Baztango berriak
Urtsuko ermitan
Mariano Izeta
Baztanen ere beste lurraldetan bezala baditugu erranairuak edo esaera zaharrak, kontakizunak eta abar. Leienda delako kontakizunetan badira, ez aunitzik baina bai interesgarriak. Hoietako bat dugu
Urtsuan gertatutako erahilketa. Idazki zahar batek kontakizun hori holaxe agertzen du:
"Nafarroan, Baztango ibarrean, Arizkungo dermiotan, Urtsu edo Urtsua deitzen den Yauregi zahar bat zen, orain ere bere harresiak zutik daude. Izen haundikoa aldi batez Nafarroan. Hango Yaun bat Nafarroako Erregearen inguruko izan zen. Etxeko seme bat Baxenabarrako Lantaina Yauregiko alaba batekin ezkondu zen. Emazteki honek bazuen anai bat apez eta ospe haundiko yauna. Emazteki hau Baztan aldera zetorrelarik Urtsuko semearekin ezkontzera anai apezarengana agur egitera agertu zitzaion. Apezak arreba haur egiteko zela igarrita, gurasoen Yauregian iduki nai zuen. Arrebak anai apezari ixileraztearren ezpata bat agindu zion. Ezkontzerakoan emazte gaiak, zikiroak ehunka ekarri zituen, urrezko ustaiez horniturik.
Urtsura iritsi zenean, etxeko-andre zagarra ohitura denez atarira yautsi omen zen ta erraingaia besarkatu. Ezkondu ziren ta berehala ezagutu zuen senarrak emaztea nola zegoen. Etxeko mutil bati erran zion zaldia ermita ondoan gerta zezala, ferrak aitzinekoa gibelera zituela. Lotarako zaudela, senarrak emazteari erran zion:
Eztun ikusi behar etxeko ermita, zerbait errezatzeko ere?
Nai baduk, goazin ermitara.
Yautsi ziren bi espos berriak ermitara eta barnean aurkitu zirelarik, senarrak ezpata ukaldi batez hil zuen bere emaztea.
Gizonak berehala zaldi gaineraturik lauringoan Frantziara iges egin zuen."
Bertso zaharrak ere badira Urtsuko erahilketa huni buruz, mendez mende iraun dutenak. Hemen agertuko ditugu zenbait liburu zaharretatik hartuak, gehiago ere bai omen ziren baina aunitz galdu ere. Aita Donostia zenak hartuak dira Baztanen, Elizondon eta Amaiur'en. Bertso hauek argitaratuak dira Aita Jorge-ren "Euskal-Kantu Zaharrak" izenburuakin publikatutako liburuan.
Historio hau ziur eztakigu zer mendetan gertatu zen, ez da ageririk eta ez beste frogarik gertakizun hau egiztatu dezakenik. XVI, XVII mendetan behar bada zenbaitek diotenez. Bertsoak hor dira, hoiek adierazten dute zerbait gertatu zela eta ahoz aho etorri baitda gure menderaino. Hor aipatzen da bertso batean "bortzetan ehun Luis". Hortaz jakiten ahal da segurki sos mota hori zer mendetan erabiltzen zen eta hor ageri da ere, orduko Frantziako sosa Baxenabarran zabilela eta Nafarroako Erresuma bi zatitan berezirik aurkitzen zela. Berriz ere erranen dugu gure Kondaira ilun dagola.
1
Agur, nere arreba
nere arreba Yoana:
berri bat aditu dut
nere arreba Yoana.
2
Zer aitu duzu bada,
nere anaia yauna?
Enbraza omen zara
nere arreba Yoana.
3
Zertan ezautzen naute,
nere anaia yauna?
Gerria loditu ta
laburtu kotilluna.
4
Enazazula sala
ene aitametara
et'are gutiago
Urtsuko semetara.
5
Zer emain duzu sari,
nere arreba Yoana?
Txapela plumarekin
nere anaia yauna.
6
Ez da, ez, hori sari,
nere arreba Yoana.
Bortzetan ehun Luis
nere anaia yauna.
7
Hoiek eztuzu aski,
nere arreba Yoana.
Zaldia zelaturik,
nere anaia yauna.
8
Hoiek eztuzu aski,
nere arreba Yoana.
Haurra besoetara,
nere anaia yauna.
9
Hori da, hori, sari,
nere arreba Yoana:
haurra besoetara,
nere arreba Yoana.
10
Zazpi errota berri,
zortzi Yauregi xuri;
hoien guziengatik
nik ez Urtsura nahi.
11
Goiti zazu burua,
nere arreba Yoana.
Eztezaket goratu,
anai Batista yauna.
12
Urtsuak eder leiho,
Lantainak ederrago
Lantainako alaba
Urtsuan hila dago.
13
Urtsuan defuntua
Sant'Anan kausitua:
adios erran gabe
etxetik partitua.
14
Gure Mari Katalin
emakume fidela,
pesalonbre handitan
gelditua bide da.
15
Etzinakien bada
trabatua zinela?
Orduan etzaiteken
ezkontzarikan zerra.
Beste izkribu batean agertzen dira beste hiru bertso, berdintsuak baina badute aldakuntza.
Urtsuan zazpi leiho
zazpiak lerro lerro,
Lantainako alaba
Urtsuan defuntu dago.
Izorra omen zara
ene arreba Juana.
Zertan zagutzen nauzu
ene anaia yauna?
Zaldia zelarekin
zuretzat yarria da.
Nik iten dudan aurra
zure besokoa izain da.
|