L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatura—

 

Musak kafetegian

 

Musak, poesiaren ninfak, kafetegian daude, bi mahai elkarturen inguruan, maiatzeko arratsalde euritsuetan denbora nola igarotzen den begira.

        Garai galduez oroitzen dira, itzulminez.

        Baina Dionisioren lagun-ostea aspaldi banandu zen; Artemis birjinaren eta Maidade kasik biluzien dantzak suntsitu ziren zelai-basoetan; satiroen grinetatik ihesi ez dute ibili behar iadanik. Pan likitsaren xirula ez da inon entzuten; kafetegiko bafleetatik Tracy Chapman eta Phil Collins.

        Horrelaxe izaten da arratsaldero; aintzinako gertaeren oroitzapenak urruneko edertasuna bihurtzen die bederatzi atsoei, eta zenbait ordutan berriz ere Olinpon direla iruditzen zaie, eta orduan bezala, hilkorrek asmatzen eta idazten dituzten istorioak eta poemak beraiek iradokitzen dizkiela uste dute.

        Ez dira ohartzen Jainkoen oturuntzan abesten zituzten kantak ahaztu zaizkiela eta aurrean, nektar eta anbrosien ordez, kafesne-katiluak eta croissant-ak dauzkatela.

 

 

Terpsikorek, lira-jotzaile paregabea izandakoak, gizaldiek moteldutako behatzez folio batzu destolestu eta mahaiko isiltasuna urratu du. Bilera hasi da. "Lehengoan gizon bat ikusi nuen taberna batean; edaten ari zen, eta ardoaren zorabioak aspaldiko maitasunak ekartzen zizkion gogora, eta basamortuko duna beroen arteko bide hareatsuan oasiek eskaintzen duten xarmaz agertzen zitzaizkion. Eta taberna-zulo hartan poemak idazteari ekin zion."

        — Bere poemak irakurriko dituzu?

        "Ez, gizon harenak ez; nere ondoan, berari so, beste gizon bat zegoen, hau ere idazten ari zelarik."

        Eta Terpsikorek Jon Iriberri-ren Larrosak, noizean behin liburuan laister argitaratuko diren poemetatik lau irakurri dizkie.

 

 

Bospasei minutu igaro direnean, Euterpek, aldez aurretik ezer esan gabe, Itxaro Borda-ren Ezti bila S.A. (II)-ren bost poemak errezitatu ditu mintzo sakonez. Eta musak mendez mende ikusitako bidegabekeriez akordatu dira berriz ere, eta berriz ere harritu ditu hilkorren oinazeak baretu ohi dituzten sentimendu pertsonalen geruzaren ahalmenak, eta Kaliopek, beti bezala, "horrela izango ez balitz, ez lukete mendua jasango" gaineratu behar izan du, besteok ez dakitelakoan, antza.

 

 

"Nik kontatuko dizuedan ipuina —dio Uraniak— mundu zahartu batean kokatzen da, etorkizun urrunean. Gure eguzkia itzaltzen hasia da, eta aztikeria eta magia zaharrak berpiztu dira inguru hilurren horretan, iraganak eta geroak bat egiten duten sasoian." Uraniak orain Imanol Usandizaga-ren Iluntasunaren etorrera ipuinaren irakurketari ekin dio, betaurrekoak sudur gainean ondo ipini eta gero.

 

 

Melpomenen txanda da orain. Begitarte goibela du, hainbeste mendetan jantzitako tragedia-maskarak irribarrea aldatu izan balio bezala. "Nik Iñaki Bernaola-ren Irudi-gizona ipuina irakurriko dizuet, non ikusle ikusezin batek hilkorrei gizabanakoaren funtsgabetasunez, haren denboraren laburraz, gizon-emakumeen iragankortasunez pentsaratzen bait die". Baina Melpomenek irakurketa bukatutakoan, musek ez dute ezer esan, akaso beraien betiereko bizitzaz pentsatzeari lotu direlako.

 

 

Kleiok bere idazki-bilgua galdu zuen duela urte batzu; ez da etsitzen, ordea, eta haren bila ibiltzen da munduko alderdi guztietan barrena; alferrik aritzen da, inork ez bait daki deus bere idazki-bilguaz, baina denek bestetako istorioak kontatzen dizkiote, galdutako idatzien lekua bete diezaioten. "Behin, herrixka batera ailegatu, eta han ere nere galeraz berririk ez zutela konturaturik nintzela, ume baten ahotik bertako plazan zegoen zuhaitz erraldoiaren istorioa ikasi nuen, aintzinako leinuen oihartzunak enegana iristen ziren bitartean" esan die Kleiok, eta Karlox Barrentsoro-ren "Irandatz", bidasotarron zuhaitz jainkoa kontu miragarria kontatzen hasi zaie.

 

 

Eratok Laura Mintegi-ren zazpi poema labur errezitatu ditu; geldi-geldiro egin du, bakoitzaren amaieran tarte luzea utziz. Mezu ttikiak dira, une batez hunkitzen gaituzten sentsazioak, burutazioak, sentimendu apalak iraun erazi nahi dituztenak. "Ez da, azken finean, hauxe bizitza? Sentimendu ttiki askoren kateamendua?" galdetu du Kaliopek, eta Eratok so egin dio begiratu epelez.

 

 

"Gau batean, loa galdua, pasiatzen nenbilela —Polimnia da mintzo— soldadu bat esnarik, beste soldaduen hatsedenaren guardian, ikusi nuen. Gogoetan ari zen, ukondoak mahaian jarrita eta hatz bat ahogainean zuela. Ni estatua guztietan jarrera horretan zizelkatzen ninduten, eta horregatik, ziur aski, hurbildu nintzaion. Bere atsekabeak bertsotan moldatzen ari zen". Polimniak ukondoak mahai gainean paratu eta Inaxio Mujika Iraola-k sobdaduskari buruz jarritako bertsoak kantatu ditu.

 

 

Taleiari, musa guztietan arraienari, koroaren huntzostoak eihartu zitzaizkionetik, barremurritxa joan zen bere ezpainetatik, eta hilkorren inbidiaz dago, betierekotasunak asperturik. Karlos Linazasoro-ren Udazkeneko karabana erratua poema irakurri du, eta inbidia areagotu zaio, itxaropenik gabeko izaera malenkoniatsu horien irrikan.

 

 

—Kaliope! Zu bakarrik gelditzen zara.

        Baina Kaliopek ez du ezer irakurriko arratsalde honetan. Honek hantxe esandakoa kopiatu du kuaderno urdin batean, eta txintik atera gabe aulkitik altxatu denean bilera bukatua dena denek jakin dute. Barran Kaliopek kafesneak eta croissant-ak ordaindu ditu, eta kafetegi-atarian elkarren artean agurtu ondoren, koloreanitzdun guardasolen azpian etxera abiatu dira bederatzi musa adinduak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.