Norbaiteri
I. Olabeaga
Ondo jakin det, negar
egin dezula; bota
malko mingots asko.
Seme maitea galdu
ta gero, galdezka ari:
bizi... zertarako?
Amets-eten gogorra!
Ta zuk begiak itxi,
illunpe nai bizi.
Bi eskuz naigabea
artu, txori gaxo lez,
ta joaten ez utzi.
Joan zait betiko poza!
diozu samin betez.
Egizu negar, bai.
Zillar-malkok sendatzen
dute gure samiña,
arpegi utziz blai.
Biotz barruan ez ta,
emengo bazterretan
ote dabil poza?
Bai emen eta bai or,
sinis zure osaba,
dezu zoriona.
Ez dezula arkitzen?
Leiatsu billa zazu,
ziur, ziur nago,
eguzki poz sortzalle
laño beltz atzian lez,
ortxe, ortxe dago.
Kristo dezu poz ori.
Amak ezaguerazi
txikitan zizuna.
Bera dezu egizki,
atsegiñ ta laguna,
len maite zenuna.
Gaurtik asi ta jarri
Kristo, neke, naigabe,
egun illunetan.
Bera bai zaizu argi
bero, sendakaitz gozo,
gaitza guzietan.
Irakurri arretaz
gure ORIXE aundia
olerki batean:
«Arbide au dugu KRISTO.
Ortatik oin bat baztar orduko
sumatzen da ots motela,
arbide orren ertzetan daude
bi amildegi berela.
.................
Zuk naukazu beti oleska
Jaungoikoaren atetan;
Beretzat egin nindun ezkero
nola ni utzi illunbetan?»
Zure bizitza bizi.
Begi irikiekin
bide egin, da bizi.
Ta ondoren, itxaro
begi irikiekin.
Orra poz iturri.
Irri-par egon beti.
Gizon lillura dezu
irri gozo ori.
Berarekin mundua
izango apañago,
ta ori esker zuri.
Irri lagun, eskatu;
irri xamurrez eman;
bidez, penak kendu.
Etxea, lantegia,
zure irriz alaitu,
ta argiz apaindu.
|