Aita illaren itzala
Irigoien'dar Erroman
I
Ogei ta amalau urte jun-arren
ez det egun ura aztua...
Uda-berriko igandebat zan,
illuna gareñatua,
anai-arreba danok etxean
eta aita ogeratua.
Egia lendik arkitzen zala
osasunez makaldua,
baña ikusirik bein eta berriz
txar ondoren suspertua,
ezin sinistu nun zitekenik
eriotza inguratua.
Ala tamalez, ordea, ta or
aita oso gaizkitua,
ta kristau zintzo beti izan zanez
Elizakoak artua.
Negar batean sendi guztia
oge-aurrean bildua,
beldurrez ura izango ote zan
bere azkeneko ordua.
Orduak... Gaur bai ordu luzeak...
Eta igarotzeko izua...!
Bederatziak... Gure aitaren
bizitza azkeneratua...!
Begiak itxi zaizkio, indarrak
jun... Aoa zabaldua,
itz egiteko ez baña «Jesus»,
ainbat aldiz aitatua,
ez degu orain entzuten baizik
aizeaz egarritua.
Gelan, aitaren zurrungarekin
gure negarra nastua...
Maitxo batean gurutzearen
aurrean kandel pixtua.
Belaunikatu guziok, ta asi
degu eskari sutsua
ludi ontatik besteratzean
iritxi dezan zerua.
Gure otoitzak amaitzerako
ixildu da arnas soñua
soin eta gogo alkar lotutzen
zitun aria, askatua...!
Ill da aita, ainbeste maite ginduna,
guk ainbeste maitatua...!
Bederatzi ta erdiak ziran...
Ni, ume-zurtz geratua...
Or dago soiña luze, geldi, ixil,
or gure aita amaitua
itzal begiak, aoa zabal,
arpegia zurbildua,
bular gañean eskuak, bata
bestearekin batua
eta erdian, babes goxoan,
Jesus gurutziltzatua.
Gogoa, jun zan; Zu'ganatu da,
Jaungoiko errukitsua...
Arren, aitari eman, amaren
albo, zeruan lekua...!
* * *
Dezakedanez oraindik gero
au ere debekatua,
zurekin egon nai det, zaitudan
nigan txit ondo sartua;
ta eundaka aldiz ikusi zure
esku, arpegi, burua...
Aita, baña aita, ara emen ni
zure seme kuttuntxua...
Aita, aitatxo, itz egidazu,
ez zaitez orla ixildua,
asko degu-ta biok oraindik
esateko gelditua...
Amets txar bat len izan det, ta zu
ez illa, lotaratua
zaude, aitatxo: neke-larrien
ondorengo lo gozua.
Ara...! esango nuke mugitu
dezula orain eskua...!
Baña ez, nere naia zan, dana
irudipenak sortua.
Utzi gaituzu betiko, aita...
Aita, utzi dezu mundua...
* * *
Biotza miñez lertu-zorian
ta burua zoratua,
gertatzen dana sinistu bear,
eta ezin sinistua...
Amaitu zaizkit betiko bere
goiz-arratseko musua...
Sutondoko ipui, bere itzal aundi
ta aolku... dana galdua...!
Gaur arte, bere babesean, nor
ni bezin zoriontsua?
Gaurtandik, berriz, ara nun naizen
lagundik gabeko itsua.
Orain... Ta gero...? Zer egingo det,
ardi artzaigabetua...?
Gero ta gero etxeratuko
naizenean samindua,
danak aitatzaz itz egingo dit,
danean bere kutsua,
bañan aurrera utsa egongo
gure etxeko mai-burua...
Gizona ez da beti lurrean
bizitu dedin sortua;
emen bidazti bakarrik gera,
zerua atseden-lekua;
zeru-lurraren Jaun eta Jabe
Zu bakarrik, Jaungoikua.
Ez da erortzen osto bat ere
ez ba'da Zuk agindua.
Orla dezu gaur gure aita-re
betiko Zu'ganatua.
Ludian aita nun dana: lagun,
maisu, ama-ordezkua...
Nere biotza ain zegon sendo
berearekin lotua...,
ta orain ondo dakuszu, Jesus
bakar-miñez urratua.
Zure naia zan, ta onetsia
bedi Zure izen Santua.
II
Eta nola aita ez da egongo
nere biotz-muñ-muñean...?
Bi urte nitun bakarrik ama
zerura joan zanean,
ta ezagutu gabeko utsa
nabaitzen det barrenean,
Ta amaren altzo, otoiz, musurik
ez da oroimen nerean;
ez lo artzeko kantu goxorik, ez ipuirik esnatzean...
(Aur txikientzat arnasa bezin
bearreko gauz oietan
nola odaindu zor au...? arrebak
nitun «ama» urte aietan)
Jauna, ordea, nitzaz erruki,
ta ez nendin illunpean
aita bat eman nolako aita!
aurtzaroa argitu zezan.
Amaren babes goxoa gabe
nintzala ikusi zunean
eta zeruan zegonak ere
ontzat emango ustean,
txokorik xamur-beroena autu
zun neretzat biotzean.
Barru-barruan ondo jaso-ta
dauzkaten oroimenetan
aita dakust, bai nere aurtzaro,
bai gaztaroko urteetan
«txalo-pin-txalo» nere eskutxoak
arturik bere eskuetan;
belaunetara igo, eseri,
ta gañean zaldiketan;
edesti ta ipui, abesti ta abar...
Ta maian, jatorduetan,
ta sutondora inguratzean
neguko illunabarretan,
bere ondoan ni egotea
atsegin gendun benetan.
Ta udaran biok etxe-aurreko
exer-lekuan izketan;
ta egurasten Sagartzazu ta
sagardiko bazterretan...
Ta giza-bide onean ibil
nendin, ordu guzietan
zenbat aolku eder ereintzen
nigan, itz goxoenetan...!
Bai, ezagutu ez nun amaren
babesaren ordañetan,
aitak senide guziok maite,
kuttunena ni danetan...
III
Amabost urte nereak, aita,
amatxo'n aldamenera
gure ondotik jun ziñanean
betiko saria artzera.
Amabost urte: aurtzaroa utzi
ta gizon naian astera,
jostalluaren baztertzea ta
griña txarren esnaera;
zu geien bear zindun aroan,
ta ikusiko ez aurrera...!
Baña ereiñ zendun azia
sartu biotz-sakonera,
ta sendotuaz jun dira zañak
egunetik egunera.
Ogei ta amalau urte abetan
zenbat jardun-aldi gera
biok egiñak ixill-itzetan
biotzetik biotzera...!
Zenbat bider, bai, bakardadean
nengola etorri zera
zure aotik irten zan azken
aolkua berritzera...:
gelan zu ta ni bakarrik geunden;
egun, zu illtzeko bezpera.
Zuk, ludia ta ludiko gauzak
utzirik alde batera,
asmo beroen, lei bizienak
jarriak zeru aldera:
ixilik otoitz eta otoitz, bat
egin ta bestea astera.
Ni, nakusena egizko, edo
guztia ametsen antzera
ote zan nion nere artean,
josiak ankak lurrera,
biotza estu, zoro burua
gelatik ezin atera...
Ontan, otoitzak utzi, begiak
jarri ni nengoenera,
ta nere izena irten zitzaizun
ez nitzun entzungo ostera:
«Seme, bi itz esan nai dizkit orain,
eta ator, ator onera.
Jaunaren naia dek, eta uzten aut;
gaztetxo uzten gañera...
Nolako izango aizen, ekingo
ote dioken txarrera...:
nere zalantza; ta kentzearren
deitu dit bi itz esatera.
Bizitza ez dek ik orain uste
deken bezela, bai zera...
Laister aiz orain dituken amets
oietatik esnatzera,
ta esnatzean, beti zerurontz
begiratu, ez lurrera.
Gaiztakeria an-emen zegok...
Gizon jator izatera
etorri baño len, lan astunak
irtengo zaizkit bidera.
Izerdi-nekez egitekoaz
gañera, badek beste era,
burruka bizi bat ez gaitzaten
griñak bultza gaizpidera;
gau ta egunez eta edonun
etsaia zirikatzera
etorriko zaik; prest egon bada
beti gogor egitera.
Lan abek zenbat aldiz biotza
jartzen ditek adoltzera...
Baña ez aztu, seme, lanaren
ondoren dala alogera,
bai ludi ontan lenengoz, eta
bai zeruan atzenera.
Lagunak... A, zer garrantzi duten...
Onen artean aukera,
bada sarritan bere gain zegok
gizonaren izaera.
Estu-aldian otoitz, zeruak
entzun dezan eskaera;
gu, bai ama ta bai ni-re, izango
gaituk andik laguntzera...
Nekeaz ezin geiago esan,
ta ba'niak amaitzera:
anaiak dituk nere ordezko,
jari beren esanera...
Leiatuko aiz, noski, aitaren
aginduak betetzera...?»
Itz abek, une aiek... Bai bizkor
sartu nere barrenera...!
Ta nakusenez asaldatu-ta,
zoratuaren antzera,
erantzun naita alperrik: itzik
ezin igo ezpañera...
Noiz-bait: «Bai, jauna, egingo ditut»
izan zan erantzuera.
Orduan nere burua artu zuk
esku biekin batera,
jarri eztiro kopeta zure
ezpañekin ikutzera,
musu luze bat azkenekoa...!
ta «Bai, bai, oraingo itzera
beti jarriko aizen ustean
negok; ez egin atzera...!
Ta orain nere onespena iri...»
Amaitu zan jarduera.
Malko mardulak zijoazkidan
arpegian goitik-bera
gelatik irten nintzanean, ta
buru-biotza lertzera.
IV
Bai, aita maite, amabost urte
besterik ez nitunarren
betiko utzi ninduzunean
malko garratzak ixurtzen,
amabost urte aietan biok
ain giñan bat bestearen,
ain nere biotz-mami-mamian
zearo sarturik zeunden,
zeruan artu ba'zendun ere
beti-betiko atseden
ez orregatik nere biotza
utzi, ez nigangik irten
Irten...? Ez, bizi naizen artean
nerekin egongo emen
beste garaian bezela gure
lengo kontuak berritzen
ta nundik-nora kristau-bidean
joan, neri erakusten.
Irten...? Ez ditut bada zure itzak
eun aldiz biotz-barrenen
entzun, itz ixil baña sarkorrak,
maiteki neri laguntzen,
griña gaiztoak bein eta berriz
nindutela zirikatzen...?
Orain... ikusten dezu: nik aita
deitzen nizun bezela len,
iru seme ta bi alabatxok
didate gaur neri deitzen;
orduan maite ninduzun eran
nik orain berak maitatzen;
etxeko beren jolas ta kontu
neretzat jairik ederren;
beren onuraz diran lanetan,
lan eta neke arintzen;
ta geroari begira beti,
oker txikiak zuzentzen
egun batean gizon ta andre on,
egizko kristau ditezen.
Lan aundi, astun, garrantzikoa,
bañan gozoa, ta lenen
guraso geran guztiok bete
bear deguna txit zuzen.
Baña lan ontan ari naizela
sarri eztabaidak sortzen;
asmatu naiak berak askotan
zalantzak neri ekartzen...
Jauna'ren urren, orlakoetan
zugan det nere itxaropen.
Biok dakigun izkuntz goxoan
zenbat aldiz nik galdetzen,
bizitzak ditun biurrikeri
ta pauso txar ez dakiten
nere semetxo ta alabatxoei,
onena zer ote zaen;
nere aurtxoa ni izango ba'nintz,
zer aginduko zenduken...
Eta egia zure esanera
jartzeaz ez naiz damutzen...
Ara nun, aita, giza-bidean
neri lagundu ondoren,
nik orain nere txiki kuttunak
zure erakuspean jartzen,
billobak ere nik bezelaxe
zuzendaritzat zaitzaten.
|