Agur, seme...!
Olea
Seme maitea, gaur jakiña naiz
ustegabeko berria:
mixioengan omen dezula
zure biotza jarria,
utzi nairikan danak batian
guraso ta sorterria.
Aita batentzat ez al da auxe
albista samingarria?
Seme bakarra zeran aldetik
nik zaitut oso kuttuna.
Zu zera nere itxaropena,
pozgarri ta osasuna!
Pentsaturikan mixiolari
orain juan bear dezuna,
au atsekabe samiñ-garratza,
au biotzeko utsuna!
Uste dedanez galdua zaitut
betiko mundu onetan.
Nere biotza murgildu dezu
bizitz guztiko penetan.
ltxaropen bat bakar-bakarra
dadukat une onetan,
zeruan aita-seme izango
gerala berriz benetan.
Ondo pentsatzen jarri ezkero
gerekoi t'argalak gera.
Zorion danak nai giñuzke guk
itzuli geure aldera.
Jarri gaitezen zalantzik gabe
Jainkuak nai duanera;
aurrera, seme: zoaz Beraren
berri ona zabaltzera!
Nik eta zure amak zaitugu
egiaz seme bakarra,
Jaunak beretzat bear bazaitu
zertarako da negarra?
Mixioetan izango dezu
almen guztien bearra
baiña etzaite sekulan aztu
nork eman zizun bularra!
Gorputz beltzeko gizarajoak
anima nola daraman,
ezjakiñaren akats guziak
pazientzian eraman.
Zeruko Jaunak seniderikan
etzizun ezkero eman
gañezka dezun maitasun ori
ixuri aien animan.
Gure Jainkoak nola ez giñun
egiñ mundu ontarako
emengo neke-samintasunak
dira geure onerako.
Eskatu sarri bere laguntza
zure gurasoentzako
eta orrela bere grazirik
etzaigu iñoiz faltako.
Iñoiz ikusten baldin bazera
arrixkoz inguratuta,
jaso biotza Jaungoikoagan
Ark lagunduko dizu-ta!
Amak eta nik ere zugatik
erregutuko degu-ta,
Arantzazu'ko Ama Birjiña
bitartekotzat artuta.
Gure seme au Zuk emana da,
ene Jaungoiko maitea!
Bear badezu bidezkoa da
berriz Zuri ematea.
Zure erabaki sakona bera
mixiotara juatea?
Egiñ dedilla oraiñ da beti
Jaunaren borondatea!
|