L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-11 (1986-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Zarama beti Zarama

 

Abrisketa

 

                ZARAMA TALDEA.

                "Gaua apurtu arte".

                Discos Suicidas. 1985.

        Agian ez. Doinu akustikoa, posmodernismoa, eta tangoa erreibindikatzen diren aldi hauetan, beharbada sektarismoa izan daiteke norbaitek arratoien herrialdea, fabrikak, trenak, kaleetako patruilak, Nerbioian itoak, Puentekolgantean urkatuak edo Barakaldoko alkantarilak kantatzea nahi izatea. Agian ezin dira "Guk euskaraz, zuk zergatik ez" izeneko kapitulu batean aipatu. Agian ez. Ez dauka barrokismorik. Edozein familiak izan dezake horrelako desgraziaren bat. Ta euskaraz kantatzen dute gizagaixoek. Bestela ezin daiteke uler hil geroztik hain gartsuki defendatu ditugun aitatasunak horren errespetu gutxiz zikindu nahi izatea:

                "Nere aitaren etxetikan

                ihes egingo dut laster

                Ta edozein poetak nahi ba du

                joan dadila defenditzera..."

        Harri ta zur geratzen gara ere, donostiar musika mogidari dagokion berezko elegantziarik gabe, Jon Miranderen "Oianone" abesten dutela konturatzen garenean. Pentsa ezazue: bat ere intimismorik gabe, rock sukartu batez "Oianone" paroxismoraino errepikatuz:

                "Gelan sartu gainean

                gauerdian, ilunean

                mundua egin zan mutu...

                ziren izarrak kantatu

                biok etzan ginenean.

                Oianone! Oianone!

                Gau hunetan zaitut ene

                larru legun eta zuri

                bulhar samur, sabel guri

                Oianone."

        Bestela, diskako gaiak honelako talde batengandik espero zitezkeenak dira: GAL-eko mertzenariak, etxe oneko alabatxoentzat arriskugarri diren koipeztoak, drogaz bihar bertan amaituko duela dioenaren betiko historia, jaioz geroztiko bizitzaren erruletaren kontu prosaikoak, halabeharrezko Euzkadi Fikzioa, goizaldeko erresakaz egiten diren galderak. Ta kexatu egingo dira gero berriz.

        Hortik aparte, eta euskal kantugintza berriaren historiara pasatuko ez direnaren segurantza osoaz gain, rock egiten dute. Bat ere konzesiorik gabe. Diskaetxe suizida batean jarraitzen enpeinatzen dira. Lehen diska nagusiko garaje-doinutik aldendu egin dira piska bat hitzari argitasun gehiago emanik. "Altos Hornos de Vizcaya" atera zuten maxi bezela, baina bien bitarteko lan honetan Antonio Curiel-en aportazioa nabarmena zen. Orain heuren senera itzuli dira.

        Ez dut ulertzen zergatik aktuatzen duten behin eta berriro Hego nahiz Ifarraldean. Hain talde txukunak egon daudenean merkatuaren eskasidadeagatik erdarara pasatu ala ez planteatzen. Ta gainera saldu egingo dute. Ez dut ulertzen nola plazara atera daitekeen bere diska "Kaixo"-z hasi eta "Agur Benhur"ez amaitu egiten duen talde bat. Horrela doa mundua. Gutxienez ere, borondate onik badutela frogatzeko, subentzioren bat eskatuko balukete ere!. Gau hau apurtu arte uste dut ezetz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.