Literatura
Imajinatutako geltokian
aurkezpen gisa edo
Agure mutilak geltoki iluneko aretoa zeharkatu du, zabunka, ingandeko bidaiari aspertuen soez ohartu gabe; atean zigarroa lurrera bota eta nasan aurrera aldendu da tabernarantz. Zurrut batez beste beltz bat urdaileratzeko sartu aurretik, geltokiko arbola bakarraren kontra bizkarra jarrita, txiskeroa eta beste zigarro bat atera ditu patrikeratik. Gasa ahitu zaio, eta orduan soilik, eta derrigortua, altxatu du begirada zimurtua, surik luzatzen ahal dion kuttaduaren bila.
Kanpoan ez da inor ageri solstizioko arrats apal honetan; ipar-haizeak aretoko berogailuen ondora eraman ditu bidaiariak, nasak, hutsik bere jolasetarako gordetzen dituela.
Agure mutua tabernan sartu da, eta bazterreko senar-emazte tristeei hurbildu zaie. "Ez, ez dugu surik". Gizonaren anaia zaharrena atzo hil zen, eta gaurko eguna hildakoaren etxean eman dute, eta bihar ere, ordu honetan, hemen izango dira, hiletak ezin bait dira igandearekin egin.
Hil den gizon hori, bizi zela, oilar-apostularia izanez gero, Juan Kruz Igerabide-ren poemakoa izan zitekeen, apika.
Oilarra du izenburua adunarrak bidali digun poemak. Eta betiereko gaia da bertakoa; ahularen eta indartsuaren arteko sokatiran ohizko galtzaileak garaipena lortzen duenean hunkitzen gaituen zentzazio bitxi hori. Irabaztera ohitutakoa harlauzetan zetzan, umildua; eta atzo herri horretako plazatik zabaldu ziren abemariaren danbadak oso urrun iritsiko ziren, baita Parisa ere, agian, eta han, "Notre Dame"ko oihartzunak (1984) liburuan bezala, beste elizdorre batzuetako kanpai-hotsekin nahastu, doinu melankoniatsu berean. Baina, atzo, herri horretan, oiloak ez ziren doluz jantzi, beste larunbat arratsetan legez, Bizitzarekin solasean (1989) olerki bibdumako Aramaio poeman antzera, atzo, plazan, beraien oilarrak burruka irabazi bait zuen, zinez.
Agure mutua barra aldera joan da; ez dago zerbitzaririk, eta piztu gabeko zigarroa ezpainetaraino igotzeko denboran agertu ez denez gero, itxoiteko gogo-ezak kanpora eraman du berriz ere. Nasan soldatu bat ikusi du, ile motza, petatea bizkarrean, eta harengana oldartu da. Soldaduak poxpolu-kaxa eman dio, eta agure mutilari, arretaz sua pizten saiatzen zelarik, lurrera erori zaio, eta mutilak makurtu behar izan du arbola bakarreko osto eihar urdurien artetik jasotzera. Azkenean, soldaduak poxpolo bat irazeki dio, bi ahurrekin garra zainduz, eta ibilkera arinez alde egin du.
Eta beharbada, Inazio Mujika Iraola-k kontatzen digun istorioa, "Nuestro anhelo es tu grandeza", oraintxe gertatzen ariko zaio soldadu horren lagun bati, edo geltokiko honentzat gordeko du bereziki patuak, biharko guardiarako edo. Garitako bi ordutako bakartasun luzean, denborari segunduak ebastearen alde, edozein istorio imajinatzea zilegi da. Postuko soldaduak badaki kuarteleko giro hertsian edozein gauza agitzen ahal dela, zernahi ikusita ere, deus egin ezin duela, eskuak loturik dituela; bidegabearen aurrean, ezin izango du esan, Itzaletik itzalera Azukrea belazeetan (1987) ipuineko Valentinekin batean: "Zer egin dek, Jazinto. Eztek barkamenik", hemen inork ez bait du ezer konprenitu nahi.
Agure mutila antsiatsu ari da erretzen. Itxoin-aretoko atean gelditu da, barnera begiratu, eta kristal zikinak bere irudi higatua bihurtu dio, beste aldean dagoen gizon gazteari erreparatzea galerazirik. Gogaitua, biharko klaseez pentsatzen ari den irakasle bat izango da, apika, gazte hori. Zinetik dator eta ez da, iadanik, pelikulaz oroitzen. Ikasleen begiak ikusi uste ditu beste bidaiarien begitarteetan, denak berari begira, eta mendekurik ankerrena planeatzeari ekin dio.
Joxean Sagastizabal Jolasean (1983), Zerura igotzeko (1986), Paixibo (1987) idazlearen Irakaslearen ahalguztidunaren mendekua ipuin laburrean narratzailearen buruan mendeku-desira hori Lot-en historia bibliakoarekin nahasten da, eta lapurtera klasikoaz sortu, mendekuari dimentsio ia sakratua eman nahirik, eta, era berean, betetzeko ezintasun krudelaz konturaturik. Ikasleek ez dituzte Jaungoikoaren bildotsak (Inguratuta gatxeuden, 1989) kontuko Menniren, neska damutuaren, hitzak errepikatuko: "Pekataria naiz, aita, pekatari likitsa, lagun iezadazu!", ez, eta irakasleari ahalguztiduntasunarekin amets egiten jarraitzea besterik ez zaio geldituko kontsolagarri.
Azkenik iritsi da trena, bozgoragailuen gaztigurik gabe, eta jendea agure mutilaren ondo-ondotik igaro da, eta eserleku libre baten itxaropenean bagoietara igo. Agure mutila bere gogoetan galdua dago, zerbait egitea ahaztu zaiola uste du, baina ez du gogoratzen, eta trena badoa, ia ia soinurik ateratzeke.
Juan Luis Zababak Negar egiteko katilu handia poema bildumatik zenbait bidali dizkigu. Prosan lau liburu Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1985), Ahanzturaren artxipelagoa (1987), Gertaerei begira (1988) eta Kaka esplikatzen (1989) kaleratu dituen egile honen poema gordin hauetan poesia negar egiteko katilu handi bat dela irakurtzen dugu, eta aspalditik ezer idazten ez duen gure egura mutil hordiak horixe behar duela bururatzen zaigu: negar egin, historiarik ez duten pertsonaiek egin nahi duten bezala, ixilka, bakartasunean.
"Geltoki ilunean tren triste baten zain. Berandu da eta ez dakit merezi izan duen eguneroko ohituratik kanpoko tren hau hartu eta bidaia honetan abiatzeak," idatzi zuen Xabier Nolotolon-ek egun batean, eta aurrerago Virginiarentzat kopiatu eskutitz batean; eta akaso agure mutilak sinatuko zituzkeen hitzak dira bertakoak, aspaldian ezer irakurtzeari uko egitea erabaki izan ez balu.
Trenaren argia lehenengo bihurguneak itzali baino lehen, andre gazte bat sartu da geltokian, arrapaladan. Eta lipar batez urruntasunari so gelditu ondoren, ahots atsekabetuaz "badakizu ze ordutan den azkeneko autobusa?" galdetu dio agure mutilari; "ez, ez dakit" eta etorri bidetik galdu da.
Karlos Zabala-ren ipuineko Julie izan liteke andre hori, Ordu bi t'erdiroko lokutorea-rekin maitemindu zen alargun gaztea, bere irratsaioa entzuteko etxera nahitaez iritsi behar duena. "Behin balizko ilusio batek itsutu zuen andre normal bat" da Julie, eta ilusio honen istorioa kontaketa horren haria.
Taberna aldera abiatu da berriro, astiro, lehiarik gabe, baina itxia dago dagoeneko. Euria hasi du. Eguerditik ateri zegoen.
Guzon zaharra aterpean eseri da, eta behin ere itzaltzen ez diren bonbilek argitutako geltoki ilunak "Neguan berriz ere" esan erazi dio, zigarro itzalia doi-doi eusten duten ezpainen artetik.
Pello Otxoteko irundarraren Agur hego haize, agur olerkia neguaren etorreraz mintzo da. Adonis gaztea lurralde ezagunez haruntzago urrunduko da; ostoek geltokiko arbola bakarrekoek agianBoreas iparraldetik inguratuko zaigula esaten dute, bai, baina, azken finean, zer da negua?, "haizearen norabidearen aldaketa xumea", besterik ez.
Geltokiko nasa hutsetan zehar haize hotza dantzan ari da, zenbait osto, lau paper puska eta plastikozko poltsatxo bat nahigabe zorabiatzen dituelarik. Txori izuti bat teilatuko gapirioen artean beldurra edo ezkutatu nahi du. Eserlekuan, agure mutilak, harriturik, hartu ez duen trenerako txartela dauka eskutan, edo, beharbada ez, beharbada. "Ez da egia. Aulkian ez dago gizonik, ez inor. Irudimena da guzia. Imajinazioak sortu eta biziarazi du, irudiak ezerezaz moldatuaz, eta aulki horretan imini," Joseba Sarrionaindia-k behin idatzi zuen bezala.
|