Jesus'en zazpi azken itzak
Irisarri
1. Aita, barka zaiezu, zer ari diren eztakite-ta
I
Zeru-lur artean Jesus jaso dute,
ta gero berari azpitik begira
irriz ari zaizko guziak batera,
eupaka, ixeka zernai badarauste.
«Jainkoa du Aita (berak ala uste!),
ongi nai badio, hel bekio Bera.
Baldin Israelgo errege bazera,
eup! abe ortatik jautsi egin zaite.
Baldin Jauretxea urratu ta berriz
iru egunetan gora badaikezu,
eup! zeure burua aska zazu lenen!»
Jesusek guzia entzun ta errukiz
Aitari otoiztu: «Oi, barka zaiezu!
Aita, eztakite zer ari diraden».
II
Jauna, bai nik ere bein baino maizago
gurutzean zaitut josi ta itxiki
nik zure saietsa sastaka idiki
ta zure gorputza urratu zearo.
Nik zure burua elorriz igaro
ta anbat listu likits musurat aurtiki:
nik zure odola oinpean aurizki,
ta zuri irri egin ta bai zaplaka jo.
Gurutzeko Jesus, urrikal nakizu!
orduan itsurik nenbilen zearka,
zentzua galdu ta erotua nintzen.
Aitaren aurrean neretzat egizu
otoitz berau: «Aita, barka zozu, barka:
etzakien orrek ere zer ari zen».
2. Gaur egongo zera nerekin paradisuan
I
Ezker-eskuinetik gaizkile tzar bana,
bitartean Jesus dago iltzaturik;
ta biotako bat, amorruz suturik,
irainka ari zaio, bai gaizto alaina!
Bertzeak ordean Jesus ain otzana,
ain gozo jasankor, apal nabaiturik,
igarri du goiko argiz argiturik
eztela gizon uts aldean daukana.
Ta ari begiratuz: «Oi Jesus, ziotson,
zure jaurerrira eldu zeranean,
oroit zaite nitaz, gogoan naukazu!»
Ta Jesusek bertan: «Bai, euzu biotz on!
egiaz ta zinez nerekin batean
gaur paradisuan egongo zera zu».
II
Oi Jesus, gugatik gurutzean ila!
zure jaurerrira igan zinen zu bai
ta Aitaten aldean iarririkan orai
zeru goian zaude Errege ezin-ila.
Berriz etorriko zera nere bila
bizi osoaren kontu-artzale ernai,
eta nik zugana bearko nai t'ez nai;
oi ordu artako kezka ta naspila!
Nere eriotzean atozkit aldera,
ateka gaitz artan eskua indazu,
oroit zaite nitaz, Jesus biotz-bera!
Ta, lapur onari bezela, orduan
neri ere otoi otoi! erradazu:
«Gaur egongo zera nerekin zeruan».
3. Andrea, orra or zure semea Orra or zure ama
I
Jesus mintzo zaio Amari erranez:
«Begira, ni laster ilko naiz, Andrea;
nere ordez orra or zure semea,
nere apostolu maiteen Joanes».
Ta apostolu orri: «Zuk ere ordainez
zure amatako or duzu nerea;
gaurtik orren seme zu izan zaitea,
zain zazu ta maita seme on izanez».
«Orra zure Ama!» Itz orren eztia!
apostolu orren zorion andia!
Jesus'en Ama du geroztik amatzat.
Dudan nik, oi Jesus, orrenbertze zori:
nitaz erraiozu Amari orobat:
«Andrea, orra or zure seme ori!»
II
«Baiki, ene kristau, orra zure ama,
nere Ama bera, inon den onena;
egiazko bizi Evak il zuena
nerekin berriro eman dizun ama.
Min-gabe zen egin ori nere Ama
Belen'en, orduan orren zoramena!
orain orrenbat min oinazez etena
egin da Kalbari-mendin zure ama.
Ez ahantzi bada ama orren minez!
oroit beti orren nigar intzirinez!
maita-maita zazu neronek bezela!
Ta zu, ene Ama, Ama ezti ori,
zakizkie ama kristau guziori;
ezagun bekizu ama zaituztela».
4. Yainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?
I
Eguerdia zen Jesus iltzatzean;
ta ara! iguzkia bet-betan itzali,
bazter orotara iluna zabali,
ezer ez ageri urrun ez aldean.
Iguzkiak gurutz' orren aitzinean
aurpegia lotsaz du noski estali;
argirik eztu nai lurrerat bidali,
alako gaizkia egin baitute an.
Jendeak or daude ikara ta daldal;
orain bular-joka, aiez, buru apal
zein beren etxera menditikan jausten.
Jesusek ilunbe beltz oien artetik
«Jainko, ene Jainko» dio gurutzetik,
«zerengatik nauzu bertanbera uzten?»
II
Gure bekatuak bere gain jasanik
ortxe dago Jesus obendun bezela;
gu bekatarion soineko zitela
jauntzi du, eztauka Jainko-aztarrenik.
Ta zeruko Aitak, ori autemanik,
badirudi ezin ikus dezakela,
iguinez ta nardaz itzuli duela
bere aurpegia erabat arganik.
Urkamendi ortan gaixtagin antzora
ta minez biurka dagoen Kristori
axolik eztio Aitak erakusten.
Argatik du arek egin heiagora:
«Non gorde zatzaizkit, oi ene Jainko ori?
ta zergatik nauzu onela zapuzten?»
5. Egarri naiz!
I
«Egarri naiz!» dio Kristok behera so;
alta berak ditu sortzen ur biziak
ta betezen inon diren urtegiak
iturri, erreka, ibai ta itsaso.
«Egarri naiz!» Alta berak jauts-arazo
oi ditu zerutik elur intz euriak,
asetzen bizidun ta leku guziak
abere, landare, bai mendi ta baso.
«Egarri naiz!» Alta berak ura nasai
arkaitz gogorretik erauzi zioten
beinola mortuan judu egarriai.
Zeruan bera da ezin agor daiten
bizitze-iturri, sainduen edangai;
t'orain «Egarri naiz!» berak otsegiten.
II
Jesus onak anbat odol galdu baitu,
anbertze izerdi ta nigar goiz artan,
anbat urrats egin, anbat neke jasan...
azkenerat orra guziz egarritu.
Gure neke, bear, gaitz oro nai ditu
ark bere gain artu ta berak eraman;
oien eramaten guk ikas genezan,
bide ori berak lenik ibili du.
Egarri da Jesus! Ta ur garbi orde
beazun ozpinak eradan diozte,
barnea ta agoa kirastuz orrela.
Gu berriz nekerik arinenen beldur,
edozein ez-aldi jasateko uzkur...
guk aise bizi nai, Kristo ez bezela.
6. Guzia amaitu da
I
«Oro amaitu da!» Bai, Jesus laztana,
zuk bukatu duzu guzia egoki
ta deus utzi gabe burutu zintzoki
egiteko Aitak eman zizun lana.
Egiztatu duzu profeten errana:
gu etsaien-petik lokabe idoki
ta Aitari biurtu diozu osoki
gure bekatuek zor zuten ordaina.
Zabaldu diguzu zeruko atea,
ebaki ta leundu arako bidea,
etsaia erabat autsi ta garaitu.
Zure bizitzari orain begiratuz
erran dezakezu egiaz ta gertuz
«Lanak egin ditut ta oro amaitu!
II
«Oro amaitu da!» (nik ere alaber
erran bear noizpait) «eldu naiz mugarat
Herio badator, bizia badoat,
ta nere gorputz au obian da laster.
Lur gaineko zerak, itsusi naiz eder,
samin ala gozo, akitu neretzat
aide, adiskide, lagunak berebat,
nerekin ezpaitut eramango ezer».
Ta arimak erranean ote Jesusekin
«Oro amaitu da! lanak ongi egin
ta zerura orain sari eske noa»?
Ala erran bear: «Alfer bizi izan naiz,
zerurako eztut ezer egin garaiz:
betiko galdu naiz, galdu dut Jainkoa»?
7. Aita, zure eskuetan ezartzen dut nere arima
I
Atsaldeko iru orduak izaki
Kristok eriotza urbil dela auteman
ta «Nere arima au zure esku oietan
ezartzen dut, Aita» erran du goraki.
Bere gogoz il da, berak erabaki
ta lendik autatu zuen ordu artan;
biotz eder ura lotu da bet-betan,
burua makurtu, begiak itzali.
Arima-gorputzak berezi dirade,
zein bere tokian banan-banan daude;
Jainkoak alere biekin badirau.
Il nadin ni ere, Jesus, bereola,
zeruko Aitari mintzo natzaiola
«Zure eskuetan dut ezartzen arima au».
II
Arritzeko gauza! Il da Jesus ona,
Il da biziaren iturburu dena,
bizidun guziei bizia diena;
Il da betidanik bizirik dagona.
Oinazetan il da, Jainko ta gizona,
oinazerik ezin ikus dezakena;
il da ilak ere pizten dituena,
il da ilak ere bizi zaizkiona.
Il da bai! Alere kontsola gaitezen
gorputz saindu ori lurpean gorderik
ezta usteldu ta errauts itzuliko.
Ildoan erein den gari-alea zen
iru egun gabe biziro ernerik,
jaikiko da berriz ta mardul aziko.
|