Udaberriarena
Sorbide
Neguko illundura
eta, bere elurgiro
eskuarte otzez;
aize nastuaren ainkada,
gogortasun zakarrez;
bere egun gorrietako
lo-zorro,
eurite,
lei,
izotzez...
bere laño,
bizi azpiratu
goibeltasun gordiñez;
bere gau-egunetako
izar-utsune,
bere egun motz
eta, gau luzez...
Lurra,
gure lur,
euzko lur au...
minbera,
itunik dabil
bere eguzki-gosezko
ixil-aldi,
amatasun bearrez.
Baño,
lurra eztago ez geldirik,
eztago atzera begira
geldi eta illik;
bere loaldi
oñazepean,
lan dagi...
bizia barrenduz
gerokotuz,
izan-naiaren
maite-intziriz,
bere magalean
sor-gor,
ekin ixillean
lan dagi,
eguzkia noiz goituko
bere zeru urdiñean.
Eta,
ara or,
nundik nora!
Eguna luzatuz,
argitzen
itzartzen,
bizia edertuz
berotzen ari da bai.
* * *
Egun batetik bestera
ta, erdi igerri gabe...
O, Udaberri!
egalak apainduz,
iantziz...
etorri zatorz bai,
orain orritxo bat
gero beste bat,
bideak argiz bete
eta, pinportuz.
Au bizi-erditze
amesgai goigarri!
Eguzkiaren berotasun epel
aize bigunera,
lurra
ezetuz,
iantziz...
edertuz dator bai,
egunari,
bideari
beste antz,
beste imaropen,
beste izakera,
beste abiada,
bizi-nai
gogo berri bat ezarriz.
Dana
elburu
iraun-katez,
Iaungoikozko
mirari aundi bat bezela,
bere goi garbi,
itxaropenezko
garatasun lerdenez.
Dana,
izanetik
izanera;
dana,
izanez-izan
ler-min,
izatekotan.. .
Dana, goietan-gora,
neskatx pinpirin,
neskatx panpoxa,
neskatx larrosatu
pinportu baten antzera.
O, etorri zatorz bai,
ikara-ikara
eta, bat-batean
Izadiai,
bultzaraziz.
Ala ere,
O, Udaberri!
eztakit
ate-ondo,
biotz danetara
iritziko zeran;
eztakit ez
zure loregiro,
egun-argitze,
itzarkera ederrez...
eztakit langilleak,
beartsuak,
asetuko
alaituko ote diran.
Eztakit ez
zure odol,
arnas-berritze
zure etorrera
eta, bizi-goramindu
bizi sortu-berri oni...
Ai! Eztakit,
eztakit ez,
ainbeste gizon ixil-azik,
ainbeste gizon minberatu,
gizon giltzapetuk...
eztakit ez,
O, Udaberri!
eztakit
zer arrera,
zer agur,
zer ongi-etorriz
artuko zaitun;
eztakit ez
zer biotzondoz eskertu,
eskuratuko zaitun!
Ai!
eztakit ez...
Gizona gizonduz
biotzeragotuz...
eztakit ez,
nik nai nuken Udaberri ori;
nik nai nuken indar,
gogo-berritze,
nik nai nuken bizi-gorakunde,
nik nai nuken
Udaberririk Udaberritueneko
alkar-eresi,
gizatasunezko
biotz-bideratze,
edertzarik ederren ori...
Ai! Ez,
eztakit ez
bein ere,
nik nai nuken alker-lorakuntza,
Maiatz argieneko
egun argi ori...
eztakit ez,
danentzako lore-txorrotxiotu
eta, bene-benetan Udaberri,
Udaberririk Udaberriena
izatera,
eztakit...
Ai!
eztakit ez,
bein ere iritziko ote dan!!
|