Basarri'ri
J.M. Azpiri
I
Zer gauza zailla dan neretzako
Zutzaz zerbait esatea,
Zuri dizudan itzal guztia
Bertso bidez ematea.
Errezago da iñok eginda
Norberak irakurtea,
Obe izango litzaidake, bai;
Lan au utzita joatea,
Baiña biotzak beartutzen nau
Aurrera eramatea.
II
Zorioneko Granada erreka
Basetxe badeinkatua,
Zu, Iñazio, munduratzeko
Jainkoak aukeratua;
Ala bearrez ume ziñala
Sor-lekutik aldatua;
Zarautz eder ortan izanik
Beso zabalik artua,
Geroztik orri ortantxe dezu
Izatea sustraitua.
III
Zarautz ertan zuen egoitza
Izandu zan azken portu:
Euskaldun giro benetakoa
Zuk antxe zenduan lortu.
Zenbat kantu zar entzun zenitun
Guztiak gogoan artu:
Gazte ziñala bertso
Iturri Aundi bat zugan zan sortu,
¡Berdin gabeko Iturri garbi
Iñoiz ez dana agortu!
IV
Gazte aroan nabaiturikan
Aberriaren Iparra,
Gure izkuntza izandu bai-zan
Zuk bazka zenduan larra.
Bizi guztian euskerarentzat
Jarririk zure indarra;
Gizon batzuek eginagatik
Zuri iseka ta farra,
Alde danetan geratu dezuz
Jainkoa ta Lagi Zarra.
V
Bizi guztian ibili zera
Gure izkuntza egiñez,
Euskerarentzat izandu dezun
Maitasunak eragiñez.
Amaika aldiz aurkitu arren
Egia esan eziñez;
Zenbat une txar irentsi dezuz
Zeure lanaren erdaiñez,
Naiz eta etsal amorratuak
Zuk aiña euskera jakiñ ez.
VI
Bertsolaritza lengo tokitik
Zuk egin zendun aldatu,
Sagardo Upel artetik kenduz
Antzokitara goratu.
Aldi artako giro garratza
Bertso legunez bozatu:
Sasi artean zegon euskera
Eroazpenez jorratu,
Gazte arotik asi ta beti
Gizonki dezu jokatu
VII
Bertso kantuan gelditu gabe
Uri ta baserrietan,
Euskera ona erabiliaz
Joaten ziñan tokietan,
Zenbat biotz miñ lasaitu dezuz
Aspaldi ederretan.
Iñoiz ez degu itz txar bat ere
Aurkitu zure itzetan,
¡Gure izkuntza maite degunok
Zurekin gaude zorretan!
VIII
Guda ankerrak arrapaturik
Adiñik ederrenean,
Gogo guztia ipini zendun
Aberriaren onean.
Baiña etsaiak nola zeukaten
Indarra goi ta lurrean,
Lepoa galdu baiño lenago
Franco zaleen menpean,
Egun batean azaldu ziñan
Mugaren beste aldean.
IX
Urteak joanik itzuli ziñan
Berriro zeure kabira,
Utzi zenitun senide gaixo
Ta lagun zarren tokira.
Denpora eldu zitzaizunean
Bertso kantuan errira,
Edo bestela baserritarrak
Alaitutzera mendira:
Urte aietan ez zan erreza
Irtetzen plaza erdira.
X
Zenbat urtetan bertsolaritzan
Ta etzaude nekatuta!
Zuk egindako lanen emaitza
Gaur daukagu loratuta.
Bertso giroa jarri diguzu
Itz jatorrez apainduta;
Bertsolaria gizon bezela
Duintasunez goratuta:
Zure izena geldituko da
Betiko illezkortuta.
|