L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 10 zkia. (1988-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Heriotzaren errentak

 

Anjel Lertxundi

 

 

ERLATEGIAN

 

Kaletik baserrira ezkondua, gauza asko zen Marik ulertzen ez zuena baina harrigarriena baserriko aitona hil zenean suertatu zitzaion. Aitonaren azken arnasarekin batera, senarra gelatik irten eta erlategira joan zen:

        —Etxeko jauna hil berri da —murmuriatu zien senarrak erleei eta emazteak hitzok entzun egin zizkionez erotzen hasia ote zen galdetu zion. Senarrak behin eta berriro erleekin kontuz ibili beharra dagoela adierazi zion arren, urtetan jasan behar izan zuen Mariren trufa hiritarra.

        Urte ugariekin batera ihesi zion osasunak ere Mariren senarrari eta, hil zenean, emazteak elizkizun dotorea eskaini zion.

        Gauez, senar hilaren samina loak menderatu zionean, burrundara erogarria sartu zen leiho irekitik.

        —Etxekoandrea hil berri da —murmumiatu zien herriko apaizak erleei biharamonean.

 

 

BENETAKO DAMUA

 

—Damu dut horrela jokatua.

        Juezak ongi ikusi zuen epaituaren jarrera apala. Bizitzan hamaika hilketa juzgatzea egokitu zitzaion arren, beti nahigabetzen zuen hiltzailearen harrokeriak, edo damu ezak, edo jarrera zinikoak.

        Eta begitako malko errexketan irakurri zuen juezak epaituaren benetako damua. Anaia tiro batez hil duena aurrez aurre ikustea ez zitzaion gogoko baina benetako damu hark giza arrastoz duintzen zion epaitua.

        —Bai, damu dut, jauna. Tiroz akatu beharrean haizkoraz burutik behera jota garbitu behar nuen bertan zeken hura.

        Jueza tristura beltz batek harrapatzen zuen bitartean, epaitua anaiarekiko irain errosario luzea errezatzen hasi zen. Eta letaniako garaian:

        —Ezagutu izan bazenu...

 

 

KREDITOAREN ORDAINA

 

Teleferikoz mendian gorantz, behe parteko eskiatzaileak arrasto txiki bat besterik ez eta hartaratzeko eskatu behar izan zuten kreditoaz pentsatu zuen Mateok: bidaia, hamabost egunetako hotela, ekipo itxurosoa anorak diztiratsu, sky famatu, larruzko oinetako eta auskalo zer gehiago barne, confit de canard bazkaltzeko, caviarra afaritan eta emaztea teleferikora lotzen zuen segurtasun giltza askatzeko tentalditik libratu zen jokabide zuhurraren zergatia garbi ezagutzeke.

        Teleferikotik jetxi zirenean estazioko teilatuan zintzilik zeuden izotz kandeletako bat libratu eta buruan jo zuen Mateo.

        Agentzian izenpetu zuten aseguroari esker bost bat miloi kalkulatu zituen emazte gogaituak.

        —Senar gizarajoa hildako lurralde hauetan nahi nuke bizi —eta hoteleko kontserjeak suite ederrenera eraman zuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.