Olerkiak
N. Etxaniz
Zugaitz bustia
Euria atertu da...
Errekaldeko errotak,
gainean ditu
zeruko laiño-pelotak.
Bidetan euri-potzuak...
atertutako euriak
utzi dizkigun
zeru-ispillu argiak.
Udazkena eldu da
dio zerutik goibelak
eta malkotan
dijoaz biotz-orbelak.
Meza berri egunean
Oparitxo bat dezu...
Biotza barruan!
Aingeruak zerutik
jai dute zeruan.
Egun aundi orretan,
gaitzazu goguan!
Ezpaidu edozeinek
Jainkoa eskuan!
Belen-giro
Ai, palmondoak
Belen'en asarre,
aize zoroetan
dantzan tai gabe.
Zaudete ixillik!
Kontuz, oiñ-otsak!
Lotan dago Aurra.
Ixo, biotzak!
.................
Artzaiok, oiu!
Poz, mendi-ibarrok!
Mari'ren Aur Artzaia
izen-zai dago.
Erreka pol-polak,
esne txuritan!
Arkuxneak jauzka,
soiñu iturriak;
ta txori-kantaz alai
mendi ta baso.
Mari'ren Aur Artzaia,
izen-zai dago.
Taka-taka
Zapatari, zapatari,
beti taka-taka-taka...
Tiki-taka, tiki-taka
eman oiñetakoari.
Zapatari, zapatari,
zula beti narru zarra,
naiz ta okertu bizkarra,
noizean bein zurrutari.
Zapatari ondatzaille,
tiki-taka maillu-otsa,
ire lana ez dek motza,
obe uke motxaille.
Zapatari galtza-urdin,
ixkillapeko sorgin,
ire lana ikusita,
asarre dek San Krixpin.
Bidekoa
Ba-dijoa Maria
zelaitan barrena,
lore-bide txuria
sortuaz, Belen'a.
Lizarpe batean du
bere atsedena,
aruntza dator egan
Aingeru goiena.
Zer dakartzu, Gabriel,
aingeru argia?
Emen bizi ote-dan
Andre eder, Maria.
Lizarpea, argizko
lorez da josia;
zeruak aditu du
Jainko-goiantzia.
Sagasti berritikan
degu landarea;
kantari du errekak
daraman bidea;
sagar-loretik dator
zeruko Alea;
Andre Maria'k ba-du .
Jainko dan Semea.
Udazkena
Orbelak goltik bera datoz.
Ziruliruli... lurra
bete zaigu ostoz.
Nun dago Erregiña,
ta aren mirabeak?
Ziruliru... errekak
orbelez beteak.
Ego-aizeak jo du
aurtengo larrosa...
Orra nola dijoan
mundutarren poza!
|