L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-4 (1993) —Hurrengo artikulua




 

 

Zazpikuna edo astekaria

 

Ametzegi

 

         1

Hirur eta laur

Laur eta hirur

Hiruretik

Lauretara

Eta lauretik

Zazpitara.

 

         2

Hastapenean aste

Asteak badu haste:

aste lehena bata

aste artea biga

eta herena

aste azkena.

 

         3

Hirurez hirur, nora?

Bederatzitan

hogei'ta zazpira

eta hamarretan

hogei'ta hamarrera.

 

         4

Il betean aldiz

bi edo laur zatiz

ez hortaraino

edo behar oraino

hogei'ta zortziraino

 

         5

Laugarrenetako

hor da lauren bata

larunbata

ed'egun bakoitza

ebiakoitza.

 

         6

Laurez lehen astea:

aste lehena bata

aste artea biga

heren aste-azkena

azkenik lauren bata.

 

         7

Erroman eliza nagusi

Badatxizka zazpi:

eta «Luneguna»

eta «Marteguna»

eta «Merkoreguna»

eta «Benereguna»

 

         8

Et'ororen gainera

judio «Xabatoa»

eta «Deus» jaunarena

da «dies dominica»

Hau erdal astettoa!

 

         9

Edo zazpitan laur

edo lauretan zazpi,

hogei'ta zortzi beti.

Edo erdal aste haur

hartu

edo euskaldu.

 

         10

Ez «Deus» ez «Jobe»

eztira gure:

Bu Urtziak ortzeguna!

Bortzgarrenik gero

bego ortziralea!

 

         11

Zuzen bai bitxiago

Huna seigarreneko

laurdena: larunbata

edo berdin berdina

bakoitza: ebiakoitza.

 

         12

Ez Deus ez Jobe

eztira gure!

Zazpigarrenetako

Urtzi jaun berriarena

elizarat igaiteko

igandea.

 

         13

Hirur eta laur

laur eta hirur

lauretik zazpira

lauretan zazpitik

hogei'ta zortzira,

euskaldun il betera.

 

         14

Aste lehena bata

aste artea biga

herena aste-azkena

laurgarren ortzeguna

ortzirale bortzgarrena

seigarren larunbata

edo ebiakoitza

et'azkenik bihoa

igandea!

 

Otxobiren moldean, 1989ko ostaroan,

ortzegun goizalde batez.

 

 

 

Usoak

 

Noek arkatik

askatu hinduen ezkero

berri onen emaile

izan hintzan,

bizi eta bakearen

iragarle...

 

Baina egun batez

—Jaunak eman, Jaunak ekhendu?—

oihanetako parabisutik

bidali hinduten

suzko ezpatadun aingeruek

baita kondenatu

hiriko arka ustel honen

gizakiarekin partitzerat ere.

 

Orain egunero

uxatu behar haut

ene leiho hegitik,

eta egunero itzultzen haiz,

hiri luma zikin, istiltsuak

apur bat lohiago,

oliba adarrik gabe

mokoan,

hire begi gorri eriekin

zain dudan infernua

iragarriz.

 

 

 

Eta beste bat

 

Nola ez dira, bada,

ilunak izanen olerkiok,

izkiriatzen baduk

inork gutik konpreni dezakeen

hizkera huntan?

 

Hire deithoreak ez dituk inolaz

entzungor dagianaren

beharrirat helduko,

horrek ezpaitantzu

dilindan daraman arrakadaren

kriskitina baizik.

 

Agian egun argiz

idazterat,

ez huke hosto zuririk

tristezia ulerkaitzez

istilduko,

bainan logabetarsunak

ebatsi izan dizkik

golkoan atxiki

ametsak oro...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.