L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 II (1959-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Ederra

 

Luis Mitxelena

 

(Egan, 1956, 2)

 

        «Egiazko lirika, izen orren duin dena alegia —ezpaita aski itzak lerro lerro banatzea—, da noski giza-mintzoak menderatu duen gaillurrik garaiena. Soilla eta apaingarririk gabea delako gutxiagok ezagut eta goza ba'dezakete ere, ezta sortu itzen bidez, bere utsean, ezta sortuko ere, poesia barrenkoi eta bakan orren antzekorik. Soiñuz, musika dirudi, eta musika baiño askozaz ornituagoa ageri da gogoetaz.

        »Gurean, beste nonnai bezala, eztira asko izan egiazko lirikoak. Lotsarik gabe aitor dezakegu. Eta norbait autatu bearrean, Lizardi autatuko genduke askok, iñori ezer kendu gabe, euskal-lirikaren ezaugarritzat.

        »Uste baiño geiago zor diogu Lizardi'ri. Berak jantzi eta biztu digu, aurrenik, euskal-lurraldea. Edertasun berriz estali digula esan al dugu, edo-ta gordean zegoen edertasuna idoro eta ager-arazi duela? Dena dela, inguruan izango ditugu aurrerantzean ark biztu zituen itxura xotillak: Udaberri neskatxa, urdiñez jantzia, basoak maitea; goizegi karraxika asi zaion otalore eziñegona; Uda, mendiaren eguerdia; Negu agurea; Itzal beltxerana, Baso'ren umea; Jaun Iguzki orailla, legorteen aita; bere ama, Gau naroa, ezagutzen eztuen Egun begi-urdiña; Pago pertxenta gaztea; lurrezko jauregian bizi den Kilker olerkari arlotea; Urretxindor adiskidearen ilkizunetara berandu beldurrez leiatzen diren txori-saldoak, eta ainbeste ta ainbeste.

        »Maitagarri bearrean zen oraindik Lizardi asi-berri artan; laster sortu zuen orratik, bere baitarik, Chaho'k eta Arakistain'ek asma zezaketen baiño Mitologia jatorragoa eta, bere-berea zuelarik, gureagoa. Eta orrenbeste gipuzkoar langille alkarren leian ari ba'zaizkigu ere, oraingo gisan, mendiak murrizten —edo geienez piñu beltzez jazten—, eztute, egiñalak egin arren, Lizardi'k utzi zigun baso antzaldatua soilduko, arako leioak itxitako jauregia dirudien ura, atsedenaren eliza, gau argi izarrez josia goian eta ur berdeak—-izar irudiz zirtatuak— beean dituena.»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.