L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 5 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatur lehiaketa—

 

Errainuak

 

Ana Gorrotxategi

 

        Gure lehiaketa honetan irabazle gertatu dena Ana GORROTXATEGI izan da. Neskato hau Irundarra dugu, 16 urtekoa. Zorionak berarentzat. Hona hemen bere lana.

 

Charles Chaplinen irudia zeraman nikiaren atzekaldean, urdinez. Bere begi adierazkorrek barnean gordetzen zutenaren bila abiatzera gonbidatzen zintuzten, bizkarraren erdialdean geratzen zen.

        — Sar naiteke?

        — Zein oztopo duk ba? Atea irekita egonik..

        — Edukazioa edo horrelako zerbait lantzen nengoen motel!

        — Aurrera! Aurrera!

        Tabako usaia nabarmena da. Beltza, bai. Etxe hontan beltza erretzen da beti.

        — Zertan ari haiz? Idazle porrotatuaren papera egiten berriz ere?

        — Diozun idazle mota horri uzteari ekin diot.

        — Ja! Ametsak, amets giltzapetuak...

        Idazmakinaren soinua gelan da nagusi. Bestelako erritmoa darama, hitzen luzaeraren araueran.

        — Kafetxoren bat hartuko nuke.

        — "... filminak ez nituen gustokoak eta kanpora irten nintzen, frontoira hain zuzen. Akorde goxo batzuk entzuten ziren, gau erdian. Kitarra zahar batek, bertan ginen guztioi eskeintzen zizkigun. Kitarraren jertse ilunak Charloten irudia babesten zuen...".

        — Beno, kafea zer?

        — Umm... esaiok eskaleari tea besterik ez dudala.

        The tea. Bai dela arraroa tipo hau.

        Eta leihohalak? itxusiak benetan. Gordeleku baterako aproposak agian, baino hemen...

        Izerdibusti eta tabakoaren usaiek bafada galanta lortu dute. Hanketako mina daukat gainera. Maitemindu egote honek pentsamendu ezohituak dakarzkit.

        — Maitemindurik nago, aizu!

        — "... ez nuen gertatuko zenik ere pentsatu, baira bizia hola da, ustekabez inguratzen gaitu. Hasieran...".

        — Entzun didak?

        — Bai... maiteminduriknagoaizu!!

        — Eta horrela geratzen haiz? Norekin edo, galdetu gabe?

        — "... BAI, baina gizakiek hilargiaren antzera beti dugu alde bat ezkutuan... please... please don't make me cry...".

        — Beno, ni banoa. Traba egiten ari naiz... ez da?

        — Ei! ez haserratu! pssst... goiargitua!!

        — Goiargitua? puff... Hamabiak arte "Kurtasen" egongo naiz.

        — Ez naiz azalduko.

        Bueltatxo bat eman dezaket Kurtaseko monotonian sartu aurretik. Eta... paranoiko horren antzera, gaur azalduko ez banintz? Ez legoke gaizki. Pasiatu eta idatzi. Pentsatu. Idatzi eta pasiatu. Proportzionalak? Ez noski.

        "La Dirección General de Salud Pública advierte que EL USO DEL TABACO ES PERJUDICIAL PARA SU SALUD". Gracias.

        — Sua?

        — Bai.

        — Fisst! Fisst! Ez doa!

        — Fisst!

        — Eskerrik.

        Komunikazio izugarria ematen da su eskale-emalearen artean...

        Ez dabil jende asko hemendik. Bakarrik doazenak edo bakardadearekin topo egin nahi dutenak. Lehenengo multzokoa naiz.

        Itsasaire frexkoak inguratzen nau. Olatu txuriak. Haserre dago itsasoa, bizia, haserre. Gustora nago.

        — Zer? Bakarrik? —gazte ahots batek.

        — Orain arte.

        Karelean exeri da. Nere ondoan. Arina. Indioen modura jarri da. Labaintxo bat darama ezkerreko eskuan, eskuinean, egurtxo irregular bat. Intxaurki. Aitamengandik ikasitako gauza gutxiren artean, egur mota ezberdinak bereiztearena sartzen da. Baita jertseak egitearena ere, bai, jertseak.

        Egurtxoa lantzen ari da. Askatzen den zati bakoitzak ega egiten du itsasogaina laztandu arte, gero, olaturen batek bidaiatzera eramango duen itxaropena. Zatitxo bat. Bestea haundixeagoa. Pixkanaka itxura hartzen doa.

        Begi ilunak ditu, ileak motzak oso. Tarteka haizematen du, intxaurki hautsek, zatitxoen antzera bidai egin dezaten. Begiratu eta irrifar egin dit, ondoren, intxaurkira.

        Irrifar gozoa dauka, lasaitu nau. Bai, behar nuena irrifar lasaigarri bat izan zitekeen.

        — Eta maitasuna? —harriturik geratu naiz...

        — Ez dut ikusi. Baina, gehienetan berandu irixten da.

        — Hemen itxarongo dut.

        — Presa haundirik ez baduk, hago. Bestela, joan haiteke ez bait dator beti...

        — Presa? Eeez! Hori ez da nere mundutxoaren mugak zeharkatzera ausartu. What about you?

        — Bai, nereak zeharkatu ditu.

        Ileadarra darama beti, margo ezberdinetako lokarriez heldua. John Lennonek bezala, betaurrekoak dotoretasun izuti bat eskeiniz. Belarrien beheko partea bakarrik du agerian, eta bertatik, belarritako luzeak zintzilik. Irrifarrezka zoragarria da: ahoaren ezker-eskuinean marratxo batzuk jaiotzen zaizkio (denbora baten barru hiltzeko, ez bait dago etengabekorik ezer) eta begiak ixten ditu, berdexka kolorea izkutatuz nolabait. Galtza estuak daramatza. Bularrak, galduak.. Eta gaur, apirilak 28, maitemindurik nagoela konturatu naiz.

        Eguzki bat egiten ari da, baina ez da eguzki normal bat... goibel dagoela dirudi. Errainuak, indarrik gabe gelditu dira, ahulak, edo eta argia emateko gogorik ez dutela izan zitekeen. Etorkizuna argitzearen aurrean, ezetza. Ulergarria.

        — Honelako irudiei esker bizi naiz. Zenbait gizakietan sensazio egiten dute eta erosten dizkidate. Beuden esanahia bilatzen doaz eta imaginazioarekin batzutan, errealitatearen ateak irikiz besteetan, edo amestuz... lortzen dute. Gero, beren kuttuntzat hartuz.

        — Hori... nahi dut nik, erosi.

        — Bukatuko dut...

        — Eeez! Horrela!

        — Mila eta bostehun.

        Ez naiz Kortasera azalduko orduan.

        — Erosketa ona egiten ari haiz.

        — Komertziante izpirituaz jabetua?

        — Egunero jan beharra daukat.

        — Bai, bai... eta beste zenbait gauza...

        Xirimiri argal batek hiria menperatzen. Ttanttak inguruan. Banoa.

        — Hemen geratzen haiz?

        — Bai. Maitasunaren zai...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.