Hitz lauz
Postalik politena
Karlos Zabala Oiarzabal
"Ilunabar urrun hartan
atso atseginaren gaztelurantzako
bidean barrena gindoazelarik,
zutaz, Yanet,
maitemindu nintzen.
Eta, orduz geroztik, galdua
nabil oihanean, zure arrastoaren
esperantzan."
Gregoire Sancutte
Balois zaharra etxera doa, tabernatik.
Pausu kordokariei oihartzun deskonpasatuak eguberri pinuaren antzera pizten doazen leihoen kontra jotzen du; langile nekatuaren kortinagabeko leihoan, telebisio aurrean dagoen familia ixilarenean, eta bonbilaren argipean maitasuna egitea laket zaion bikotearen leiho lurruneztatuan ere jotzen du zapata desgastatuen kanta desfinduak.
Eta Balois zaharra etxera doa, tabernatik, eta haren itzala espaloian faroletatiko angi horiak bakarrik ikusten du, eguzkiaren soa lurralde urrunetako agureen itzalei jarraiki aldendu baita hiri gris honetatik.
Kale bazterreko buzoian gelditu da, ukondoa gainean jarrita, eta arnasa sakonki hartuz atariraino iristeko indarrak biltzen dituen bitartean, zenbat denbona daraman eskutitzik bidali gabe pentsatzen du.
Zamarra margulak, egiten duen hotza dardararik gabe sufritzeko meheegiak, galtza adabatuak, alkandora, txaketa estaltzen ditu, jantzi higatuak hauek ere. Lepoan bufanda zarpail beltza, buruan kapela ttipia.
Begi lehorrak kale luzean galdu dira.
Ilunabar hotz honetan ostatura hurbiltzen doa ibilera traketsaz.
Eta gaur, atean dagoela, ez du faltrikeratik giltza atera behar eta gauerdian hamaika bider saiatu zerrailean sartzen asmatu artean, egunero bezala. Gaur ez dago itxita, eta alkoholak ez du Baloisen begirada lainotzen ere. Gaur, betiko tabernako betiko mahaian eserita, inoiz inork adituko ez dituen gogoetan zegoela, idazle zahar guztiek hautsez estalirik nonbait gordetzen duten aintzinako ipuin bukatugabeaz oroitu da. Botilari agur muritza, eta kalera atera da, aspaldian abandonatutako istoriari amaiera jartzeko asmo sendoaz.
Eta orain, atean dagoela, solas baten hitz solteak entzuten ditu. Atezainaren eta ezagutzen ez duen bere aurreko bizilagun gaztearen arteko elkarrizketatik itzuri joandako berba iheskorrak dira.
Gabon!
Guten Nacht!
Sartu eta "gabon"ek, kondenatuaren burua otarrera aizkorak ebakitzen duen era ankerrean, bi gizonen arteko hizketaldia urratu du.
Igotzen hasi eta bizkarrean gelditu den isiltasunak ez dio berari buruz mintza zitezkeenik gogorarazi. Urteak badira besteen esanek kezkatzen ez dutela, goizeko ihintz-ttantta kamelian behera erortzen den bezala, besteen eritziak eta ez eritziak haren azalean irristatzen direla. Bestela, agian, etxebizitzan sartzen denarena egingo luke eta eskaileretako deskantsilotik belarriak luzatuko, esan lezaketenaz jabetzeko. Horrela adituko luke dendako andreek agure zorotzat jotzen dutela, eta hau haren berri zehatzik ez izateagatik gertatzen delako susmoa duela atezainak, arraro xamarra dela aitortzen badio ere aho zabalka ari den etxetiarrari; eta ogibidez idazlea omen dela, eta famatua nahiz hizkuntza ezezaguna izan erabiltzen duena, eta alokera beti garaian ordaindu duela, behin izan ezik, eta orduan gehiago eman nahi izan zuen atzerapenagatik; eta alemanieraz ez dakiela, hitzik ulertu dionik ez baitago, eta... eta.., eta...
Eta idazle zaharra sartu denean mututu den atezainak gupidarik gabe segitzen dio zigortzen nazkaturik dagoela esango ez dion gazte herabetiegiari, atariko argi ahulpean.
Kuarto iluneko atea bultzatu, itzal artean interruptorea non dagoen haztatu paretan barrena, eta, kaka zaharra!, lanpara behar litzatekeen bezala aspalditik ez dabilela oroitu da berriz ere, nahiz mesanotxeko egutegitik zaramara hegaz zenbait txori-aste urrundu diren, goialdeko amaraunezko argia itzali zenetik, gaueko edozein izarren antzera. Mesanotxeko bonbila piztu du.
Eta Balois, idazle zaharra, zamarra bederen ohe gainera bota gabe, ipuin ezkutatuaren bila abiatu da karpeta, blok, liburu, folioen arteko bideetan zehar, urteek eta urteek landaturiko basoaren erdian.
Gela ttikia da, "honenbeste trasto gordetzeko" garbitzera etortzen zaion andreak esan ohi duenez. Egia esan, haundiagorik behar duenentz ez du sekulan pentsatu. Idazmahaiaren ondoan, bazterrean, lababoa, honen gaineko ispiluan isladaturik apal zabal bete beteak, ezkerretara, ateaz bestaldean, arropako armairua, ohea, mesanotxea; leiho bakarra idazmahaiari eskeinia, nola ez!. Eta elurra moduan dena estaltzen dutelarik paperak eta paperak, zuriak eta lumaz zirriborratuak, makinaz idatziak eta zakarrontzian zimurtuak...
Maitekiro mugitzen ditu hezur zahartuak aspaldi hasitako ipuin bukatugabearen bila; behera, aldizkariak ikustatzeko, alde batera, koadernoak, bestera, artxibadoreak, gora, hiztegiak, eta berriz ezkerretara, eta hango apalean, eta hemengoan; dantzan iduri du, dantzan akelarrean, baina hemen airean dabiltzanak ez dira erratzeko sorginak, baizik paperezko orri inprimatuak, ez besterik.
Hitz geldien artean ibili dira esku zimurtuak, deus aurkitu gabe. Etsi aurretik tontorreko klasiko bildumaren gaina laztantzen du, eta nahigabe, hor zegoen liburutxoa amildegira bultzatzen du; kaska soilean jo, soka-haria hautsi eta mendigoizale txikiaren hezur zuriak barreiatu dira alfonbra berdean. Makurtu egin da eta lurrean eseririk elaberritxoa bere azalera biltzen hasi behar duenean, izenburua irakurtzen du: Herri bakartia. Idazle zaharrak eginiko lehen obra da.
Orriak jasotzen eta kartoizko forroan sartzen ari da, arduragabeki, liburutxoaren aurkikuntzak beste leku, beste garai, beste aurpegi batzuetaruntz eraman baitu, egunen pisuak lanbrotutako oroitzapenen bidez.
Eta orrien artean postal bat agertu da.
Balois bezalako agure baten aurpegiarena da argazkia. Pipatzen ari da, pausatuki, argazkilariak ere eten ezin izan zuen lasaitasunean. Babariako txano berdea du, bitan banaturiko bizar zuri zabala, sudur handia, ia pipa bezain luzea, eta begi urdinak; begi urdin txikiak eta begirada urdina ere, noski, eta sakona, sasoi galduak isladatzen dituena.
Lurretik altxatzen du, eta idazmahaitik hartu dituen antiojoen beharrezko laguntzaz, begiratzen gelditzen da mugitzeke, ihes egingo ote dion beldurrez bezala, basapiztiak oreina ikusirik, saltatu aurretiko tenorean jokatu ohi legez.
Argiztatzen lortzen duen iraganean barrena ibiltzen zaio oroimena, postala non kokatzen den galdetuz, baina iragan lainotuan bide dago erantzuna. Apostua onartu du, eta guztiz konzentraturik, beti postalari so, odeien artean arakatzen hasten da. Arrastorik niminoenaren aurrean ere gelditzen da, eta horrela, ezari ezarian, itzalak koloreak berreskuratzen doaz, gizon, andre, etxe bihurtzen direlarik.
Lehenaldiko lurrun eta keak etorri, elkartu eta desegiten direnean irudi ahaztuak agertzen dira; bata bestearen eskutik aspaldiko lagunak, ezagunak, burura datozkio, eta antzinako pasadizoak, gertaerak antzesten dituzte, idazlearen bizitzaren obra aurkeztuz haren burmuinaren antzokian.
Eta emakume bat ikusten du sukaldean lanean, eta gizon bat egunkaria irakurtzen ari dena, eta haur bihurri batzuen jostatzea korredorean, urrutiko etxe batean, oso urrutiko etxe batean; anaiarreben jolasak paretako plater apaingarria bota egin du, eta hautsi, ama babarrunetatik, aita albisteetatik aldentzen dituela, errua elkarri pasatzen dioten ume izutuei errietan egiteko.
Eta fraideen eskolako, unibertsitateko gela hutsak azaltzen dira, pupitrez eta harbelez beterik; orain, gela guztietan, gazte bat azterketaren aurrean lo, gau osoa ikasten igaro ondoren begiak itxi bait zaizkio.
Lagunez oroitzen da, gaztaroko betiko lagunez, barre eta garagardoa, parrandan egunsentira arte, eta etxeratzean, eskaileretan lanera zihoan aita topatu zuela behin baino gehiagotan.
Dantzaldi luze haiek ere berriz bizitzen ditu, eta parejaren etxerako bidea, are luzeagoa, bazter ilunak musuz laztanduz, belar hezea maitasunez estaliz aurreratzen zen bide gozo hura.
Balois zutitu egin da eta idazmahaiko besaulkian eseri, postala aurrean jartzen zuen bitartean. Badaki gaztetasunaren gaueko izarrak aztertu behar dituela, iparraren bila, postalaren gakoruntz nabigatu ahal izateko, itsasorratza ez bait dabil, kontrako haizeek, olatu bortitzek hondoratzea ez bait du nahi. Baina, hau ongi jakin arren, galdua dago, ezer egin ezinik, ilargi betearen argiak izar askorena, izar gehiegirena ezkutatzen diolako. Ezkerreko eskuaz eusten du aiton babariarraren argazkia, eta mugitzen du, astintzen du, horrela oroitzen lagunduko diolakoan, bere sekretua kontatuko diolakoan, baina alferrik; mutu dirau, hildako baten gisa.
Bortizki darabil postala, haizemaile antzera, hain bortizki, eskutik itzuri doakio, eta aurpegia mahaiaren kontra kolpatzen da, atzekaldea erakusten duela.
Eta atzekaldean izen bat eta helbide bat. Neska baten izena eta urruneko helbidea. Noizpait bidaltzeko prest egon bide da.
Idazle zaharra txunditurik gelditu da, harriturik, norena ote zen, zergatik ez zuen bidali ez dakielarik.
"Nor zen neska hori?"
Berriz harrotzen ditu oroitzapenak, oraingo honetan galdera zehatzagoa jaurtikiz, eta irudi zirriborratsua gailentzen hasten da besteetatik, begitarterik gabeko neska baten irudia.
Iraganetik erreskatatu nahi du, hurbildu, eta horretan diharduela, neskaren estatua osatzera harri-puskak ez lehenalditik soilik, baizik ipuinetatik, bertsoetatik, elaberrietatik ere badatozela konturatzen da, zer gertatzen ari zaion ulertzeke. Bere istorioetako andereak elkartzen dira horrengan, zizelkatzen dute, itxura ematen diote, margotzen dute, ahalik eta eskultura guztiz bukatu arte, eta orduan irribarre egiten diola ikusi uste du Baloisek, eta ezagutu egiten du.
Erabat ahaztuta zeukan aspaldiko neska jator hura. Esateko kemenik bildu ez bazuen ere, hartaz maitemindu zela oroitzen da, duela mende erdia, arront gaztea zenean. Halere, ezin du zergatik gogorarazi dioten bere fikziozko pertsonaiek ulertu. Leihoko kristalean isladaturiko neskaren aurpegi politari galdetu nahi dio zergatia; akaso haren ezaugarriak banatzen joan da idazkietan, ohartu gabe. Horrela izanez gero, gazte-denboretako amodio horrek nonbait agurearen barrenean mantendu beharko zukeen, eta ez du galdetzen, agian badakielako leihoan irudimenak marraztu duela, edo beharbada erantzunaren beldurrak dagoelako, kritiko gehienek aipatu ohi bait dute emakumea konstante bat dela bere literaturan, eta baten bat, lotsagabe alena, pertsonaia femenino guztiak bakar baten islada direla azpimarratzera iritsi bait zen; baina berak behin ere ez dio kritikoek esandakoari jaramon haundirik egin.
Ederra zen oso, neska hura. Eta aurreko kristalean bere burua ikusten du orain, duela zenbait urtetakoarekin, mutil lirain batenarekin, alegia, alderatzen saiatzen delarik, lortu gabe, neska gazte hura zahartua, azal leuna zimurturik, ile beltza urdindurik, imajinatu ezin duen antzera.
Eta, nahiz eta honenbeste urte igaro herri hartatik atera zenetik gaur arte, lehen aldiz itzultzeko gogoa piztu zaio, atzean utzi zuen mundu oso hartan barrena berriz paseatzeko, hango itsasoan, hango mendietan begirada galtzeko, hango hirietako jende presadunari agurtzeko, erantzunaren itxaropenik izango ez balu ere. Eta batez ere itzuliko litzateke atso alegera baten etxeko egongelan eseri eta bizitza luze bat zertan xahutu duten solas egiteko, tea hartu eta pozak eta atsekabeak elkarri kontatu, eta nola izan zitekeen amets egiteko, nola izan zitekeen egun euritsu batez handik aldendu izan ez balitz.
Hiru Moira gorulariek iruten duten gure bizitzako haria patuak, heriok bezala, behin bakarrik zeharkatzen duela zioen poeta batek, eta konturatzen direnak gutxi eta bidea aldatzen duenik kasik inor ez dagoela gaineratzen zuen. Bada, trenez München honetaruntz abiatu zen egun hartan bere bidea patuak aldatua zela zihurtaturik zegoen, orain, ordea, jatorri-geltokian gelditu zela uste du, edo, bestela, poetak zer zioen ongi ez zekiela; ez daki.
Aspaldi hautatu behar izan zuela gomutatu du, Literaturaren mundu zabal, majiko, haundira jaio ala herri itogarri hartan hil baino aukera gehiago ez ikusirik, gizagaixoa. Eta neska xarmant hura han geratu zen, izatez zegokion lekuan, menturaz idazleari ere zegozkion ilunpeetan. Balois, berriz, urrundu zen, eta une honetan damutzeko berandu dela pentsatzen du, azkenean postalaren berri argitzen zaionean.
Behin, etxetik kanpo zegoelarik, denda txiki batean aurkitu zuen postalik politena erosi zuen, idatzi eta orduan neskatxa, egun atsoa den horri bidali zion. Biharamunean, dendara itzuli zen, eta, zergatik ez jakin arren, horrelako beste postal bat erosi zuen berriz, abagadunea suertatuz gero, prest egon zedin, neskaren izena eta helbidea jarriz. Eta hori da aurrean duena.
Luma hartu du, eta pultso ahulaz baina neurtuaz zenbait hitz idazten ditu:
"Ilunabar urrun hartan Atso Atseginaren gaztelurantzako bidean barrena gindoazelarik, zutaz, Yanet, maitemindu nintzen. Eta, orduz geroztik, galdua nabil oihanean, zure arrastoaren esperantzan."
Antiojoak mahai gainean utzi, oraindik erantzi ez duen zamarrako poltsikoan emekiro postala barneratu eta mesanotxeko bonbila itzali ondoren, atea irekitzen du, gauak bortxatutako isiltasunezko eskaileretan behera abiatzeko. Atarian inor ez. Kanpoan, iadanik argirik ez duten leihoak dardaratzen ditu kale bazterrera hurbiltzen doazen oin nekatuen txalapartak.
Buzoira iristerakoan, postala ateratzen du, eta so egiten dio azken aldiz, duela mende erdia estrainekoz ikusi zuenean piztu zitzaion begirada berberaz.
Bidali egiten du; nora ote?
Balois, idazle zaharraren begi lehorrak amaigabeko kalean galdu dira, ostatura itzultzen hasi aurretik, oraintxe oroitu bait da bukaerarik ez duen ipuin bat baduela nonbait aspalditik.
|