue paperezko egun hau!
Zigarriloez erretzen aritu zait,
atzapar arrosadun andre beltz bat nintzela imajinaturik.
Ni ni naiz. Baina ez du aski.
Sukarra blaitzen da eta trinkotzen nere ilean.
Saihetsak erakusten dizkiot. Ea zer jan dudan?
Gezurrak eta irribarreak.
Ziur aski hori ez da zeruaren kolorea,
eta soropilak kolpatu beharko luke bere olatuekin.
Egun osoz,
pospolu erreak itsatsiz nere eliza eraikitzen dudala,
arras osoa den pertsona batekin amets egiten dut.
Baina hark zigortzen nau errebelatzen naizelako, hark
bere faltsukeriazko babes gogorrarekin,
bere amnesiazko maskara hotz garratzekin.
Nolaz iritsi naiz ni hona?
Kriminal zehaztu gabea,
modu ugariz hiltzen nau:
urkatuz, errez, gako batetik esekiz edo gosez.
Imaginatzen dut hura
ezinean urruneko trumoia bezala
zeinaren itzaletan jan nituen lehiaz nere espektro-razioa.
Joango ahal da edo hilko.
Baina, agi danez, ni ezin
naiz libre izan. Zer gertatuko litzaieke ilunbeei
sukarrez mantendu ezean?
Zer gertatuko argiari
begirik ezean labaina sartzeko? Zer gertatuko litzaioke
hari, hari ni ezean?
Zergatik deus ere ez da iduri duen bezala, zergatik inor ere ez da esaten duen bezala?
Non erosi zuen aizkora Raskolnikovek?
Zertan nago hemen lerro hauek idazten Apokalipse Now filmearen musika urdurigarria belarriratzen zaidan bitartean?
Doukipudonktan?
Nork hil zuen Gerhard Bähr euskaltzale legazpiar soldadu nazia?
HURRENGO ORRIALDEETAN AURKITUKO DITUZUN PELLO ARRONDOREN BI POEMETAN NAHASTEN DIREN OROIMENAREN ITSAS GORAK, ADIMENAREN ITSAS BEHERAK, BUSTIAK HEZEAK LEHORRAK, BARTEKO ILARGIAK ETA EGUZKI IRATZARLEAK ZINEZ ENGAINATU GAITUZTE? BESARKADA XAMURRA AHAZTERAINO? BEHARREZKO ZEN LOREAK KOLOREZTA ZITEZEN?
Qu'est-ce que la littérature?
Zer da-ta bakarrik egotea?
Kandelaren argipean ikusiko zuen Cerbantes besamotzak bere tintazko marra gorabeheratsua, edo Joycek bezala idazten zuen, kasik itsuturik?
Eta zoriona? Zer esan nahi du zorionak?
¿Encontraría a la Maga?
Hain txarra zen Unamunok idazten zuena?
Zergatik itzuli zara Ithakara, Ulises? Akiturik zaude? Laket zaizkizu hitetariak? Jakintsu zara orain, Kavafisek esan legez?
Nola demontre konpontzen ziren atso haien ipurdiak?
Hizkuntzalaritzak adina obsesionatzen zuten Nabokov pinpilinpauxek?
Eskubiko ala ezkerreko eskuan zeraman ganibeta?
Zer? Eternitatea?
BARRUA HUTSIK? HIGINA HUTSIK, MAlTEA? OLATUAK ETA MASKORRAK, MAGALEKO ITSASOA ETA EGUZKI BURUTSUA, MAlTEA, HUTSIK GURE INGURUAN? SEBASTIAN GARCIA TRUJILLOREN BERBETAN EZ DAGO ESPERANTZARIK? BEGIAK SOILIK BIZI?
Lo egiten du Zbigniew Herbertek beso bat buzu azpian, bestea planeten muinoaren gainean duela?
Iraunkortasun hutsalekoa zen arbasoen bizimodua?
Loti ederren etxean hil zuen gasak Kawabata, Mishimak seppuku egin eta hemezortzi hilabete joan zirenean?
Bizitzaren bideetan barrena bakarrean ibiltzea laket zaion estepako otsoa da bidaiaria?
Non lehertazari zuen Picassok Hemingwayk oparian emandako kaxa esku-bonba?
Negarrez ala barrez sistema zapaltzaileek ito nahi duten humanitate ilunduaren testuak irakurtzen dituzula?
Zergatik eroek hitzegiten dute beti labezomorroez?
Zergatik du zero zenbakia taroteko eroak?
ZERGATIK EZ DA JENDE ZUHURRAK BEZALA ANDOLIN EGUZKITZAREN POEMEN OLERKARIA? ZERGATIK SENDITZEN DA EBANJELIOKO FARISEUA BEZALA? NON DAGO ZERUETAKO OSTARTEEK DESIRATZEN DUTEN LAHAR GORDIN, MARDUL, KARANA? NON UGAZABA ON ANKERRA? NON MOZKORTZEN DUEN EDERTASUNA? NON ELUR BEROA?
Zer dute amankomunean Dostoyevskik, Gérard de Nervalek, Idazti Sainduek, Voltairek eta Andersenek?
Nor da Craig Raineren gizon tatuatua?
Gizon tatuatua
Norbaitek, Jainkoak akaso, ileak
zirriborratu dizkio bular eta besagainetan
baina hor daude marrazkiak azpian.
Eserita dago banku batean tiranteen gainean,
aingurak iragartzen eta txori urdinak
eta amodioaren izen kolpatuak...
Pegatina exotikoak dituen maleta bat da,
barruan bere gauza arunt ederrak gauzkalarik.
Neskek besarkatu dute abereki, hura bailitzan
zinez duten gauza bakarra.
Jabetza galdu bat iduri du orain.
Haren beso mukuruak irakurtzen ditut
eta hilarri tatuatuak ditut gogoan
belar handian galdutako amodio kartak.
Ikusten duzu goizean, argia hasten denean, menditto baten gainean, etxe ttipitto aintzin xuri bat?
Ez du inoiz kontrolatuko Salman Rushdiek bere fabulatzeko ahalmen izugarria?
Eta zuk proposatuko zenioke zeure emazte edo morroei "Lady Chatterleyren amorantea" irakurtzea?
Uda bonaerense batean haize ona zebilenean zer kantatzen zuen Buenos Aireseko kuartetoak? Zein zen tenorea, zein baritonoa, zein baxua eta zein zuzendania?
Zeusek bidalia zen jardineko makala zauritu zuen tximista, Jung hil eta ordu laurden bat beranduago?
OSTIRAL ARRATSALDE EGUZKITSUAN HIRUGARREN ABENIDAN AURRERA NORAEZEAN DABILEN PERTSONA HORI ROBINSON CRUSOEREN ARRASTOARI DARRAIKIO? ALFERRIK DA, EZ DU BALIO, PELLO OTXOTEKOK BIDALI DIGUN POEMAN DIOEN BEZALA? ROBINSON AURKITZEA DA ITXAROPEN BAKARRA?
Ferrarako judu guztiak faxistak ziren?
Denbora erlatiboa dela jakin zenuenetik laburragoa iruditzen zaizu bizitza, niri bezala?
Zein hilko zenuke lehenago aulki elektrikoan, Isak Dinesen ala Jesús Ferrero?
Sinpleagoa eta azalekoagoa da Apple Macintoshez idazten dutenen prosa?
Non lurperatu zuten Walter Benjamin?
Zergatik erakartzen zuen hainbeste Freud Moisesen estatuak?
Lehen Idazti Sainduak emakume batek idatzi zituen?
Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?
NORK PENTSATUKO ZUEN GARAI HARTAN ZUMARRAGA ETA TOLOSAKO ERTZAIN-BURUAN IZATEN BUKATU BEHAR ZUTELA? ITAUNDUTAKO ANTONIO PEÑONEK HITZEGINGO DU? KARLOS LINAZASOROREN EUSTAKIO MUJIKAREN ATZAZALAK IPUINEKO PROTAGONISTA MIRANDAN EGON ZEN OSTEGUN HARTAN? ZERGATIK HIL ZUEN REMIGIO CORTES? ALA EZ ZUEN HIL? EZ DU SEKULA HUTS EGITEN OMEGA ESTRATEGIAK?
Bretainiar inperialismoa da Shakespeareren arrakastaren arrazoia?
Zergatik zenbait autorek lapurtzen dituzte besteen ideiak, esaldiak, kapituluak?
Aurretik argi ikustea da zure ezbeharra?
Xehetasunik ttikienak kontatu behar dira nobelarik handienak eraikitzeko?
Theresa iritsi zen Gazteen Lur amestu hartaraino?
Itzuli, nora?
Ez zaizu iruditzen esperientzia bat guztiz sensuala norbaitekin igogailutik atera ezinik egotea argindarra itzali delako?
Garai bateko alaitasunak nora joan dira nigandik? Bere argi artean bizi dadin, irensten du haren kea?
Bere argi artean bizi dadin
José Agustin Goytisolo
Mundu guztia da argi eta itzal
baina gizon hari itzala jarraitu zitzaion
argia baino gehiago eta modu berean
iluntzen zituen gertaera alaia eta
bi besarkaden arteko atsedena.
Aire gris hori hegaldatzen zen
haren pentsamenduen gainetik egunez egun
eta jazarri zitzaion jardinetan barna
hoteletan eta hoteletako oheetan barna
lo egin ezinaren eta bakardadearen
gatibu mantentzen zuelarik.
Bakarrik zigarrilo baten keak
edo mozkorrak edo pasioak
banantzen zuten zenbait momentutan
karitaterik gabeko zorte batetik.
Hargatik andre hark laguntzen dio
edaten duenean eta kea irensten du
eta eranzten du eta eranzten da
bere argiaren artean bizi dadin.
Zein zara orain Jekyll ala Hyde?
Zergatik ez zuten egin zulo handiago bat Flauberten hilkutxa sartzeko?
Asesinoak Mendiko Agurearenganako duten fideltasuna da fideltasun orotan fidelena?
BI KIKARA, BI PRINTZESA, BI GEREZI, BI MENDEKU MOTA, DUALITATE UNIBERTSALA? ATSEKABEA-ETA JADEZKO KUTXAN GORDETZEAREKIN BATERA EZ ZUEN BESTERIK GALDU USTEKABEAN SARUK HAFFED JOSTALARIAK? XABIER MENDIGUREN ELIZEGIREN BINAKA, GEREZIAK BEZALA IZENBURUKO NARRAZIO LABURREAN ZER ADIERAZTEN DUTE TE-HONDARREK? BIRENTZAKO TOKIAN HIRUGARRENIK EGON EZIN DELA?
Pertsona bat hiltzen da mundutik minutuko? Eta pertsona bat jaiotzen da mundura minutu hamaseiren bateko?
Salierik entxufatu zuen Mozarten semea?
Non daude giltzak, matarile rile rile?
Hezkuntza ez da gehiketak etengabe egitea, kenketa zer den inoiz ikasi gabe?
Bizitu, Kixotek baino ezin zitzakeen bizi, kontatu, Benengelik baino ez?
Erabili eta botatzeko literatura eskatzen dute oraingo bezero irakurzaleek?
Dantzan egingo al dugu?
ENE ESKUTARIA, ALAIN BIDART ERE, HILIK? J. R. MADARIAGAREN EZKUTARI TTIPIA ERLATOKO GAUA ZERK BETE DU ZINKURINEZ? ZENBAT GERLARI HIL DIRA, KAPITAINA?
¿Quién no ha probado un añón a la sombra de un ateje?
Conradek ere zerbitzatu zion Ingalaterrako erregeari?
Xake mate?
Bye bye?
Agur t'erdi?
Adio!
|