L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0700>— Plazara. 7 zkia. (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Bidasoaldeko berriak—

 

Baxurko bertsolaria

 

Txomin Sagarzazu

 

Hondarrabian aurreko urte eta mendeetan bertsolari askorik izan den ala ez, ez dakigu. Pentsatu beharko da mende honetan behintzat, hain ugariak izan diren sagardotegietan bertso-saiorik aditu ahal izango zela. Gaur egun, jai seinalatutakoez gain badirudi urtean behin bertso-saio polita eratzeko ohitura nagusitzen ari dela. Aurtengoa oso txukuna izan da.

        Baina Hondarribian mende honetako bertsolaririk aipatzekotan JUAN BASURKO ANSOLAz mintzatu behar da. Olerkaria? Bertsolaria? Honen berri BORDARIk batez ere, emango digu Bakoitzak berearen 1. alean (429-447 or.).

 

BIZITZA

        1890eko maiatzaren 29an jaio zen Juan Basurko (BAXURKO) Hondarribian. Gurasoak ez zituen hondarribiarrak: aita, motrikuarra, ama, Mendarokoa.

        Guadalupeko Fuertea eraikitzen ari ziren urte haietan, eta ondorioz kantina ugari Guadalupen. Kantina hauetako batean sortu zen mundura Juan Baxurko.

        Aita hargina zuen, eta Errenteriako San Markos fuertean lanean aritu ondoren Hondarribira etorri zen familia. Baxurkotarrak, Fuertea bukatuta, "Purgatoriyo" baserrira joan ziren bizitzera. Handik urte batzutara herrira jaitsiko ziren. Bertan Juanitok zurgintzan ikasiko du, bizi osoan izango zuen ogibidea.

        Bertsozaletasuna piztuko zaio Baxurko gazteari, eta 18 urterekin bertso-paperak gustokoak izango ditu, Pello Mari Otañorenak batez ere.

        Hondarribian lanik ez eta Irunen hasiko da. Irunen biziko da hil arte. Hiru aldiz ezkondu zen Baxurko, bi txandatan alargun geratu baitzen.

        Gerra etorri eta Ifarraldera jo behar izan zuen. Ihesaren zergatia Bordarik azaltzen digu (1): "Zergatik iges egin zun? Ba-ezpada ta, gizatasunak ola agintzen ziolako".

        1940ko udararte Urruñan bizi izan zen. Bertan bertso hunkigarriak idatziko ditu.

        1940ean, Irunera itzuli bezain laister Ondarretako gartzelera eramango dute preso. Hiru hilabate iragoko ditu.

        Handik irtenda, 1942an hirugarren aldiz ezkonduko da iloba batekin.

        Irungo euskal giroan murgilduko da Baxurko, "Irungo Atseginaren" bazkide izango da, eta Euskal festa guztietan parte hartuko du. Irunen biziko da 1957rarte.

        1957ko Eguberri egunez hil zen gaisoaldi baten ondoren.

        Hil ondoko omenaldirik ere izan zuen hurrengo urtean: Hondarribian "Oargi" elkarteak olerki lehiaketa bat eratu zuen gaitzat Baxurko bera harturik. 1958ko uztailaren 6an ospatu zen ekitaldia (2). Baina hilabete batzu lehenxeago, apirilaren l3an, Urruñan omenaldia egin zitzaion garaiko bertsolari nagusienak zirela medio.

 

BERTSOLARIA

        Baxurko bertsolari baino bertso-jartzaile izango dugu: ez zen bapatean aritzen diren horietakoa, baina bai bertsoak idazten zituztenekoa. Hona bi iritzi: Luis Mitxelena (3): "Eztira bertsolariak, ongi dakigunez, itzetik ortzera, aapaldi zorrotzak asmatzen dituztenak bakarrik. Or daude, orietaz kanpo, luzaroko lan ixillean bertsoak ontzen dituztenak ere. Oraingo auek bezala [Joxe Zapirain eta Juan Baxurko]". Eta Bordari (4): "Bertso-zale porrokatua; ez zan bertsolari. Bertsolariak daukaten "bat-bateko zera" ori etzeukan, koplak errex egingo bazitun ere. Baña bertsolari onenari zor etzion eta ez dio Baxurko'k bertsoak paperan antolatzen. Onetan maixutan-maixu gendun".

        Beste aldetik, bertsolari/olerkari muga askotan garbi ez dagoen arren, Baxurkoren isuria bertsolaritzatik bideratzen delako froga gisara, erabiltzen duen metrika izango genuke, tradizionala erabat (5).

        Bere garaian sari asko irabazia, aldizkari desberdinetan argitaratzen zituen bertsoak: Herria, Egan, Euzko-Gogoa, Argia, Arantzazu, Karmel, Gemika, Olearso, eta El Bidasoa-k makina bat orrialde eskeini diote Baxurkori.

        Eta argitaragabeak ere ba omen ditu (6). Baina garrantzia emango zaie argitara eman zituen liburuei: Jesus. Jesukristoren bizitza bertsotan jarria, EF.A., 1954.

Iñazio Deuna, Valverde 1955. San Inazioren bizitza 171 ahapalditan.

Arantzazu'ko birjiñaren edestitxoa. Arantzazu.

        Izenburuek garbiro adierazten digute Baxurkoren alderdi nagusi bat: kristautasuna. Kristaua zen Baxurko (7): "Baxurko'k, anima garbi; etzeukan arte txarrik. Jaungoikoa aurrena, lege zaarrak gero; gizon azalduko zitzaigun beti. Nola esango nuke: kristauetan kristau. Lagunetan lagun. Euskeldunetan euskeldun".-

        Badu bestelakonik: Ibilkari bikain bat, Itxaropena, 1957. Sebe Peña tolosarraren berri ematen duena. Eta laburragorik: "Agur sortzez garbia" (1954), "Oroitza" (1941), "Baserria euskeraren zaindaria", Buenos Airesen saritua. (Bordariren iritziz (8): Basurko'k egiñetarik onenak ezpadira, onenetakoak, bai".)

 

        OHARRAK

        (1) BORDARI. Bakoitzak berea. 1. alea, 439. or.

        (2) Honen berri Ondarribi aldizkariak ematen du 1958ko uztailaren l3ari dagokion alean.

        (3) L(uis) M(itxelena) "Juan Baxurko. JESUS. JESUKRISTOREN BIZITZA BERSOTAN JARRIA..." Egan, 1955, 1-2, 56. or.

        (4) BORDARI. op. cit. 439. or.

        (5) BORDARIk olerki lehiaketez ari dela kontatzen du nola neurriz aldatzeko esaten zion Baxurkori: "Zu olerkari aundi bat zera, baña begira; Satarka'k: Lau ta lau, bost eta bost. Iru ta iru. Lau ta lau. —Txardiña bakallau! Zuk. —Amar ta zortzi... emezortzi. Edo zazpi ta sei; amairu. Beti zortzikoak. Olerki sariketarako —ez zortzikoak txarrak diralako— baña gaur egunean neurriz aldatu bearra dago arteka". op. cit 440. or.

        (6) ARTECHE José. "Juan Basurco", Camino y horizonte, Iruñea, 1960, 25. or., "Su producción inédita es también copiosísima y quienes conocen estas poesías aseguran que son las mejores".

        (7) BORDARI. op cit. 439. or.

        (8) BORDARI. op cit. 442. or.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.