Hitz neurtuak
Poetika
Laura Mintegi
Bi eta bi
Bi eta bi
eta bi,
eta bi
eta beste bi
ez dira hamar,
bi batzuren multzoa baizik.
88.2.2
Ametsak
Badakit elkarrekin gaudenean
diferente dena
Badakit musu erdiak
hainbat isilune
eta keriatxo horiek
ez direna nire ametsak
Badakit gogoak diostana
begiek ezeustatzen dutena
Badakit, badakit guzti hori
badakit
Baina hilgo ditut
besterik ezean,
oraindik ditudan ametsak?
88.2.2
Bueltatu
Bueltatu
noiz utzi dudan
gogoratu ez arren
bertara
bueltatu
Norbait utzi nuen
ez badakit ere
lehen bait lehen
bueltatu
Ni hangoa naizelako
Agian norbait dagoelako
Bertara lehen bait lehen
bueltatu
Harria baino ez badago,
etxe baten hezurra,
musu ezkutuen oihartzuna,
agur hitsaren gogoramena,
ez badago ere
bueltatu
Nireak han daudelako.
Ni hemengoa ez naizelako.
87.4.19
Amaigabeko zuloan
Behar zaitudanik
ez izan zalantza
Harro agertzen banaiz ere,
uzten banauzu
amaigabeko zulo beltz
bihurturik geratuko naiz ni.
88.4.16
Uxatu behar
Ez naiz ari
beraren bila
Tristezia berez datorkit
Lagun goxo, epela
baina uxatu behar dut
nire aldetik.
88.4. 16
Oihu guztiak
Amodio, haserre,
etsipen eta pozaren
oihu guztiak
entzuten ditut nire gelan,
etxe osoko
pisu guztietako
telebista guztien
kanale guztietako
pelikula guztien
abotsak
batera
entzuten ditudanean.
88.2.2
Oinazea
Barnea dut gori
erraiak loturik
tiraka dabilkit
kanpotik oinazea,
sokatik tira,
tente eta gori
barneak estutuz,
haragia ito
nahi didala.
Nuen sentitu
gorputz dena epel
alde bakarrarekin solidario.
Bero dut orain aldea
minbizi zekena
oinazearen sukarretan hotz,
ziri, motz,
ekinzalea.
Gori gori dut barnea
mina eta grina
oihu kirrinkaria
haragi eraso ankerra
Su etengabea
erre gabe kiskali
ahitu egin didana
gogo dena.
Hemen nauzu
oinaze
ustekabean
harrapatu
nahi nauzun artean.
87.6.8
|