L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1964 III-IV Udazkena (1964-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Kantak

 

Etxaniz'tar N.

 

 

1) Martintxo

 

          LELOA:

Martintxo! Martintxo!

Gure pittirrintxo!

Martintxo! Martintxo!

Oraindik txikitxo.

 

          AHAPALDIAK:

Amaren bularretik

xurgatzen du goxo.

Martintxo! Martintxo!

Gure arkakoxo.

 

Egunez lo eginda,

negarrez gabero.

Martintxo! Martintxo!

Gure artabero.

 

Amari loa kentzen

mutilla da oso.

Martintxo! Martintxo!

Mutiko maiñoso.

 

 

2) Betiko

 

Begiak malkoetan,

biotza naigabez,

emen naukazu, maite,

zu ikusi eziñez.

Begiak malkoetan,

biotza naigabez,

zure oroitzak nauka

biotzeko miñez.

 

Egunak luze dira,

gabak lorik gabe;

kezka larria daukat

nere biotz-jabe.

Egunak luze dira,

gabak lorik gabe;

maitasunak egin nau

ni zure mirabe.

 

Itxasoko olatuak

zure galdez dira;

apar zuria dute

arro eguzkira.

Itxasoko olatuak

zure galdez dira;

nere burutapenak

zugana urrutira.

 

Ain minbera dituzu

biotzen zauriak!...

Ixillik lotzen zaitu

maite-lokarriak.

Ain minbera dituzu

biotzen zauriak!...

Urrutitik aditzen

ditut intziriak.

 

Zapalduko dituzu

lur ez-ezagunak;

burutikan joango

zaizkitzu lagunak.

Zapalduko dituzu

lur ez-ezagunak.

Baiña nik ezin aztu

gure maite-egunak

 

Lurpean ustelduko

dira nere ezurrak;

elurrak zurituko

dizkigu gaillurrak.

Lurpean ustelduko

dira nere ezurrak;

baiña nun-nai jarraiko

dizu nere agurrak!

 

 

3) Miru moko-legorra

 

Txio, txio, mirua;

jan bear dit txitua.

—Nundik dabil oillua?

—Oillotegin sartua.

 

Klu, klu, klu, oillo-lokak,

miruaren alakak;

oilloka-azpira

igesi txitakumak.

 

Miru, miru, mirua!

jan nai luke txitua,

onek lokaren azpi

gorde ezpalu mokua.

 

Klu, klu, klu, oillo-lokak,

mirua da atzaparka

Ez iriki aterik,

jan etzaitzan bizirik.

 

.........................

 

Miru, miru, mirua!

joan zaizu txitua;

eztaukazu ikusirik

zure mokau galdua.

 

 

4) Pandero zarra

 

Pandero zarraren otsak,

alaitzen ditu biotzak,

gure gazte-jendeari

kenduz dantzarako lotsak

 

Pandero zarra ta alboka,

biak ari gera joka.

Gazte-jendeak or dauka

bere biotzen azoka.

 

Pandero-joille gaztea,

nun dezu adixkidea?

Mari Iñazi'kin dantzatzen

ari da lotsagabea.

 

Pandero zarra jo ta jo,

ez det entzuten geiago.

Ganbarako baztar baten

aztu ta, negarrez dago.

 

Pandero zarra, tarrantan

katuak atzaparretan.

Urratuta utzi digu

bart goizeko iruretan.

 

 

5) Oi, oillotxo txuria

 

Oi, oillotxo txuria

Oillotxo jostuna!

Josi ta josi aren

lan-egun astuna.

 

Norentzat ari zera,

oillotxo txuria?

Nere txitoarentzat

egiten jantzia.

 

Sasi artean dauka

egoa lotua.

Nork askatuko ote-du

ankatxo nastua?

 

Negar ta negar dago

malkotan urtua.

Malkotan gelditu da

gaixoa itxutua.

 

Nun da nere aria?

Nun det jostarratza?

Iñork eztu entzuten

aren dei garratza.

 

Zabiltza jira-bira

itzul-inguruan;

arkituko dituzu

saskitxo ondoan.

 

Itzul-inguru dabil oillotxo txuria.

Txorabiotan galdu bear du burua.

 

 

6) Errekatxo kantaria

 

Errekatxo kantari,

gulu gulu gulu;

aurtxoak inguruan

jostatu oi-degu.

 

Gulu gulu gulu gu,

gulu gulu gulu;

errekatxoak an du

bere zurru-murru.

 

Aurtxoak lore bana

dute eskuetan,

bildua inguruko

zelai ederretan.

 

Orra nik larros gorri;

orra nik lilia,

errekatxoari

pozik eskeiñia.

 

Ur lasterrarekin

doaz guziak...

larrosa gorri eta

lili txuriak.

 

Oa errekatxo,

lorez jantzia!

Ametsez bete dek

ire bizia!

 

Loretxoak, —ai ene!—, gulu gulu gulu...

 

Uretan —ai, gaixoak!— ondatu zaizkigu!

 

 

7) Panpin

 

Panpin!

Zenbat irin!

Panpin!

Jaunak jakin.

 

Pinpan!

Ura dabil

errotan,

gurpillarekin

pelotan.

 

Tranga-tranga,

txulora artoa.

Tranga-tranga,

or dator taloa.

 

Tranga-tranga,

txulora garia.

Tranga-tranga,

irin zuria.

 

Tranga-tranga,

errotaria.

Tranga-tranga,

labean ogia.

 

Panpin!

Zenbat irin!

Panpin

Jaunak jakin.

 

Pinpan!

Zeruko aitak

euria.

Izango degu etxean

eguneroko

ogia.

 

 

8) Esne saltzaillea

 

Bidean zijoan pinpirin-pirin

esne-saltzaille liraiña,

esku batean ontzia...

Ba-zirudian panpiña.

—«Esne onekin txanpon mordoxka

bereala det egiña;

txanpon oiekin oillanda ta arrautz

eta antxume bat ariña».

 

«Ardiak ere erosi eta

artilla saldu auzuan.

Ai, zenbat diru bilduko dedan

urte gutxiren buruan!

Nere diruen otsa zabaldu

bezin laster, inguruan

Errege-seme batek artuko

nau emaztetzat ondoan.»

 

Esne-saltzaille liraiñarekin

ametsak doaz bidean

—«Erregin-etxe zoragarria

eskeiñiko dit dotean.

Morroi-neskame ta ainbat soiñeko

izango ditut etxean.

Nik baiño zori ederragorik

eztu izango iñork lurrean.»

 

Pozaren-pozez salto ta brinko

asi da nexka gaixoa,

ta irrist egiñaz lurrean ausi

zaio ontzi lurrezkoa:

—«Ai, nere oillanda ta ardi!

Ai, Erregin-soiñekoa!»

Orrela galdu oi-da munduan

ametsak jasotakoa.

 

 

9) Umezurtza

 

Kale zokoan illun da gogor euria;

ate ondoan aur bat da otzak josia.

Umezurtxoak aterpe epelik iñun ez;

Aingerutxoa bere ondoan negarrez.

 

Ipar aizeak kale zokoan intziri;

euri ur tantak oiñazez malko itzuli.

 

Ama zerutik semetxoari begira:

—«Aingerutxu, oi! Ekark semea zerura.»

—«Autxo maiea, amarengana igo nai?»

—Aurtxo gaixoak Aingeruari: «Ene, bai!»

 

Egan da egan, zeruruntz Aingerutxoa;

egan da egan, arekin ume gaixoa.

 

Zeru bidean izartxoak aiengana:

—«Bai ume ederra zerura gaur dijoana!»

 

Zeru atean ama laztana bien zai;

seme kuttuna bere besotan artu nai.

 

....................

 

Kale zokoan illun da gogor euria.

Ama-semeak goian betiko zoria!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.