Bere gustuak onesten ustetsiko zaituenak esku zartaka goretsiko ditu zureak.
Horazio (Ad Scaevam)
Ahalkekorra
Ez dakit hiltzen begiratzen bazait...
Molière (Le Dépit Amoureux)
Kritika eredu bat
Dionisiok, Joko Olympikoen aroaz, bertze guziak handitasunez gainditzen zituzten orgetan, poetak eta soinulariak bidali zituen bere poemen ozentzeko, erregeki oihaleztatu eta urreztatu denda eta gelekin. Ahoskeraren faboreak eta soinuaren bikaintasunak erakarri zuen hasieran jendearen entzumena; baina, eginaren eskasia pisatu zuelarik, lehenik gutiesteari lotu, eta, bere ustea gero eta ozpinago bilakatuz, berehala kolerari, eta errabiaz lasterka joan ziren haren muntaketa aberatsaren desegitera eta urratzera. Eta gero, nola haren orgek galdu baitzuten lasterraldian, eta haren ontzia galernak zehakatu baitzuen, denek egiatzat zeukaten Jainkoen kolera zela, publikoa bezala, poema txar haien kontra suminduak baitziren. Hondamenetik itzuri marinelak ere jendearekin ados ziren.