Eritzia
Begiak itxi, eta usain egin
Patziku Perurena
"Zibilizazio kristau honi begiak itxi,
eta atzera bere lurrari usai egin arte
ez da inongo jenderik libre izanen"
(P. Baroja)
Hogeigarren mende honen hastapenetan Marcel Proust idazle frantsesa "Denbora galduaren bila" izeneko bere obrarik sonatuena burutzen ari zela, ehun kilometroko bidean joan izandu omen zen Normandia aldera, lore zurigorriztaz bete betean zeuden sagastietako usai gozotan bere zentzu ahulduak gozatzea eta indartzea beste xederik gabe; izanez ere, osasunez pattal samar bait zebilen bolada hartan. Ehun kilometrotik goiti egin omen zituen bai, sagarrondo loratu berrien usaitan galdurik, bere zentzumen makalduak atseginez eta gozamenez indarberritze hutsagatik.
Igoal berean, Schiller poeta alemandarrak, sagar umoen usaia izaten omen zuen bere botikarik hobena. Esaten omen zuen, ez zela usai hark bezala gizona lasaituko zuen gozagarririk santa sekulan perfumerian sortuko. Nik ere gauza beratsua esanen nuke, baina, emakume umotu baten larru usai naturalaz; ez bait da santa sekulan perfumeriarik izanen, halako usai zoragarririk sortzeko kapaz izanen denik.
"Perfumea" izeneko nobelan ere, Jean Baptiste Grenouille protagonista, dontzeila gazteen usaiaz maitemintzen da soilik, eta oso urrutitik sumatuko du gainera, non dabilen bere zentzuak zoratzen dituen dama gaztearen usaia, eta usai gozo horren zoramenez bere burua galduko ez badu, hil egin behar izaten ditu azkenean bere guztizko neskatxa gazte usai gozokoak. Armiarma emeak amodioa egin ondoren arra hiltzen duen bezalaxe, Jean Baptistak ere, larru usai eme gozoak zoramenaren gailurrera eramaten duenean, hil eginen du dama gazte bakoitza, bere usaiaz ahazteko eta beti usai berritatik sortzen joanen den amodio etengabekoari bideak libratzeko. Mila moetatako usaiak hartuko ditu buruan Jean Baptistek, baina oroimenean gorde eta objetiboki sailkatu ezin duen usai bakarra amodioarena izanen da. Izanez ere, bestela erotu eginen bait litzateke, bere oroitzean estalitako behor ihel gazte guzien larru usai zoragarriak gogoan hartuko lituzkeen zaldi zaharra erotuko litzatekeen bezalaxe; horregatik hiltzen ditu dama gazteak, bestela zoramenez hilen litzakeelako, hainbeste amodio usai gozo gogoan pilatzen joanez gero.
Sagrario Aleman, Nafarroako Etxaleku herrikoa den damak ere, hala aitortzen zuen behin HEMEN astekarian, "belar berdearen usaina duten gizonak gustatzen zitzaizkiola". Gotzone Sestorain, Leitzako Gorritz baserriko poetisak ere, hala esaten zidan beste batean, harentzako pertsona bakoitzak bazuela bere usaia, eta segun eta nolako usaia botatzen zuen, berehala nabaritzen zuela bakoitza nolatsukoa zen. Leitzan bertakoa zen beste dama gazte batek berriz, amodioa gozoro egiten genuen aldiro, eskuineko eskuko hatz nagusia Venusen ibai gorri irakinberrian igurtzi, eta gero sudur mizpiretara eramaten zuen hatz mutur bustia, begiak itxian, bion erraietatik ateratako hazi zuri beroari usai eginez iragan berritako gozamenaldi hura gogoan hartzearren edo, auskalo zergatik?
Egia da. Gure usaimen gaitasuna galdu izan ez bagenu, etengabeko zoramen batean bizi ginatekeen gaur. Ingurumariak hainbeste usai moeta zoragarri sartuko liguke gure sudur mizpiretatik barrena, non ez genukeen gure zentzuak kontrolatzeko modurik ere izanen, geure senarik primitiboenari eta basatienari askatasun osoa emanen genioke, eta gure portaera animalien oso antzekoa izanen litzateke; izan ere, gizakia ez da animali irendua eta hezia baizik. Eta kristau zibilizazioak inolatan ahuldu eta domatu izan bagaitu, usaimenaren zentzua ukatuz egin gaitu.
Sikiatrek ez dute inolako zalantzarik jartzen, joera eskizofrenikoak hartzen dituen jendeak usaimenerako sentiberatasun harrigarria duela aitortzerakoan; haien ustez, usaimenaren sentiberatasun berezia dutela medio, beste gizaki ia sumagabeko eta heziegiok jasotzen ez ditugun mila datu hartzen dute gogoan eskizofrenikoek, eta hortatik zoramenerako joera. Beraz, eskizofrenia, izatez, ez da gaitza, baizik eta gizakiak usaimenaren zentzua berreskuratzeko erakusten duen joera; berezko giza aberetasun baterako joera.
Aintzinatean, gizakia oraindik bere sumaz gidatzen zen. Haizeak nondik jotzen zuen jakiteko ere sumaz baliatzen zen, bere etsaiak nontsu zebiltzan jakiteko ere bai, ehizarako ere bai,... Eta gerozago, Ertaroan ere, oso zentzu aberatsa zen usaimena. Medikuntzan esate bateko, arnasaren usaietik jakiten zen nork zer gaitz zeukan. Sukar gorriaren usaia, labean erretako ogiaren antzekoa izango zen; baztangarena, zakur haragi ustelduaren usai gogaikarri garratzaren antzekoa; ahotz ebaki berriaren usaia izanen zuen giltzurdinetako gaitzak; azeton usaia berriz, diabetisak; eta denak horrela. Eta ez hori bakarrik. Mediku guziek, beren bastoiaren goiko buruan esentziontzi ttiki bat eramaten zuten usai gozoko lorautzez betea, eta gaizkitutakorik bisitatzen zuten aldiro, beren metalezko bastoi burua pittin bat xirrikitu eta esentziontzi ttikiko lorautsaren usai gozoz garbituko zituzten beren sudur mizpirak, aurrez usai egindako gaitz kutsakor hartatik.
Inoiz frogatu izan denez, ordea, usaimenaren zentzua ez omen da aideko molekula usaidunen bidez bakarrik burutzen. Ba omen da dardararen bidez burutzen den beste usaimen sistema. Esate bateko, besteak ez bezala beti gauez ibiltzea gustatzen zaion pinpilinpausa moeta batean, arrak hamar kilometroko bidean, eta haize kontrara gainera, sumatzen omen du amodio gogoz dabilen emearen usaia.
Halabaina, orain berriro egin diren ikerketa batzuren arabera, gizaki guziok usaimen gaitasun beratsua omen dugu, sudurraren fisiologian gaitzarik edo okerrik izan ezean. Gizonak baino suma zorrotzagoa omen du emakumeak, endemas estaduan edo obulazio aldian denean. Larru beltzekoek ere zurikook baino suma finagoa omen dute. Herrialde industrialduetan galdu egiten omen da sumarako gaitasuna, eta kanpoan lan egiten dutenek ere, etxe barrenetan egiten dutenek baino errazago bereizten omen dituzte usai desberdinak.
Leinu zaharreko herrialdetan oraindik gordetzen dira usaiaren inguruko erritoak. Konparazio batera, Ginea Berriko hegoaldean, Kanum-irebe izeneko tribuan, bi adiskide min elkarrengandik bereizten direnean, joaten denak igurtzi eginen du eskuz gelditzen denaren galtzarbea, gero esku berarekin bere gurputza igurtziz haren usaiarekin gera dadin. India zaharreko emakumeak, beren garbialdia hartu ondoan urgija izeneko ongendu batez igurzten dute gorputz guzia. Eta arabiarrek, ezkontza zerratzerakoan, ezkongaiari usai egiteko eskubidea izan ohi dute, eta usaiaren ariora, hartzeko edo uzteko aukera.
Baina usai gozoen eta intzentsuen aurreneko sortzaileak aintzinako egiptoarrak izan ziren. Usai gozoko baltsamoak, oliodurak, esentziak eta ongenduak izpirituekin harremanetan jartzeko bitarteko modura erabiltzen zituzten aipaizek,. eta jainko sagaratuei eskainitako tenploetan, egunean hirutan erretzen zituzten esentziak: erretxina egunsentian, mirra eguerdian, eta hamasei osagai desberdinez egindako kifia delakoa arratsean. Azkeneko fragantzia hauxe da, hain zuzen, gizonak sortutako lehenbiziko perfumetzat jotzen dena. Geroztik ikertu izan denez, osagaien artean, kalamua, kanela, mendabelarra, melisa, ainarra, aleina, eta mahats paxak omen zituen aintzinako perfume zahar honek. Grezia Zaharreko Plutarko filosofoaren esanetan, usai gozoko hausterre honek, arrengurak uxarazi, lotako gogoa eman, eta amets alaiak berritzen omen zituen.
Mundu zaharreko jendea, usai gozoen eraginera ohitua zegoen erabat. Honako gertakari honi begiratu besterik ez da: 1922an Tutankamon faraoiaren hilarria altzatu zuenean Howard Carter ikerlariak, oraindik usai gozoa botatzen zuten esentzi ontziak aurkitu zituen barrenean, nahiz hirumila eta hirurehunen bat urte lehenago han jarriak izan. Geroztik egin den ikerketa batean, aurreneko hausterre haietan intzentsua eta Indietako akara belarraren lorautsa ere tarteko zirela frogatu izan da.
Kleopatra erregina bera, usai gozo zale amorratua omen zen. Historiadoreen ustez, edertasun haundirik ez zuen emakumea bazen ere, bere gorputza eta adatsak usai gozoz igurzten zituelako, errez liluratzen omen zituen bere garaiko gizonik gotorrenak ere, eta horren lekuko jar litezke, berataz txoraturik egondu ziren Cesar eta Marco Antonio, orduko gizonik azkarrenak.
Hala ere, denetan usairik gozoena nork berak botatzen duena da. Izaki bakoitzak berez botatzen duena. Ez da zertan perfumeak sortzen ari beharrik. Gizakiok, aintzina egiten genuen bezala, elkarri usai egiten ikastearekin aski genuke. Gure larruaren usaia zoragarria da, itxurakeriaren kultura axaleko honi begiak itxi eta elkarri usai eginen bagenio, ez litzateke munduan hainbeste istilurik, gerrarik eta goitibehitirik izanen. On ustez gorputza garbitu egiten dugu, eta ondoren perfumatu, kultura bisualaren zentzuetara egokitzeko, baina, askoz hobe genuke gorputzari bere berezkoan usai egitea, bitarteko engainagarririk gabe zuzenean geure gorputzaren eta ingurumariaren kontzientzia benazkoa izateko, geure eguneroko harremanak usaien bidez errazteko, nolabait, geure zentzuak libreago egitearren eta geure ingurumari naturalekiko kontzientzia benazkoagoa izatearren.
Egin usai zeure lurrari eta zeure lurrekoei, eta sudurrak betean sartuko da atsegina zeure gorputz ukatuan eta itxurakeria hutsera ohituan.
|