Mikel Laboaren maixutza
Abrisketa
LABOA MIKEL.
"Mikel Laboa 6".
Elkar. 1985.
Tapaboka baten atzean erdi ezkutaturik, Mikel Laboak bere azken diskaz hitz egitean esaten ohi du: "Nik bakarrik... zer esango dut... ez dakit. Hor dagoela diska ta... gutxi gora behera betiko linean egina dagoela ez. Esan nahi dut hiru lerro hoiek: abesti tradizionalak, herrikoiak. Beste aldetik gaurko olerkari musikatuak. Kasu honetan, Lete, Atxaga eta Joseba Sarrionandiarenak. Gero badaude bi instrumentalak, uste dut, eta "Lekeitio 7" gauza nahiko berri ta txalapartarekin. Ta ez dakit zer gehio esplikatu".
Hitz egitean eta azalpenak ematen ez du Mikel Laboak artifizio gehiegirik erabiltzen. Ez zaio gustatzen eginari buruz teorizazio larregirik egiterik gustatzen. Nolanahi ere, noizbait, "akaso" bat esaten du, eta honelakoak gehitu: "Ez, lehenengo aldetik bigarrenera, guk batzutan, diska egiten dugunean pentsatzen dugu piska bat hitzak eta doinuak, dena nola aurkeratu, eta hori ez?. Eta hitzen aldetik behinipein ikusten da lehenengo aldean badagoela zerbait heriotzari buruz hitz egiten, ta bigarrena izan liteke piskat alaia, batez ere bukatzen denean Txori Erresiñolaren estrofaz".
Azkenengo isilunea, lehenago ere egiten zituen atsedenaldien arauera ulertzen du berak, nahiz ta luzeagoa gertatu. Dena dela ere, "Franco hil eta gero, azkenengo kantaldiak nahiko demagogikoak ziren. Jendea slogan botatzera joaten zen gehio, entzutera baino gehio ez?. Ta, bueno, prolema pertsonalik ere izan daiteke. Ta gero hasi naiz, uste nuen hasi behar nuelako, eztakit".
Bere itzulerari buruz erreflexio bat egitean ere, eta sortu diren talde, kantari eta jokera berrien arren ere, iduritzen zaio bere tokia ere mantentzen dela oraindik. "Gure tokia, eta gure estiloa mantentzen da oraindik, eta harrituta geratu gara piska bat jende gazte asko etortzen delako, orain sei edo hamabi urte nire kantaldietara etorriko etzena".
Musiko bakoitzaren aportazio ta laguntzak garatzen ditu, besteen gain Iñaki Salvador-en lana azpimarratuz. Carlos Itoiz-en kitarra flamenkoaren laguntzatzo tipia seinalatzen du, eta kantuen historia partikularra komentatzen du inoiz. Nola, orain, Paris aldean tangoaren itzulera bat egon, berak bost bat urte jarri ziola tango musika Atxagaren "Lizardi" poemari hala suertatu zitzaiolako, eta nola Joseba Sarrionandiaren koblak musikatu zituenean, musika zeukala aurretiaz, eta gero, musika horretan enkajatzeko hitz egoki baten bila hasi zen. "Hamasei hamazazpi urterekin "Tanganito" deitzen zidaten nire tango zaletasunagatik". "Lekeitio 7" abestiaren kasuan, eta esperimentazio bideetan jarraituz, txalapartaren erabilkera aipatzen du pasadan bezela.
Heriotza, komunikazio-inkomunikazio gaiak erabiltzen dituenez inoiz kantuetan, bere lan psikiatrikoak horretan zerikusirik ote duen galdera erantzunez honela dio: "Betikoa esango dut. Nik uste dut baietz, batez ere, medikuntzak eman dit ikusmolde bat bizitzari buruz ez?, eta horrek beti du zerikusi bat zu konturatu gabe ere. "Komunikazio-inkomunikazio" nik ez duen egin autisten mogimenduaren apropos, baina atera egin zitzaidan eta nere espektakuluan sortu egin nuen. Bai, bada dudik gabe euki dutela influentzia bat, ez?. Ez dakit".
Euskal kantariak kanpora atera beharrari buruz, eta Euskal Herritik kanpora zabalkunde bat aurkitzeari buruz, "igoal txarra da baina" ideia hauxe bota zuen: "Instituzioek adibidez, kanpainak hemen barruan egin beharrean, igoal promozionatu beharko lukete euskal kantaria kanpoan. Kanpoan promozionatu. Hemen mogituko gara. Bueno ideia bat izan daiteke".
Aurrez aurre elkarrizketatzean eta jende aurrean bere lanaren berri ematean, ez da aurkitzen Mikel Laboarengan "mito" omen den pertsona baten haundikeriarik eta erronkarik. Gizon honek ba du halako berezitasun bat: berari buruzko unanimitate erraro batena. Abangoardian dabiltzanak berarengan aurkitzen omen dute esperimentazioaren lehen oinatza, eta folk musika bide klasikoagoetatik dabiltzanek aitetasuna errekonozitzen diote.
Zer esan "Mikel Labora 6" azken diska honi buruz?. Bere betiko linean dagoela, ez dagoela berritasun haundirik, betiko Mikel Laboa dugula, kalitatearen bidetik beste aurrerapausu bat emanez, bere apaltasuna tapaboka batez defenditzen duen musiko baten maixutasuna sinplea izan daitekeela.
|