L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 15-16 zkiak. (1990/91-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ai gureak balira!—

 

Bihozkada

 

Birritan txirrina jo eta berehalaxe jakin nuen bertan gelditzeko nintzela. Aita zenarengandik ditut halako bihozkadak. Ateak brontzezko langa moduko bat zuen eta neure artean egin nuen ederra izan behar zuela han lustrea ateratzea. Gero ireki egin zuten eta lehengoak hartu ninduen, aldegiteko zegoenak. Zaldi aurpegia zuen eta kofia eta amantala. "Iragarkiagatik nator", esan nuen. "Badakit", marmarrez berak, eta atarian utzi ninduen, harlauzei begira. Paretak eta zokaloak arakatu nituen, zortzi bonbiletako argihamarratza eta manpara gisako bat.

        Gero Señora etorri zen, ikaragarria. Birjina baten antzera egin zidan irribarre, baina antzera bakarrik. "Egunon". "Izena?" "Kontxi". "Kontxi zer?" "Kontxi Abasolo". Goitik beheraino errepaso bat eman zidan begirada batez. Arranopola. "Erreferentziarik?" Hitz totelka esan nuen lehen ahapaldia: "Sasiain familia, Heriz 46, telefonoa 210948. Idiakez familia, Manterola 32, telefonoa 413723. Escribano Larrañaga, Narrika 7, telefonorik gabe". Inolako keinurik ez. "Lanuztearen arrazoiak?" Bigarren ahapaldia, lasaiago: "Lehenbiziko kasuan, janari eskaxa. Bigarrenean, semerik zaharrena. Hirugarrenean, mando lana". "Hemen", esan zuen berak, "dexenteko lana dago". "Pentsatzen dut". "Baina badago beste neska bat eta gainera alabak eta biok ere laguntzen dugu". "Ongi da, Señora". Berriro arakatu ninduen. Aurreneko aldiz konturatu nintzen aldika-aldika begiak kliskatzen ditudala. "Adina?" "Hemeretzi". "Senargairik bai?" "Banuen". Bekainak altxa zituen. Argitasunak eman nituen badaezpada: "Atrebitu hutsa. Hori zela eta haserretu ginen". Atsoak irribarre egin zuen, entregatu gabe halare. "Horrela gustatzen zait. Zentzuzko jokaera eskatzen dut nik. Seme gaxte bat dut; utikan, bada, irrimirriak eta atzekaldea mugitzeak". Zentzuzko jokaera, neure espezialitatea. Bai horixe. "Etxean eta etxetik kanpo. Ez etorri niregana zikinkeriekin. Eta utikan haur sasikoak, aditu?" "Bai, Señora". Ula Marula! Lehenbiziko hiru egunen ondoren atsoa agoantatzeko etsipena hartu nuen. Hala eta guztiz, begi irten haien begiradatxo bat nahikoa zen nire nerbioak bere onetik ateratzeko. Izan ere, gibel barruak ere ikusten zizkizula ematen baitzuen. Ez zen halakoa, ordea, alaba, Martita, hogeitalau urte, beste altzari bat bezala tratatzen ninduen eta etxean oso gutxi egoten zen marioilanda apainuste halako bat. Eta are gutxiago etxekojauna, don Onorio, halako itsaxapo anteojodun bat, zine mutua baino isilagoa, katamixar aurpegi eta Cortefieleko erropa duna, eta "La Voz"en gainetik nire bularrei begira topatu nuena noizpait. Tito jaungazteak, aldiz, hogei urtekoa bera, ez zuen egunkariaren aitzakiarik behar berea banindu bezala goitik behera miatzeko. Zin dagit kaso egin niola Señorari atzea asmo txarrez ez mugitzearen horretan. Aitortu behar dut nirea kilikolo samar ibili dela, baina zinez diot moto propioz mugitzen dela. Esan didate Bilbon badela sendagile japoniar bat hori konpontzen duena, baina bienbitartean ez dago nire naturalezaren joerari kontra egiterik. Kontuak kontu, txunditu egin zela mutila. Aurrena begiak joaten zitzaizkion, gero aurrean eraman nahi izaten ninduen bazterreko pasiluan. Beraz, Señoraren esana betetzearren, bai eta, ez dut ukatuko, niregatik neuregatik, hamazazpiren bat bider geldiarazi behar izan nuen, nazkagarriegi ez agertzeko kontu handiz halare. Badakit, bai, nik, zer esaten ari naizen. Lana, berriz, izorramentu galanta. "Badago beste neska bat", esan zuen Atsoak. Bazegoen, alegia. Hilaren erdi alderako ni neu bakarrik nengoen zer guztietarako. "Alabak eta biok ere laguntzen dugu", gaineratu zuen. Platerak zikintzen, noski. Nori lagundu behar dio Atsoak, hara, hiru paparretako tripa tzar horrekin eta serialekiko grina horrekin. Niri "Rosalinda" edo "La duquesa descalza" gustatzea, tira, hainbestean, ezta hori ere; baina berari, hain argitzat edukirik bere burua eta Selecciones eta Lifenespañolen irakurle izanik, ez dut ulertzen, ezta ulertuko ere. Nori lagundu behar dio, bada, gure Martitak, eguna ematen du-eta bere pikorrak lehertzen, Ondarreta tennisean eta Miarritzen fitxak barreiatzen. Ni aitaren jitekoa naiz bihozkadetan, eta, beraz, ekainaren hiruan (San Cono dontsua izan zen) argazki hori eskuetaratu zitzaidanean, Martita larrugorritan bainatzen ari zena Gomeztarretako gazteenarekin, auskalo nongo eta niri bost axola zaidan errekasto batean, gorde egin nuen berehala badaezpada ere. Nori lagundu behar diote, gero! Lan guztia niretzat eta eutsi egin behar halare gogor. Ez dago zer harriturik, beraz, Tito (Tito jaungaztea, zera!) begiak urtu beharrez eta egunean-egunean eskuarinago jarri zenean, nik trankilimailua erakutsi eta garbi mintza gintezen esatea. Letra guztiekin esan nion horrela ezetz, pobreok beste altxorrik ez dugula: ondratasuna eta kito. Berak barre egin zuen, sufiziente oso, eta hasia zitzaidan esaten: "Ikusiko dun, mariputita", eta hara non agertzen den señora eta gorpuak bagina bezala begira gelditzen. Kaiku alenak begiak lurrera jarri eta mutis por el forro. Atsoak orduan "azkenean biok bakarrik" esateko aurpegia jarri eta sekulako belarrondokoa eman zidan, komunista eta emagaldu esanez aurpegira. Nik esan nion: "Berrorek ez dauka ni jotzerik, horra", eta ber-bertan demostratu zuen kontrakoa. Berarentzat kaltean. Bigarren kolpe horretxek aldatu zuen nire bizitza. Ez nuen ahorik ireki baina ez nengoen barkatzeko. Gauean esan nion hilaren bukaeran alde egingo nuela. Hilaren hogeitahirua zen eta ogia baino premiazkoagoak nituen nik zazpi egun haiek. Banekien don Onoriok papen gris bat gorderik zuela bere idazmahaiko erdiko kajoian. Nik irakurrita neukan, badaezpada ere. Hogeitazortzian, arratsaldeko ordubietan, gure Martita eta biok bakarrik geratu ginen etxean. Hura siesteatzera joan zen eta ni paper grisaren bila. Urquiza delako baten gutun bat zen, nire etxekojaunari gisa honetakoak esaten zizkiona : "Xx xxx x xx xxxx xxx xx xxxxx". Argazkiaren sobre berean gorde nuen eta hogeitamarrean Matia kaleko pensio prestu eta merke batera aldatu nintzen. Inori ez nion helbiderik eman, baina Titoren lagun bati ezin izan nion ukatu. Hiru egunez luzatu zen itxaronaldia. Tito gauez azaldu zen eta nik doña Celia aurrean zela hartu nuen, berak baitarama urte batzutatik hona pensioa. Barkamena eskatu, bonboiak ekarri eta berriz etortzeko baimena eskatu zidan. Ez nion eman. Zein eta ederki asmatu nuen, ze harrez gero ez zuen gau batez ere huts egin. Zinera joan ginen sarritan eta are Parkera eraman nahi izan ninduen gaiztoak, baina nik lotsa onaren tratamendua aplikatu nion. Arratsalde batez zuzen-zuzen jakin nahi izan zuen zeren bila nenbilen. Bihozkada bat izan nuen bertan: "Ez nabil ezeren bila, ezin baitut inolaz pentsatu nahi nukeena lortzerik".

        Nire ezpainetatik entzuten zuen lehenbiziko gauza atsegina zenez, dexente hunkitu zen, hanka sartzeko nahikoa: "Zergatik?", esan zuen garrasika, "hori bada arrazoia, bertatik agintzen dizut..." Orduan, esan ez zuena esan balu bezala, nik: "zuk bai... baina eta zure familiak?" "Neu naiz nire familia", esan zuen gaixoak.

        Jatorrada horren ondoren etortzen segitu zuen eta berarekin batera loreak, goxokiak, aldizkariak iristen. Baina ni ez nintzen aldatu. Eta berak ondotxo zekien. Behin hain zurbil sartu zen ze doña Celiak berak ere zerbait esan zuen. Ez zen gutxiagotarako. Aitari esana zion. Don Onoriok, berriz: "Besterik ez genuen behar". Baina gero amor eman zuen. Gutxi bezalakoa tipoa. Martita bi urtez edo aritu zen barrez, baina niri zer axola. Atsoari, aldiz, berdea jarri zitzaion kolorea. Tito ergela omen zen; don Onorio, kakalardo hutsa; Martitari, berriz, inmoral eta ez bete-betea. Gero, berriz, ezetz eta ezetz eta ezetz inola ere. "Zoratuta bezala dago", esan zuen Titok, "ez dakit zer egin". Baina nik banekien. Larunbatetan Atsoa bakarrik egoten da beti, don Onorio Errioxarara joaten baita. Martita tennisean aritzen da eta Tito Gaztelupeko bere koadrilatxoarekin ateratzen da. Beraz, zazpietan kabina batera joan eta bi bederatzi zazpi zero hiru zortzira deitu nuen. "Bai", esan zuen berak. Betiko ahots lodi, ikaragarria. Ohetiko jantzi berde harekin egongo zen, aurpegia ukenduz josia, toaila turbante gisa buruan. "Kontxi naiz", eta eskegi baino lehen: "Ez moztu andrea, interesatu egingo zaizu". Beste adetik txintik ere ez. Bai adi egon, ordea. Orduan galde egin nion ea don Onoriok bere idazmahaian gorderik zeukan paper grisezko gutun baten berri bazuen. Isiltasuna. "Beno, ba nik dauket". Gero galde egin nion ea ezagutzen zuen bere Martita Gomez-Gantxegitarretako gazteenarekin bainatzen agertzen zen argazki bat. Minutu bateko isilaldia. "Beno, ba hura ere nik daukat". Itxaron egin nuen badaezpada, baina ezer ez. Orduan esan nuen: "Pentsa ezazu, andrea" eta moztu egin nuen, neuk moztu nuen, ez berak. Bere haserrea hausnartzen geratuko zen aurpegia ukenduz josirik eta toaila buruan. Portatu egin nintzen. Handik astebetera etorri zen Tito pozak airean eta oihu egin zidan atetik: "Amor eman du atsoak! Atsoak amor eman du!" Horixe amor eman. Hurraka hastekotan egon nintzen, baina emozioarekin musu ematen utzi nion. "Ez du trabarik jarriko baina zu etxera ez etortzeko kondizioarekin". Kondizioa? Hamaika entzuteko gaude! Tira ba, hogeitabostean ezkondu egin ginen (duela bi hilabete), apaizik gabe baina juezarekin, intimitaterik handienean. Don Onoriok txeketxo polit bat luzatu zigun eta Martitak telegrama bat bidali, zeinak —ez da akaso egokia esatea— zen pentsatu handia eman baitzidan. "Ez pentsa irabazten irten haizenik. Besarkadak, Marta".

        Egia esan, guzti hau burura etorri bazait, atzo dendan Atsoarekin topatu nintzelako izan da. Ukondoz ukondo egokitu ginen, merkaldietako jeneroetan lardaskan. Bapatean, zehar begiratu bat luzatu zidan beloaren azpitik. Garbi zegoen. Bi irtenbide zeuzkan: edo ezikusi egin edo ni arrastoan sartzen saiatu.

        Bigarrena nahiago izan zuen nonbait, eta, urruntasuna markatzeko kortesiaz hitzegin zidan: "Zer moduz, ongi doakizu?" Orduan bihozkada bat izan nuen eta nailonezko goardasolari gogor helduz, lasai-lasai erantzun nion: "Ni ongi, eta zu, ama?"

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.