Irudiak
Itxaro Borda
frustrazioaren eta kulpabilitatearen alabak gara
udazken lehorretako lehen lanbroak
ez dizkigu
maitasun beharraren urrats astunak
laztanduko.
ez ditugu nehoiz
bihotz kraskatuetako haragi puska hormatuak
ezaren geltoki desolatuetan
beso artean
tinkatuko...
hor dago muga:
nola joan urrunago?
azken jujamenduaren orduan
zor guztiak ordainduko ditugu
larru sukratuak espainez milikatu nahiak
eta
sufrantzaren ate ilunak bortxatzeko gutiziak
zor guztiak ordainduko ditugu
frustrazioaren eta kulpabilitatearen alabak garenok!
|