L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-2 (1992) —<maza0211>




 

 

Luma airosen markak

 

 

Kausa

 

Ezra Pound

 

Lau lagunentzat biltzen ditut solas hauek

Gehiagokoren batek aditu dituke,

O mundu, zuregatik dut pena,

Zuk ez dituzu lau horiek ezagutzen.

 

 

Potretarena

 

Ambroise Paré

(Des monstres)

 

Printzesa erditu zen haur beltz batez, eta adulteriogatik akusatua zenean, Hipokratesi esker libratu zen, honek esplikatu baitzuen fenomenua ohe ondoan zegoen gizon beltz baten erretratuaren eraginaz.

 

 

Zuzenbide erromatar hutsa

 

Tacitus

(Annales)

 

Prezedenterik gabeko gauza omen zen neskato birjin baten urkatzea, eta, horregatik, erabaki zuten borreroak bortxa eta urra zezala urkatokian berean.

 

 

"Oaxaca"

 

Lowry

(Under The Volcano)

 

Bihotz erdinabatu bezalako hitza, erauntsi minean ezkila itoen bapateko errepika, desertuan egarri xuriaz hiltzen doanaren hondarreko silabak.

 

 

Aspaldiko hondartza

 

Nabokov

(Speak Memory)

 

Zerbitzaria, konkordun bat zimur distiratsuekin, ur irakinez beteriko aspil bat zekarren, norberak oinak sartzen zituenekoa. Harengandik ikasi nuen, eta ordutik gorde oroimenaren beirinezko zelulan, "butterfly" euskal hizkuntzaz micoletea dela —edo horrela ematen zuen (hiztegietan aurkitu ditudan zazpi hitzen artean hurbilena micheletea da.)

 

 

Esperoaren kontra

 

Horacius

(Ad Lollium)

 

Has hadi: ongi jokatzeko tenorearen zaindariak

Iduri dik erreka pasatzeko noiz agortuko zain;

Baina jarioan duk eta izanen duk betirik beti.

 

 

Gure mundu bitxi hau

 

Sexto Enpiriko

(Pirronen Hipotiposiak)

 

Zikutak, adibidez, gizentzen ditu galeperrak, eta irabelarrak basurdeak, hauek, gainera, arrubioak jaten dituzte; oreinek animale pozoindunak eta ainarek eulinabarrak. Janez gero, xinaurriek eta zorriek hagitz ondorio txarrak eragin dizkiote gizakiari; hartza gaxotzen denean, ordea, poliki sendatzen da haiekin. Sugegorria seko lokartua gelditzen da haritz adaki batez ukitzearekin; xaguzarra igual-igual platanoaren hostoarekin. Elefantea tarrapatan lekutzen da ahariaren paretik; lehoia, berriz, oilarrarengandik; balea, aldiz, babak ehotzearekin egindako hotsetik; eta tigrea atabal durrundatik.

 

 

Nekadura

 

Céline

(Mort à crédit)

 

Hondarrean, aspertzen haiz zahartzeaz; etxeak, numeroak, trenak eta jendearen orrazkerak nola aldatzen diren ikusiz, denak hire esistentziaren inguruan. Hire sinpatia ere gastatzen eta higatzen ditek. Gaurgero, ez diat ganbiatu nahi. Banikek kexatzeko motiburik aski, gauza aunitz, baina gauza haiekin esposatua niagok; penagarria nauk, bazakiat, baina neure buruaz gustatua nauk, Sena usteldua dagoen neurri berean. Boladakoak gaituk, hori ezaguna duk, baina, dagoeneko, eta garenerako ere, aski duk.

 

 

Haurreria xarmanta

 

La Bruyère

(Les Caractéres)

 

Haurrak dira harroak, mespretxakorrak, kaskarrak, inbidiosak, kuriosak, makurrak, berekoiak, alferrak, kaskarinak, uzkurrak, gurmantak, gezurtiak, disimulatuak; aise egiten dute irri eta negar; badituzte sekulako alegrantziak eta berebiziko atsekabeak xabor ttiki batzuengatik; ez dute desplazerik sofritu nahi, eta sofriaraztea maite dute: alegia, jadanik helduak dira.

        Alferkeria, soraiotasuna, nagidura, beren bizio naturalak, erabat desagertzen dira beren jostaketetan, hor dira bizkor, erne, zehatz, arau eta simetriaren maitaleak, ez diote elkarri huts xehenik ere barkatzen; behin eta berriz hasten dira hutseginiko gauza bakarrean. Baitira dudaezinezko markak: noizbait, menturaz, eginbeharrak nolanahi eginen dituzte, baina plazerrendako ezer ere ez dute ahantziko.

 

 

Valhalako dibertsioak

 

S. Sturluson

 

Eta edaten ez dutenean?

        Borrokan aritzen dira elkar hil arte. Gero, bazkaltzeko tenorean, berpizten dira eta hasten dira berriz xurrutean.

 

 

Amodioaren aroak

 

A. Llanos

 

Hiru dira: lehenbizikoa elkar maitatzea, bigarrena desiratzea eta hirugarrena atzentzea. Lehenik laguna behar dugu, gero maitalea, hondarrekoan lehena eta bigarrena ahantzaraziko dizkigun emakumeren bat.

 

 

De sobrietate

 

W.H. Davies

 

Bizitzeko jaten dudala egia da xoil, baina

Edateko nola bizi naizen badaukat ageriaren ageri;

Haragi eta ogizko uharte ttipitto

Garagardo apartzuzko itsas hondar gabean.

Eta berdinduko naiz ontsatto asea.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.