|
Aurra
Paulin
Betorkit goi amasa
ikusmena argitzen
ene gar bizian;
betorkit suzko garra
izamena goritzen
biotz barrenian.
Amaren maite indarra,
izarra dirudizu
ortze urdiñean;
semea sortu dozu
maitasunaren garrez
sabel erraiean.
Etxeko eguzkia,
zeruetako izarra,
zelaiko lorea;
arribitxien guna
agertu da etxera,
zorion maitea.
Amaren erdi-miñak
ainbeste negar dakar
ume jalkieran;
samin danak geroztik
eguzki printzak dira
itz zorionean.
Maitasun bi begira
alkarren leiaz urtzen
amatik semera;
semeak ezin aitu
noraiñokoa izan zan
amaren negarra.
Orain dana da argia,
zeru biurtu bai da
amaren nekea;
astuntasuna jun da,
aurtxoak ekarri dau
urrezko bakea.
Geroztik goiz ta arrats,
etxazpiko zelaian
txoriak kantari;
urregorrizko pikoz
aurtxoari dirautse
zoriona zuri.
Umearen gogoa
argiaren antzera
begiak indartzen;
lenengo amari so
ta irriparrez eztia
musuan agertzen.
Aita begira dago
beren odol danari
aragi eginda;
ametsa, maitasuna
egi biurtu dira
semea izan da.
Etxeko poz guztia
eskurik esku dabil
biotzak alkartzen;
berezko lilluramen
dauka gure izarrak,
gogoak zoratzen.
Lanetik dator aita,
nekeak eraginda
izar orduetan;
irripar dagi aurrak
ta astu dira nekeak
maitasun garretan.
Etxeko zoriona
aitaren besoetara
jun nairik begira;
laztan bat, bi, geiago
ta amarengana doa
loaz gozartzera.
|
|