Euskalduna
(Anais Nin-en pasadizo batetik hartua)
Anais Nin
Soil-soila galtzak xeheki ikertu ondoan ezagutu eta irripar egin zion Mamanek euskaldunari. Euskaldunak, aitortu beharrekoa da, Mamanen jite berai zuen den mendreneko ñabardurei erreparatzeko, eta Eba-ren ondokoak ongi zekienez, ez zen aisa satisfatzen zirenetakoa. Eskopeta kapritxosoa zen berea, oldartu egiten zena postakutxa baten tamainako potole batekin ihardukitzen zuenetan. Zintzurri itogarri batekilako pelean aldiz, atzera egiten zuen. Katedranko pollita eta egiazko mokofina egina zen emaztekien bitxitegiak ezagutzea zen bezanbatean.
Herenilez adornatuak eta atari goxoa eskaintzen zutenak, amultsuak eta itsaskorrak zituen laket. Bere gisako bertze kofraideei baino pausatukiago begiratu zion Mamanek. Atsegin zuen euskalduna, eta ez sudur egoki bat ageri zuen bere aurpegia, bere begi ñabarrak, bere ile beltz diztiranta edo bere pauso leun ixil eta bere eite ajolakabeengatik. Ezta bere lepoko gorria edo burukaskoan jostakin gisara alde batera erorixea zeramakien txapelagatik ere.
Are gutxiago emaztekien artean erakusten zituen manera ezti lilluragarriengatik. Euskaldunaren zintzilikario ederra, hankartean zerabilen bulto noblea, zernahi erantzun eta ihardespen emateko prest zegoen ezpata unatu-ezinezkoa, tronpeta jainkotiar haren soziabilitate, jendetasun eta ingurunearen arauera behar bezain handi egiteko zuen ahalmen paregabekoa ziren egia errateko neskak harendako zerakuskien begikotasunaren arrazoi bakarra. Inoiz ez zuen Mamanek estoke haren idurikorik ikusi. Euskaldunak batzuetan mahai gainean hedatzen zuen, diru-moltsa bat hustutzera balihoa bezala, eta ondoren ukaldika hasten zen berarekin iduriz eta jende guztiaren begi-beharrikoak bereganatu nahi zituela. Xalotasun osoz kanporatzen zuen, bertze gizonek beroaren karietarat gaineko zamarra erauntzitzen duten ber. Antz ematen zuen, aparatu hura barrenean preso egonez gero, desgogara eta hastiaturik aurkitzen zela, hatsa hartu eta denek ederretsia izan behar balu bezala.
|