Hitz neurtuak
Ezti bila S.A.
Itxaro Borda
I.
gure mundua pobreen mundua zen
eguzkirainoko
biderik ez zegoen
mugarik ez genuen inon aurkitzen
galdurik bezala
genbiltzen
bihotzetako arrantzak
kendu ezinik
gure mundua pobreen mundua zen
ilargirainoko
zelaiak trein maltzurrek
sardeskatzen zizkiguten
heriotzean bezala
gindoazen
ametsetako ordoki ederrak
hastu ezinik
gure mundua pobreen mundua zen
hutserainoko
gailurren ertzeetan
herria gosez zatxikaten garaiean
dudatzen ari ginen
damutzen
dolorezko
sentimenez bustirik
pobreen mundua zen gure mundua
eta artizarren mezulariak
ez ziren etxe atarrietara ere
heltzen
dolorezko
sentimenez bustitik
bezala.
II.
berlingo horma eroriko lau harri koxkor
dauzkanagu eskutan
amnesia hedatzaleen arpegira botatzeko
prest,
lotsik gabe,
Dolores,
erraten huen ez zirela pasatuko eta izar
laztanak negarrez dauden
iragan direlakoan barbariaren armadetako
soldadoak,
lotsik gabe,
Dolores,
eztitasunerako hildoa irekitzen dugularik
bakardadearen
ustel usaina baizik ez dinagu aurkitzen
inguruan,
lotsik gabe,
Dolores,
kartzela hotzetan mantentzen gaituztela
noiz zuzen itzuliko
garen nehoiz azaldu ez nahiean
bihar agian?
lotsik gabe,
Dolores,
xoilik gelditzen zaigun berlingo hormatik
erori harri koxkorren
pizti ezaxolatien begietara aurdikitzeko
ahalmen hurria,
lotsik sabe,
Dolores,
...
III.
euriak
karrika zapuztuak blaitzen
dituenean
buruko zinegeletan
larrazkeneko hosto lehorrez
estali belardiak
dakuskit,
eta laster
altxatzen da
zerua urdintzen duen
haize hegoa,
eta laster
buruko zinegeletan
airatzen dira
ainarak
haltzetik ur ertzeko
xurxurietaraino,
eta laster
zainak jabaltzen zaizkit
euriak
karrika zapuztuak blaitzen
dituenean.
IV.
uholdeak pasa ditun
heriotz gutiziak kulunkatuz
uholdeak pasa ditun
esku ahurrak xoilik labanduz
uholdeak pasa ditun
bizirik nagon oraindik
hire
zain
V.
Tienanmen plaza bat da ene bihotza
maitia!
nora joan zara?
duela bi urte t'erdi tankeak sartu
ziren burrunban
bihotzaren eremuan
o maitia!
desir herbailak oro
zitzifrikatu zituzten
odoletan utzi
hatsik gabe lurperatu
herri minduan kixkailtzeko
indar ahulak
batez ere desir herbailak
larrutu
duela urte t'erdi tankeak sartu
ziren burrunban
amodioaren ondartzan
eta geroztik
Tienanmen plaza bat da ene bihotza.
|